“Gure familiak frontean, sotoetan, errefuxiatuta,… daude. Laguntza behar dugu”

0
1998

Viktoria eta Tania ukrainiarrak Arrasaten bizi dira, eta gerraren ankerkeriak azaldu dizkigute. Laguntza eskatzen dute: errefuxiatuei han eta hemen laguntzeko, eta errusiarrek Ukrainiako benetako egoera ezagutu dezaten.

TANIA Sirosh-ek 27 urte ditu, duela 20 urte inguru Arrasatera etorri zen, Txernobilen Lagunak elkartearekin, eta hemengo familia batekin izan zen. Duela 3 urte ingurutik Arrasaten bizi da.

Gaur eguerdian Ukrainiako bakearen aldeko bilkuran parte hartu du, eta berarekin hitz egiteko aukera izan dugu.

“Nire herria Chernobil ondoan dago, baita Kievera joateko errepide zuzenenaren ondoan ere. Nire herritik egunero 200 tanke inguru pasatzen dira, eta militarrek nire herrian aterpe hartzen dute, herritarrak ezkutu bezala erabiliz”.

“Nire ama Ospitaleko babesleku batean dago, erizain bezala lan egiten du, eta noizean behin berriak bidaltzen dizkit, batez ere ‘ixilik gaude’, ‘ezkutatuta gaude’, ‘bonbardaketak daude’ eta ‘zibilen artean hildakoak daude’ mezuak”.

Eraildako horien artean “nik ezagutzen nituen pertsonak daude, batzuk nire kintakoak ziren (26-27 urtetako mutilak), eta nire ezagun bati esan diote herritarrak kalera irteten badira, tiro egingo dietela. Hori betetzen ari dieta eta gainera etxeak apurtzen dabiltza, suposatzen dut jendartean beldurra eragiteko”.

Errusiar tropek “zenbait kale, erakunde publikoen eraikinak,… apurtu dituzte. Ukrainiar bandera udaletxetik kendu dute, eta espero dugu min handiagorik ez egitea. Badirudi gaur herria lasaiago dagoela”.

Hala ere, “oraindik sute batzuk daude han eta hemen, bart bonba bat jaurti zuten baina ez zuen estandarik egin, eta lurrera tinkatuta geratu zen. Bizilagunak sotoan zeuden, eta ez zuten kalte fisikorik izan. Orain bizilagunen etxebizitzan daude”.

Bien bitartean, “nik jarraitzen ditut Telegramen, Facebooken,… sortu diren taldeak, erabiltzaileek elkarri informazioa bidaliz. Erabilgarria da herritarrek tankeak ikusiz gero, abisua eman dezaten”.

“Lehertu gabeko bonba jaso zuen familiari aholkatzen ari zaizkie bondara ez hurbiltzea, bere inguruan hondar ugari jartzea,… Horrelako gauzak sinestizinak dira XXI. mendean”.

“Gogoratzen ari naiz nire birraitonak gerraz kontatzen zidana. Adibidez jendeari azaltzen diote nola lagun dezaketen ukrainiar ejerzitoa. Errusiarrak herrixketara sartzen ari dira, lekuko gutxiago daudelako, eta erailtzen ez duten arren, janaria exijitzen dute, gasolina,…”.

“Diotenez, handik [Errusiatik] Ukrainiara joandako militar asko ez daudela egoera horretarako prestatuta. Nire aita frontean dago, telefonoz deitzen dit, baina atzotik ez dut berarekin hitz egin. Azaldu dit ukrainiar militarrak ez daudela ondo ekipatuta”.

“Euretako askok ez zekiten kinka larri honetan sartuko zirela, eta batzuk errenditzen ari dira. Errusiarrek udaletxe bat eraso dute eta barrutik azaldu dute hildakoak eragin dituela, baita zauritu ugari ere”.

“Hori ez da errusiar presidenteak iragarri zuena, hori ez da ukrainiar militarrak desarmatzea, hori zibilen aurkako terrorismoa da. Atzo adierazi zuten 16 haur hil direla, eta orain mehatxu nuklearra egiten ari da, hori ez ukrainiar herri “nazia” liberatzea”.

“Ukrainiar herria batuta dago, 80 urteko amamak errusiar militarren tanken aurrean jartzen ari dira, esku hutsik. Gainera, ukrainiar militarrei janaria prestatzen eta eramaten ari zaizkie 24 orduetan”.

“Baita galtzerdiak, buruziak,… eramaten ari zaizkie ere. Herria inoiz baino batuago dago, beti gure artean borrokatu gara, baina kanpotik eraso digute eta batu gara. Gerra bat eta askatasuna lortzeko borroka bat da. Zein zaila den askatasuna lortzea 2022an…”.

Arrasatearrei adierazi nahi die “ukrainiar herriari poz handia eragiten diola mundu osotik jasotzen ari den sostengua, eta horregatik esker beroak ematen dituela. Nik ordezkari bezala, Arrasateko ordezkari bezala, adibidez nire gurasoei bidaltzen diet hemengo babesa, eta animo handiak eragiten dizkie”.

“Biak ala biak desesperatuta egongo dira seguruenik, ez dakite zer espero duten ere. Hemen jende askok egoera ulertzen du, eta dei egiten dut ikuspuntu hori errusiar federaziora ere irits dadila. Izan ere, hango telebista manipulatuta dago, hango presidenteak manipulatzen du. Ez daude ezkerreko eta eskumako alderdiak, oposiziorik ez dago, eta konplexuz betetako zahar batek dena erosi du”.

“Nik errusiar federaziora bideo batzuk bidali ditut, eta erantzun didate bideo horiek egiazkoak ez direla, muntaketa bat direla, edota hiltzaileak ukrainiarrak eurak direla. Erantzun hori ulertezina egiten zait”.

“Ukrainiar horiek, naziak izango balira ere, ez lukete euren herria apurtuko, nik uste. Nire lagun eta senide batzuk Errusian daude, eta guztiak ixilik daude. Ez digute ezer idatzi, agian beldur direlako, lotsa sentitzen dutelako edo pentsamoldeagatik”.

“Nik uste eurek ez dituztela erailketak onartzen, baina seguruenik uste dute gu liberatzen ari direla”.

“Izugarria da ukrainiarrak zer-nolako esfortzua egiten ari diren inbasioaren aurka erresistitzen. Horrek asko animatzen gaitu. Errusia ez da Bakea, armak entregatuko bagenitu herria entregatuko genuke. Hala balitz, ez legoke munduan Bakerik eta Askatasunik izango”.

Elkarretaratzean VIKTORIA Skotnytska ukraniarra ere izan da [goiko argazkian ezkerrean ageri da]. Kiev hiriburuan jaio zen, eta 20 urte daramatza Arrasaten bizitzen.

“Nire familia ukrainiarra da, familia erdia errusiarra, eta harreman onak izan ditugu, horregatik ulertezina egiten zaigu kinka larri hau”.

“Desgrazia honetan emakumeak, haurrak,… erailtzen ari dira, eta emakume ugari armak eskuetan hartzeko prest daude, euren aberria defendatzeko”.

“Erailtzeko eskubiderik ez dago, eta Ukrainiak herrialde aske bezala, adierazteko eskubidea dauka. Ez dauka bi hizkuntza (errusiera eta ukrainiera) hitz egiteko arazorik”.

“Ez da izan horrelako arazorik, nahiz eta errusiar telebistek dioten, ukrainiarrok ez dugula errusieraz hitz egiten uzten, ez ditugula ohitura batzuk errespetatzen,… Errusiar telebistak errealitatearen kontrako egoera kontatzen dabiltza”.

“Nire koinatua orain Kiev defendatzen ari da, nire osabak, nire seme pontekoak eta euren haurrak bonbardaketetan sotoetara edo metrora jaitsi behar izaten dira, euren burua babestera”.

“Kinka larria da, ez daukate urik, ogirik, pardelik,… Bost egun daramatzate horrela eta ez dakite noiz amaituko den”.

“Nire familiaren beste parte bat (nire ama, ahizpak, ilobak) Poloniarantz doa, eta herrialde ugari zeharkatu beharko ditu hona iristeko. Ni eurak behar bezala hartzeko prest nago”.

“Ez dakigu noiz arte iraungo duen honek, eta laguntza eskatu behar dugu, ukrainiar familia errefuxiatuak hartzeko prest dauden euskal familiei laguntza eskatu behar diegu. Mesedez, euren ateak zabal ditzatela”.

Orain lehenbiziko pausoa da errefuxiatuentzat “etxean arropa, buruzi edota pardelak soberan dituzten pertsonek Caritasera edota Gurutze Gorrira eraman ditzatela, mesedez, baita iraungitzen ez den janaria ere, bihotzez eskertuko genuke”.

Viktoriaren alabak, Elenak, gehitu egin du “Euskal Herriko, Espainiako eta beste toki batzuetako pertsonek errefuxiatuak har ditzatela euren etxeetan, adibidez familia askok erdi hutsik dituzten bigarren etxeetan”.

Era berean, “jendeak, ahal duen neurrian, pardelak, potitoak, elikagaiak eta erabiltzen ez duten arropa, zaborrera bota ordez, etorriko diren pertsonei eman diezaizkietela. Errefuxiatuak bizirauten dabiltza eta ezer gutxi daukate. Ez dugu dirurik nahi”.

“Laguntza behar dute ere Ukraina inguruan geratuko diren errefuxiatuek, baita etorriko diren errefuxiatuek ere”.

Erlazionatutako albistea:

Herritar ugarik sostengua agertu diete Arrasateko ukrainiarrei

2022ko martxoaren 1ean argitaratutako albistea

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen