Airearen kalitatea neurtzeko ekipamendua jarri dute Itxaropena plazan

2
807

Eusko Jaurlaritzak airearen kalitatea neurtzeko ekipamendu mugikorra jarri du Itxaropena plazan. 2022ko martxoan, Arrasateko Udalak ekipamendu hori jartzeko eskaera egin zion Eusko Jaurlaritzari, Uribarri auzoko bizilagunen kexak zirela eta. Maria Ubarretxena alkateak azaldu duenez “Eusko Jaurlaritzak baietz erantzun zion gure eskaerari, eta bere programazioan sartu gintuen. Itxaropena plazan egongo da ekainera arte, neurketa-unitateko teknikariek aukeratu duten kokalekua.”

Rafa Ugarte udaleko teknikariak azaldu duenez, “airea neurtzeko gutxieneko denbora 40 egunekoa da. Neguan neurketa bat egingo da eta udan beste bat. Ia martxoan gaudela kontuan hartuta, negukoa martxoaren 28ra arte izango da, eta, jarraian, udakoa, ekainera arte. Epe horretan hainbat lagin hartuko dira, batik bat, sufre dioxidoa (SO2), nitrogeno oxidoak (NO eta NO2), ozono troposferikoa, karbono monoxidoa (CO), bentzenoa eta partikula esekiak (PM10 eta PM2.5). Gainera, haizearen abiadura eta norabidea, tenperatura, hezetasun erlatiboa, presioa, erradiazioa eta prezipitazioa parametro meteorologikoak neurtuko ditu.”

Udalak lasaitasun mezua helarazi nahi izan du. Ubarretxenak azaldu duenez, “Fagor Ederlani azaldu diogu airearen kalitatea neurtuko dela. Mondragon Unibertsitatearekin eta Arizmendi Ikastolarekin ere hitz egin dugu. Azkenean, auzotarren eskaera bati erantzuten dio ekimen honek. Gure helburua da, halaber, datu objektibo batzuk lortzea, inguru horretako airearen kalitatea benetan zein den ezagutzeko, eta datu horiek kontuan hartuta, beharrezko neurriak hartzeko.”

Etengabe aztertzen du neurgailuak, 24 orduz, urteko 365 egunetan; giroko airearen lagin bat hartzen dute, aldez aurretik egokituta eta homogeneizatuta, eta aztertu egiten dute, 10 segundotik 15 minuturako tarteetan, aztertu beharreko kutsatzailearen arabera. Aztertzaile bakoitza etengabe dago konektatuta datuak biltzen dituen terminalera, eta azken horrek aztertzaile bakoitzaren analisi bakoitzaren emaitzak jasotzen ditu, eta ordu laurdenean behin, batez bestekoa kalkulatu eta jaso egiten du. Datu horiek etengabe helarazten zaizkio Bilbon kokaturiko datu-zentralari. Datuak jaso bezain laster baliozkotze automatikoa egiten da Sareak duen datuak ustiatzeko softwarearekin. Ondoren, teknikari aditu batek eskuz egiaztatzen ditu datu guztiak.  Neurketa-unitateko teknikarien arabera, “lehen datuak udaren ondoren ezagutuko dira, urria aldera, beharrezko analisia eta balorazioa egin ondoren.”

2021ean Arrasaten airearen kalitatea “bikaina” izan zen

Eusko Jaurlaritzak Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Estazioa du Jose Maria Arizmendiarrieta plazan, “eta hor bildutako datuen arabera, Arrasaten 0.73 miligramo karbono dioxido (CO2) zenbatu ziren metro kubiko bakoitzeko 2021ean.

Horrela, zifra hori parametro positibo batean dago. Izan ere, 0 eta 5 miligramo artean badago, kalitatea oso ona da; 5 eta 7 artean, ona; 7 eta 10 artean, hobetzeko beharra du; eta 10 eta 15 artean, eta 15etik gora, txarra eta oso txarra, hurrenez hurren.

Nitrogeno dioxidoaren (NO2) datuak ere guztiz positiboak izan ziren. Urte osoan, 14.42 μg (mikrogramo)/m3-ko batez bestekoa gehitu zen, 87 μg/m3-ko gehieneko balioarekin. Kasu horretan, parametroak honela banatzen dira: 0 eta 50 mikrogramo artean egonez gero, kalitatea oso ontzat jotzen da; 50 eta 100 artean, ontzat; 100 eta 200 artean, hobetzeko premiatzat; eta 200 eta 400 artean, eta 400 baino gehiago, txartzat eta oso txartzat, hurrenez hurren.

Bestalde, 10 mikra (PM10) baino diametro txikiagoko partikulek ere datu onak utzi zituzten. Metro kubiko bakoitzeko 14,89 μg zenbatu ziren, eta parametrorik onenean dago. Honela banatzen dira: 0 eta 20 mikrogramo artean badago, kalitatea oso ona da; 20 eta 40 artean, ona; 40 eta 50 artean, hobetzeko beharra; eta 50 eta 75 bitartean, eta 75 baino gehiago, txarra eta oso txarra, hurrenez hurren.

Aurreko urteetako datuekin alderatuta, nitrogeno dioxidoak bakarrik egin du gora, oso arinki (14.42 μg 2021ean, +0,42 μg 2020tik), eta airearen kalitatearen estandarrak ‘bikain’ mailan mantendu dira. 2020an 14 μg zenbatu ziren, eta 2019an 19 μg. Bestalde, karbono dioxidoa 0.8 mg-tik 0.76 mg-ra jaitsi zen, eta 10 mikra baino diametro txikiagoko partikulen kasuan, 15.7 μg-tik 14.49 μg-ra.”

2 IRUZKIN

  1. Aparatu gabe esango dizut Maria kalitatea txarra dela.fabrikak itxiko ditugu?zarataren kontuarekin bezala tabernak itxi diren moduan?

  2. ez dakit kasualitatea edo zer, baina justu egun hauetan Ederlanek ke asko gutxiago botatzen du, batez ere arratsaldeetan eta furgoneta jartzeko aukeratu duten egunak ipar aizea.
    Seguru nago, Uribe auzoko semaforoen bidegurutzean edo Alecoop parean ezarriz gero neurgailua, ez direla berdinak hemandako laginak.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen