Arrasateko Ojanguren Zerbitzuek martxoaren hasieratik dihardute protokoloak markaturiko “material sanitarioa lehenbailehen lortzeko ahaleginetan”. Orain arte moldatu dira koronabirusarekin hildako arrasatear baten kasuan.
– Koronabirusaren aurkako zein neurri hartu dituzue Ojanguren Zerbitzuek? Zein neurri eskatzen dizuete?
– Lehenengo eta behin, martxoaren 4ean posta elektronikoan jaso genuen, Asociación de Funerarias de España (PAnasef) elkartetik, koronabirusagatik hildakoak maneiatzeko protokoloa. Gero, martxoaren 10ean, Gipuzkoako osasun sailak protokolo berbera bidali zigun emailez.
Egun horietatik material sanitarioa lehenbailehen lortzeko ahaleginetan hasi ginen, protokoloak dioen bezala gure burua babesteko. Ondokoa da beharrezko materiala eta izan beharko genukeena koronabirusagatik hildako bat maneiatu behar bagenu:
- Maskarillak
- Buzoak
- Eskularruak
- Betaurrekoak
- Desinfektatzaileak
- Koronabirusagatik hildakoentzako saku iragazgaitzak
Eskaera bat egin genuen protokoloa jaso eta berehala, material honen enpresa hornitzaile bati, baina gure harridurarako gaur arte pote desinfektatzaile bat baino ez dugu jaso. Espainiako hornitzaile ezberdinekin hitz egin dugu, eta denek erantzun digute hiruzpalau astera arte ezingo digutela ezer bidali, eta gobernuak enpresa hau interbenitu dituela.
Gu aurrera egiten ari gara stock-ean genituen buzoekin, maskarillekin, eskularruekin eta betaurrekoekin.
Hartu beharreko neurriak ondokoak dira:
- Familiak ezin du koronabirusagatik hildakoa beilatu.
- Koronabirusagatik hildako bat dugunean, ospitalea arduratzen da hildakoa poltsa iragazgaitzean sartzeaz eta desinfektatzailea poltsaren gainean lainoztatzeaz. Horrela, ehorztetxeak jaso ahalko du, hilkutxa batean zuzenean, tanatoriora eramateko eta kamera frigorifikoan sartzeko. Bertan egoten da lurperatzera edo erraustera eraman arte (24 urte igaro behar dira lurperatua edo erraustua izan ahal izateko).
- Ez da agur ekitaldirik egiten elizan nahiz beste toki batean.
- Ehorztetxeko langileek jantzita izan behar dituzte buzoak, betaurrekoak, eskularruak eta maskarillak koronabirusagatik hildako bat jasotzera joatean.
- Hildakoa poltsa iragazkaitz batean sartu behar da, eta ondoren poltsaren kanpoaldeari desinfektatzailea bota behar zaio.
– Heriotza kopurua normalean baino altuagoa da Arrasaten azken asteetan?
– Azken asteetan ez da igarri Arrasateko heriotzen kopuruan hazkunde nabarmenik. Guk soilik koronabirusagatik hildako Arrasateko pertsona baten kasua izan dugu, eta Gasteizen hil zen.
– Gorpuak hilobiratu ordez erraustu behar dira?
– Hildako pertsonen gorpuak lurperatuak edo erraustuak izan daitezke, hildakoaren azken borondatearen arabera.
– Zerbait gehitu nahi duzue, edo zerbait azpimarratu?
– Beste ehorztetxe batzuekin hitz egin dugu, eta egoera gehienetan berdina da. Gehienoi material nahikorik ez dugu kasu hauetan lan egiteko, eta Arrasatetik kanpo hileta batzuetan birusarekin kutsatzeak izan dira. Madrilen ehorztetxe batek ateak itxi behar izan ditu langileak kutsatu direlako.