Agurtzane Arregik, “Espainiak ordaindutako” atentatuan eraila, udal-aitortza jaso du

0
1085

‘Hitler comando’ak ere Juan Jose Etxabe senarra larri zauritu zuen atentatu berean Donibane Lohizunen. 44 urte beranduago, Agurtzaneri aitortza egin zaio, eta euren alaba Izarrek gaurko ekitaldian adierazi du “guri ama, amama,… kendu zigutela, baina Agurtzane Arregiri bizia kendu ziotela”.

Azken argazkia: Arrasateko EH Bildu.

Agurtzane Arregi Letamendi arrasatearra erail zuen Triple A erakunde paramilitar eta terroristak Donibane Lohitzunen 1978ko uztailaren 2an.

Izar alabak gaurko aitortzan azpimarratu du erailketatik 44 urte pasa direla, eta ama erail ziotenean, Izarrek berak 13 urte baino ez zituela, anaia-ahizpetatik nagusiena.

“Ama gutxi ikusten genuen lan asko egiten zuelako”, besteak beste, bere seme-alabei “bizi hobea emateko”. ‘Rosarito’ estatu kolpearen eta gerraren osteko Arrasaten sortu zen. “Miseria gogorra ezagutu zuen baita Iparraldera joan zenean ere, areago familia ondoan ez zuelako”.

Kinka larri horretan, Gabon batzuetako pasarte esanguratsua adierazi du, “nik 4 urte beteak berri nituela, nire ahizpak 2 zituenean, eta nire ama 7 hilabeteko haurdunaldian zegoela. Aita kartzelan zegoen. Amak guri arrautz bana baino ezin zigun eman, eta ondoren ohera”.

“Baina hara non norbaitek etxeko atea jo zuen, eta Iñaki [Etxabe, nire osaba] agertu zen”. “Osabak ere gure adineko haurrak zituen, eta Gabonak ziren arren, bere koinata [nire ama] bakarrik zegoela jakinik, bere familia utzi zuen Gabon horietan”.

Iñaki Etxabe ere espainiar estatuaren inguruko elementuek erail zuten, Kanpazarren, “nahiz eta bera ere politikan sartuta ez zegoen. Hil egin zuten min egiteko, familia bati eta Herri bati”.

Beste atentatuan, Agurtzane eta Juan Joseren aurkako atentatuan, Donibane Lohitzunen, “aita ordurako amnistiaturik zegoen, eta atentatuaren egileek aukera izan zuten aita bakarrik erailtzeko, baina itxaron zuten ama ere” erailtzeko.

Duela gutxi Izarrek jakin berri du talde hiltzailea “Comando Hitler deitzen zela, horrekin dena esana dago. Barrionuevo, Martín Villa edota Gonzalez bezalako ‘demokratek’ eta ‘ezkertiarrek’ ordaintzen zieten holako ultraeskuindar komandoei”.

Atentatu hau baino lehen “ama hobeto zegoen, jatetxea aurrera eramatea lortua zuen, eta aitarekin 17 urteren ostean Arrasatera itzuli ahal izan zen. Hori berarentzat zoragarria zen”.

44 urteren ostean, aurten “onartu egin digute biktimak ginela, ez Espainiak, Espainiak ez baitu ezer onartzen, Espainiak ordaindu zuen, indultatu zituen aurrez harrapatu zituenak, eta oraindik ez gaitu biktimatzat onartu”.

Ordea, onarpena “Euskal Herritik etorri da eta hori oso-oso garrantzitsua da”. Gaurko aitortza “pentsatzen dut keinu bat dela, ziklo bat ixten dela, eta ez dugu barkatuko edo ahaztuko, baina beharbada oroitu ahal da ama bera zen bezala, eta ez bere heriotza”.

“Aurten ni amama izan naiz, eta baliteke hori izatea bizitzak egin didan oparirik ederrena. Eta nire amak ez du hori ezagutu. Ordea, nire amari 7 biloba eder egin genizkion, 7. Aurten birramoma izango litzateke”.

Familiaren izenean adierazi du “kendu egin zigutela ama, amama, izeba, koinata, lagun bat,… baina Agurtzane Arregi ‘Rosarito’ri bizia kendu ziotela”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen