Agur Mugikortasun Asteari? [Testua: Ekologistak Martxan, Zero Zabor, Besaide eta Naturtzaindia]

0
591

Irailak 22, autorik gabeko munduko eguna izanik, Mugikortasun Iraunkorraren Astea ospatzeko baliatzen dute hainbat eta hainbat herri eta hiriburuk Europa osoan. Horretan aritu da Arrasateko Udala denbora luzez eta jadanik tradizio bilakatuta zegoen birzikleta azoka eta beste zenbait ekintza osagarri antolatzen ziren, ziur aski, urtean zehar garatzen zen ingurumen sentsibilizazio jardura garrantzitsuena.

Tamalez, pandemiak batetik, eta erabaki politikoak bestetik, hori ere kendu digute arrasatearroi eta bigarren urtea izango da aurten ez dela mugikortasun jasangarriaren astea ospatu gure herrian. Ezin izango dugu gozatu mugikortasun arloan dauden azken berrikuntzez, ezta ere salgai jarri erabiltzen ez dugun bizikleta hori edota lanera joateko 2.eskuko patinete edo bizikleta erosi. Soilik bi ekintza mantendu ditu Udalak mugikorasunaren astearen lekuko gisa; Eskolara Oinez ekimena eta herribusa dohainik uztea.

Osasun egoera honek dakartzan neurrietan ezkutatuko dira mugikortasun astea ez ospatzeko arrazoiak, baina, gure ustez, egon daitezke moduak mugikortasun jasangarriaren aldeko sentsibilizazio lanarekin jarraitzeko, nola ez, egoera berezi honetara egokituta, beste Udalerri hauek egin duten bezala; Idiazabal, Pasaia edo Donostia, esaterako, egitarau oparoak eskaini dituztenak. Beste formatu batean egitekotan, beti ere, egoera berrira egokituta,  eskaini daitezke adibidez, gaiari buruzko antzerki edota filmak, bizikletak konpontzeko ikastaroak, segurtasunez bidegorri edota errepideetan nola jokatu ikasteko jardunaldiak, Arrasateko Mugikortasun Planak dituen helburuez informatu, egin diren ekintzak eta aurreikusita daudenak, etab.  Mila aukera egon daitezke lanean jarraitzeko, izan ere, hor daukagu klima larrialdia eta herriko mugikortasun arazoak, beraz, asko daukagu jokoan, herritarren eta planetaren bizi kalitatearen alde.

2019ko urriaren 1eko Udaleko Osoko Bilkuran onartu zen larrialdi klimatikoari buruzko mozioa, gutun hau idazten dugun taldeok eta “Udala osatzen duten EAJ, PSEE-EE eta PODEMOS AHAL DUGU alderdiek”, non lurraldeak egun duen egoera klimatiko larria aitortu zen. Hain justu, jasotzen zen jarri beharrean gaudela ahalik eta azkarren karbono isurietan neutroa izango den Euskal Herri baterantz begira eta horretarako ezinbestekoa dela eraldaketa azkar eta eraginkorrak egitea, besteak beste, mugikortasun arloan.

Beraz, herri eta planeta honek merezi duelako, eskatu nahi diogu Arrasateko Udaleko agintariei lanean jarraitu dezatela hiri atsegin, seguru eta osasuntsu bat sortzearen alde, mugitzeko ohitura jasangarriak herritarren artean zabaltzearen alde.

Mila esker

Arrasateko Ekologistak Martxan, Arrasateko Zero zabor, Besaide Elkartea eta Naturtzaindia Elkartea. 

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen