‘Zinema eta Buru Osasuna’ zineforum irekia egingo du Agifes-ek

0
270

Agifesek Zinema eta Buru Osasuna zineforum saioa eskainiko du datorren apirilaren 16an, 18:00ean, Arrasateko Kulturate kultur etxean. Filma ‘Inocencia interrumpida’ izango da, Susanna Kaysen idazle estatubatuarraren memorietan oinarritutako drama, mugako nortasunaren nahasmenduarekin diagnostikatu ondoren bizitako esperientzien ingurukoa. Pelikulak 1960ko hamarkadan ospitale psikiatriko bateko paziente gisa izandako bizipenak kontatzen ditu. Angelina Joliek emakumezko aktore onenaren Oscar saria irabazi zuen 2000.
urtean film honi esker.

Emanaldirako sarrera doakoa izango da, eta ikusleek pelikulaz eta proiekzioaren ondorengo solasaldiaz gozatu ahal izango dute, filmaren mezuan sakontzeko asmoz. Buru osasuneko arazoen inguruan esperientzia duten bi gaztek gidatuko dute saioa. Agifesen zinema-ziklo ezagunak formatu ibiltaria hartu zuen iaz. Saio bakarrak eskaintzen ari da elkartea hainbat udalerritan, jende gehiagorengana iritsi ahal izateko Gipuzkoan barrena.

Iaz, Tolosan, Beasainen, Donostian, Azpeitian eta Elgoibarren gauzatu ziren saioak, eta aurtenAndoainen ere burutu da bat. Egitasmoaren helburua da buru osasuneko arazoen ezagutza zabaltzea, baita buru nahasmendua duten pertsonen gizarteratzea sustatzea ere.

Kazetaritza sariak

Halaber, Agifesek 2024ko ‘Kazetaritza eta Buru Osasuna’ Sariak antolatu ditu, Gipuzkoan hedapena duten komunikabideen lana saritzeko. Aurreko edizioetan bezala, egitasmo honen xedea buru osasunaren inguruan kazetaritza-lanak sustatzea eta saritzea da. Buruko osasun
arazoak dituzten pertsonen kolektiboari buruz ikuspegi arduratsuarekin informatzen duten profesionalen lana nabarmendu nahi dugu, gizarte-sentsibilizazioan fokua jartzeagatik eta estigmaren aurka borrokatzeagatik. Elkarteak asko atsegingo luke zuek lehiaketan parte hartzea. Sari hauek hedabideei eskerrak emateko sortu dira, buru osasuneko arazoen ikuspegi soziala normalizatzen laguntzeko eta osasun mentaleko arazoak dituztenen gizarteratzea sustatzeko ahalmen handia baitute.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen