AGIFESek eskainita buru osasunaren inguruko hitzaldia izan da gaur Kulturaten

0
217

Iker Arrizabalaga Agifeseko psikologoak buru osasun arazoei aurre egiteko garaian familiak duen paper nabarmenari buruz hitz egin du. Hitzaldia 18:00etan hasi da Arrasateko Jokin Zaitegi aretoan, Kulturaten, eta buru osasuna ikuspegi integral batetik aztertu du Arrizabalagak, familiak arazoaren konponbidean zeregin garrantzitsua duela ulertuta. Gainera, Agifeseko bazkide batek ere parte hartu du saioan, bere senideari errekuperatze-prozesuan nola lagundu dion azaltzeko.

Osasun mentaleko arazo batek senitarteko bakoitzean eta familiaren dinamikan duen eragina aztertu du Agifeseko familia-programaren arduradunak. Era berean, horrelako gaitz psikikoak agertzen direnean zer egin jakiteko jarraibideak eskaini ditu. Gainera, familia osoarentzat eskuragarri dauden baliabideak eta laguntzak ezagutaraziko ditu, bai diagnostikoa duten pertsonentzat bai haien senideentzat.

Hitzaldi hau Agifesek abiarazi berri duen ‘Buru osasunaren zaindariak’ kanpainaren baitan dago. Ekimenaren helburua izan da, hain zuzen, familiak eta gertukoek buru osasunaren zainketan duten garrantzia aitortzea: “Zalantzarik gabe, gizarte-, osasun- eta erakunde-esparruetatik eskaintzen ditugun buru osasuneko programak eta zerbitzuak oinarrizkoak dira, baina ez dugu ahaztu behar osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei egunero laguntzen dietenen zeregina. Hain zuzen, hurbileneko senideak dira buru nahasmendua duten pertsonen errekuperazio prozesuaren zutabe nagusietarikoa. Hori dela eta, familien rola azpimarratzeaz gain, haien zaintza eta ongizatea hobetzeko baliabide eta programa gehiago eskaintzearen alde lanean jarraitu behar dugu”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen