AGAKOk 30. urteurrena ospatzeko liburua eta dokumentala aurkeztuko du

0
695

Bihar hiru hamarkada luze hauengatik eginiko abestia eta bideoklipa argitaratuko dute. Honekin batera egitarau zabala ere prestatu dute apirilerako.

Testua: AGAKO. Kartela: Kopi Altube.

Egun on guztioi eta eskerrik asko etortzearren!

Autogestioa

Asanblada

Lagunak

Militantzia

Eztabaidak

Konpromezua

Kontzertuak

Turnoak

Askatasuna

Ikasketa

eta Plazerra

Horrelako hitzak datorzkigu burura asanbladatik pasatu garenoi Arrasateko Gaztetxea zer den galdetzerakoan. Hiru hamarkada luze igaro dira sortu ginenetik, hiru etxe izan ditugu eta ahaztu ezin dezakegun Gurea Gaztetxea ere izan genuen. Azken honek utzitako ar horren ondorengoak gara gu, arratoi izatetik amarratz izatera pasatu ginenak eta ibilian-ibilian tximeleta izatera ere heldu ginenak 25. urteurrenean. Eta, gaurkoan AGAKOk 30 urte beteko dituela esatera gatoz.

Hiru hamarkada luze hauetako ibilbideari begira jarri gara azken hilabeteetan: AGA eta Gureako garai latz zein zoriontsuak lehendabizi; Ospitale Zaharreko 11 urteko ibilbide gorabeheratsua ondoren; Altamira garaiko lan eskerga gero eta gaur egungo Gaztetxeko urte mordoxka hauek azkenik.

Ospitale Zaharreko kideek erabaki zuten bertako asanbladari Arrasateko Gazte Alternatiboen Kofradia Organizatua izena jartzea eta, urteak aurrera egin ahala, horrela mantendu dugu gainontzekook ere. Ospitale Zaharretik Gaztetxe honetara iritsi aurretik, baina, Altamirako lokalean makina bat asanblada egin zuten AGAKOko kideek. Bertan papel, plano, eztabaida eta negoziazio artean gaur egun garenaren eta daukagunaren sustraiak ernaldu ziren. Zenbat ordu igaroko zituzten lanean? Zenbat eztabaida? Zenbat haserrealdi? Eta, zenbat poz? Kalkulaezina izango da seguruenik. Horregatik, kide guzti hauei egindako lana eskertzeko eta aitortzeko atzera begira jarri gara urte xelebre honetan.

Azken hilabeteetako lana memoria ariketa ikaragarria izan dela ezin dezakegu uka. Zoragarria izan da belaunaldi ezberdinetako kideekin batera atzera begira jarri eta gure historia kontatzea. Guk egiten ez badugu, nork egingo du bada? Plazerra izan da aspaldiko kontuak entzun eta asanbladaren hari finari jarraituz, gure historia idaztea. Plazerra da 30 urte beranduago oraindik ere bizirik eta martxan egotea. Plazerra da autogestioa ardatz hartuz, askatasuna gertuago dugula sentitzea.

Apirilean azken urtean egindako lanaren fruituak argia ikusiko du: liburu eta dokumentala estreinatuko ditugu. Apirilaren 17an, azken urte honetan burubelarri lanean aritu garen liburua eta dokumentalaren aurkezpena egingo dugu eta ezin genuen beste modu batera planteatu ez bazen “Gala” erara. Gala galanta izango da Amaia Antzokian egingo duguna.

Honekin batera egitarau zabala ere prestatu dugu apirilerako, azken ikasturteko zentzu berari jarraituz. Horrelako hainbat hitzaldi, liburu aurkezpen, kontzertu etab. antolatu ditugu. Berezitasun gisa kalea hartu eta jolasa guztion kontua dela argi utziz, bandera jolasa ere antolatu dugu. Hau Arrasateko alde zaharrean izango da eta laster kaleratuko dugu informazio gehiago. Beraz, adi ibili! Eta, kontzertuetako sarreren gaineko informazioa ere laster kaleratuko dugu.

Aurtengo kartela Kopi Altubek egindakoa da. 30. urteurrena izanik kartel berezia egin nahi genuen eta bete-betean asmatu duela esan nahi dugu. Eskerrik asko Kopi koadro zoragarri hau egitearren!

Bestalde, ohitura dugun moduan, aurten ere urteurreneko kamisetak eta amantalak egin ditugu eta hauek saltzen ere ibliko gara apirilean zehar bai kalean eta baita gaztetxean ere.

Amaitzeko, biharko egunez, giroa berotzen joateko, hiru hamarkada luze hauengatik eginiko abestia eta bideoklipa argitaratuko ditugu. Abestia Arrasateko Shot! estudioan grabatu da Iñaki Bengoaren gidaritzapean eta parte hartu duten musikariak hauek dira: Julen Altuna, Asier Sala, Peru Altube, Leire Etxezarreta, Iraitz Agirre, Zarre, Beñat Osinaga, La Furia, Pottoko eta Ines Osinaga. Gure eskerrik beroenak eman dizkiegu abesti eder hau sortze lanean aritu diren guztiei eta bereziki Arkaitz Biain asanblada kide ohiari. Eta, bideoklipa AZ Visualmediak grabatua izan da eta eskerrik beroenak Jon Ander Alberdi, Mikel Alberdi eta Oihan Lotiri.

Eta, azkenik, nola ez, eskerrik asko azken hilabeteetan bidelagun izan ditugun asanbladako kide zein asanbladako kide ez diren guztiei. Eskerrik asko bihotz-bihotzez.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen