AEKk 2026-2027 ikasturteko matrikulazio kanpaina aurkeztu du Donostiako Ernest Lluch kultur etxean, «Euskara eroso ikasi eta bizi» lelopean. Kanpainarekin batera, euskaltegietako matrikulazio epea zabaldu du Euskal Herri osoan, eta herritarrak euskara ikastera, maila hobetzera eta erabiltzera animatu ditu.
Aize Otaño Lizarralde AEKko Nazio Kontseiluko kideak, Maialen Otegi Saez de Egilaz Irakaskuntza arduradunak, Maialen R. Barcena Amara Berri AEK euskaltegiko irakasleak eta Iñaki Carcavilla Garasa ikasleak hartu dute parte aurkezpenean. Aurtengo kanpainak iazko leloari eusten dio, baina irudi berria du: besaulkiaren ordez alfonbra bat ageri da. AEKren arabera, alfonbrak euskara ikasteko beldur edo zailtasunen aurrean gonbidapen gisa funtzionatzen du, eta ikasgelako erosotasuna kaleetara eta plazetara eramateko ideia ere irudikatzen du.
AEKk helduen euskalduntze-alfabetatzeari garrantzi estrategikoa aitortu dio kanpainaren aurkezpenean. Erakundeak 2036rako Euskal Herrian 300.000 euskaldun gehiago izateko helburua du, eta, horretarako, hamarkada batean 120.000 euskaldun oso sortzea planteatu du. Doakotasuna eta irisgarritasuna, pertsona migratuen harrera linguistikoa eta lan-munduan euskararen presentzia handitzea ere aipatu ditu erronka nagusien artean.
Ikasturte berrirako, AEKk ikasleen beharretara egokitutako eskaintza zabala prestatu du. Ohiko ikastaroez gain, hainbat formatutan ikasteko aukera dago, besteak beste, hilabeteko ikastaro trinkoak, urte osoko ikastaroak, Foruko barnetegiko eskaintza eta online euskaltegia. Euskara erabiltzeko baliabideak ere eskaintzen ditu, hala nola AIZU! aldizkaria, Praktikaturen mintzapraktika eta Ahize aholkularitza.
2026-2027 ikasturteko berrikuntza nagusietako bat Euskara Bonua izango da Euskal Autonomia Erkidegoan. A1, A2 eta B1 mailetan matrikulatzen diren ikasleek 120 euro ordainduta lau urtez ikasi ahal izango dute, beste ordainketarik egin gabe. Nafarroan ere doakotasunerako urrats berria eman da, A1eko ikasleez gain A2koek ere matrikularen %100 berreskuratzeko aukera izango baitute.
AEKren metodologia komunikazioan eta praktikotasunean oinarritzen da, eta helburua ikasleek lehen egunetik euskara erabiltzea eta beste euskaldunekin komunikatzeko gaitasuna garatzea da. Aurkezpenean Iñaki Carcavilla Garasak ere bere esperientzia azaldu du. Ayerben (Huesca) jaioa, Donostiara Musikenen ikastera etorri zen eta joan den ikasturtean A1 maila gainditu zuen Amara Berri AEK euskaltegian. Euskarazko komunitatean integratuta dagoenez, hizkuntza ikasten jarraitzeko asmoa azaldu du eta beste herritarrak ere euskara ikastera animatu ditu.
Kanpainak, gainera, AEKren ibilbideari erreferentzia egiten dio «50 urte baino gehiago Euskal Herria euskalduntzen» leloarekin. Erakundeak 1976-77 ikasturtea mugarritzat jo du, urte hartan ikasle kopurua %300 handitu baitzen eta helduen alfabetatze-euskalduntzeak dimentsio sozial handiagoa hartu baitzuen. AEKren arabera, urteurrenaren oroigarri gisa kartel eta bestelako euskarrietan jaso dute mezua, eta ikasturte berria euskararen etorkizuna bermatzeko beste mugarri bat izatea nahi dute.




