AEK Korrika Lagun sobreak banatzen hasi da Garaguneko lagunen laguntzarekin

0
461

Testua: AEK.

Hasi gara Korrika Lagun sobreak banatzen Debagoieneko herrietako establezimenduetan, aurreko korriketan egin izan dugun bezala.  Aurten, baina, sobreak banatu ondoren, ez gara establezimenduetara itzuliko sobre bila.  Laguntza transferentziaz, txartelez edota Bizum bidez egiteko bidea zabaldu dugu.  Sobrean jasoko dute zuzenean GUK ERE HITZEKIN karteltxoa,  erakusleihoetan edo hormetan jarri ahal izateko. Norbaitek ezingo balu edo ez balu nahiko horrela egiterik, sobrea AEKra ekartzerik ere badu, jakina, eta guk egingo dugu sarrera.

Jakina denez , Korrika Laguneko diru ekarpenak ez du mugarik ez behetik ez goitik, hortaz, bakoitzak ahal duena ematea da eskaria, eta nola ez, txarteltxoak jartzea.  Banaketa lan horretan, herrietako hainbat eragilek lagunduko digu Korrikari eta AEKri, eta hemen doakizuen argazkian ikusten den bezala, Garagunekoak ditugu horietako batzuk. Euskaltegira etorri zaizkigu sobre bila eta haiek ere arduratuko dira Arrasateko gune baten zabalpena egiteaz. Langintza hauetan zein  batzordeetan, antolaketan, arropa erosten edota  bestelako guztietan parte hartzen ari zareten guztioi eskerrik asko!

Hiru aste geratzen dira Korrika hasteko, apirilaren 1ean, eta  hilabete barru izango da azken jai mundiala Donostian.  Bator Korrika, HITZEKIN!  Hitzarekin eta ekinarekin lortuko dugu normalizazioan pausoak emateko bidea indartzen, elkarrekin!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen