AEK-k eta Zuricheko Unibertsitateak hitzarmena sinatu dute, Arrasaten ikerlan bat abiatzeko

0
516

Testua: AEK. Argazkia: MB artxiboa.

Zuricheko Unibertsitateko Hizkuntzalaritza Konparatuko Sailean mundu osoko hizkuntzak aztertzen egiten dute lan, batez ere ezaugarri ezohikoak dituzten hizkuntzak. Badira bost urte inguru euskara eta euskal hiztunak aztertzeko proiektua ere hasi zutela eta hain zuzen bertako doktoregai ikerlaria da Arrate Isasi-Isasmendi arrasatearra. Hizkuntza ergatiboen prozesamendua ikertzen dihardu Arratek bere lantaldean, eta ikerlan honen bitartez aztertu nahi dute euskara bezalako hizkuntza ergatiboa hitz egiteak nola eragiten dion hiztunaren kognizioari.

Ikerketa lan hau aurrera eramateko beharrezkoa da euskal hiztunekin eta baita gaztelania hiztunekin ere (konparaketa egiteko), hainbat froga eta esperimentu egitea. Froga hauek EHUko Gasteizeko Letren Fakultatean egiten dira normalean bertako ikasleekin, baina COVID-19aren eraginez, ezinezkoa gertatu da Gasteizen egitea.

Eragozpen honen aurrean, konponbidea AEK-en eskutik iritsi da. Hitzarmen bat sinatu dute Arrasateko AEK-k eta Zuricheko Unibertsitateko Hizkuntzalaritza Konparatuko Sailak, zeinaren bidez Arratek herriko plazan dagoen euskaltegiko egoitza erabiliko duen ikerlanerako frogak egiteko ekain bukaera eta uztailean zehar. Trukean, unibertsitate mailan euskararen eta beste hizkuntzen inguruan dauden ezagupenen inguruko tailerrak eta solasaldiak eskainiko dizkie AEKko irakasle edota ikasleei Arratek berak.

Bukatzeko, bai AEK-k, bai ikerlariak berak, dei egiten die herriko gazteei parte har dezaten esperimentuan. 18-40 urte arteko pertsonek parte hartu dezakete eta baldintza bakarra guraso biengandik hizkuntza bera (euskara edo gaztelania) jaso izana da. Ondorengo formularioan eman daiteke izena parte hartu nahi izanez gero: https://forms.gle/QVQH5ivzPWVPy8D29

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen