Bere 40. urteurrena dela eta, AEDk erakusketa bat inauguratu du Kulturateko klaustroan. Elkarteak azaldu duenez, “helburua herritar guztiei, oro har, baina, batez ere, belaunaldi gazteenei zein euskarara hurbildu berriei euskara elkarteen mugimendutik Arrasate euskalduntzeko egin dezagun lanaren berri ematea” da.
Inaugurazio ekitaldian herritar asko izan dira, eta txalaparta emanaldi batekin eta bertso batekin hasi da. Gainera, AEDk azaldu du erakusketa zertan datzan, eta 40. urteurrenaren barruan aurrerago egingo diren jardueren berri eman dute.
‘AED, 40 urte Arrasate euskalduntzen’
Erakusketak bi atal nagusi ditu. Alde batetik, elkartearen eta elkartearen lantalde gisa sortutako beste elkarte batzuen bilakaera jasotzen da panelen bidez, 1983an AED eratu zenetik. Bestalde, erakusketaren bigarren atala 40 urtetan argitaratutako dozenaka kartelek osatuko dute, eta elkarteen lanaren erakusgarri ez ezik, karteldegian izan den bilakaeraren adibide ere bada.
Gainera, Udal Liburutegiak lehen solairuko gune interesgarri bat eskaintzen du. Bertan, besteak beste, herritarren eskura jartzen dira AEDri buruzko dokumentuak, elkartetik sortutako argitalpenak eta Arrasateko euskarari eta toponimiari buruzko lanak.
Erakusketa ekainaren 22ra arte egongo da zabalik. Gainera, bisita gidatuak egingo dira ekainaren 6, 13 eta 20an, 18: 30ean. Bisita hauetan parte hartzeko izena eman beharko da. Taldeentzako bisita gidatuak ere egingo dira goizetan, aldez aurretik eskatuta.
Izena emateko edo bisita kolektiboak eskatzeko, idatzi aed@aedelkartea.eus helbidera edo deitu 943771228 telefonora.
Hurrengo ekitaldiak
AEDk bere 40. urteurrena dela eta beste hainbat ekitaldi egingo ditu, urriaren 22an antzezlan bat estreinatuko du eta azaroan, kultura ardatz hartuta, mahai-inguruak, dokumentalak eta bertso ikuskizuna izango dira Joseba Sarrionandia eta Rafa Rueda artistekin. Bukatzeko, abenduaren 2an azken festa egingo dute, ekitaldiz betetako egun batekin.