AED elkarteak eta Elkar argitaletxeak Jokin Zaitegi Sariketaren edizio berria jarri dute martxan, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin. Aurtengo deialdiaren helburua Anne Carson idazle kanadarraren The Beauty of the Husband poema-liburua euskaratzea da.
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek antolatzaileek proposatutako jatorrizko lagina euskaratu beharko dute, ingelesetik abiatuta, eta itzulpena AEDra bidali, kultura@aedelkartea.eus helbidera. Lanak aurkezteko epea abenduaren 20ko gauerdian amaituko da. Bi dokumentu bidali beharko dira: bata, ezizen batekin sinatutako itzulpena; bestea, egilearen nortasuna eta harremanetarako datuak jasoko dituena. Bakarka zein taldean parte hartu ahal izango da.
Juan Mari Agirreurretak, Isabel Etxeberriak eta Josu Goikoetxeak osatutako epaimahaiak 2027ko urtarrilaren 22a baino lehen jakinaraziko du irabazlearen izena. Sariak 2.000 euroko diru-kopurua izango du, eta irabazleak 2027ko irailaren 30a baino lehen entregatu beharko du liburuaren itzulpen osoa Elkar argitaletxean.
Elkarrek euskaraz argitaratuko du lana, eta argitalpena 2027ko Durangoko Azokarako prest egotea aurreikusi dute antolatzaileek. Sariketaren bidez, Jokin Zaitegi arrasatearraren oroimena eta literatura unibertsala euskaratzeko egindako lana bizirik mantendu nahi dituzte.
Informazio gehiago nahi dutenek liburuak@elkar.eus helbidera edo 943 31 02 67 telefonora jo dezakete; AEDrekin harremanetan jartzeko, berriz, kultura@aedelkartea.eus helbidea edo 943 77 12 28 eta 695 786 852 telefonoak daude.




