Kooperatiba berria Mondragon Korporazioak sortu du, eta hiru gako ditu: “norberaren etxea, teknologiaren erabilera, eta eskaintzan mota guztietako produktu eta zerbitzuak txertatzea”.
Argazkia: TUlankide.
Gaur, ostirala, Mondragon zigilua duen proiektu berri bat aurkeztu da Bilboko B Accelerator Tower-en: Bihar, zainketen sektorean “erreferentzia bihurtzeko” sortu den kooperatiba.
Ekimen berriaren aurkezpenean Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte-politiketako sailburuordea, Iñigo Uzin Mondragon Korporazioko Kontseilu Orokorreko lehendakari eta Hector Olabegogeaskoetxea Bihar-ko zuzendari nagusia izan dira.
Hirurek adierazi dute proiektu berriak bokazio “soziala” duela, eta epe “luzekoa” izango dela, datozen urteetako testuinguru demografikoan adinekoen zainketak funtsezko elementuak izango baitira.
Izan ere, biztanleria zahartzeak, bizi itxaropenaren igoerak, paziente kroniko eta pluripatologikoen igoerak eta antzeko faktoreek erronka ugari planteatzen dituzte, eta lehentasun estrategikoa dira gure gizartean.
Halaber, dinamika hori “aukera bikaina” ere bada, jarduera berrien ikuspegitik, kolektibo horien beharrak asetzeari dagokionez.
Bihar izeneko kooperatiba berria da, adinekoak eta mendekotasuna duten pertsonak beren etxean kalitate “handiagoarekin” bizi ahal izateko zerbitzu eta produktuetan espezializatua.
Bere proposamena, funtsean, hiru alderditan oinarritzen da: “norberaren etxea, teknologiaren erabilera, eta eskaintzan mota guztietako produktu eta zerbitzuak txertatzea”.
Plataforma digital oso “erraz” baten bidez egingo du lan, “mota askotako” zerbitzuak aktibatuta:
- Bihar Home: “pertsonak etxean zaintzeko aukera zabala da, asistentzia, laguntasuna eta abar eskaintzeko, haien bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin. Horretarako, Biharrek dagoeneko horrelako zerbitzuak ematen dituzten profesionalen sare bat dauka”.
- Bihar Shop: “mendekotasuna duten pertsonentzako produktuetan espezializatutako denda, horien artean: ohe bereziak, besaulki egokituak, mugikortasuna errazteko produktuak, etab. Osasun eta aisialdiko errutinak ere eskaintzen ditu, sukalde adimenduneko zerbitzuak, airearen kalitatea neurtzeko gailuak edo loaren kalitatea neurtzekoak, besteak beste”.
- Bihar Help: “pertsonen arretarako doako telefonoa, zaintzari eta mendekotasunari lotutako edozein zalantzari buruzko aholkularitza emateko: nondik jo, tramiteak, gestioak, laguntza motak, eskubideak…”.
Mondragon Korporazioak “zainketen ekonomia” delakoaren erronkei erantzun bat eman nahi die, Biharren bitartez.
Bokazio “sozialeko” eta “berritzaileko” ekimena da, eta adineko pertsonentzat nahiz mendekotasunen bat duten pertsonentzat produktuen eta zerbitzuen eskaintza “integrala” aurkezten du, “etxean bertan erabiltzeko”.
Mondragonen adierazitakoaren arabera, “lankidetza” proiektu bat da, taldearen beste ekimen batzuen esperientziatik eta egiten jakitetik elikatzen dena.
Mondragon Healthen testuinguruan kokatzen den kooperatiba berri bat, zeinean GSR kooperatibak (Gestión de Servicios Residenciales) eta Mondragongo hiru alorrek ere parte hartzen duten: Ingeniaritza eta Zerbitzuak (MISE), Osagaiak eta Ekipamendua.
Hasiera batean, bere eredua Euskal Autonomia Erkidegoan “ezartzeko” asmoarekin sortu da, “presarik gabe (ondo egin nahi delako)”, baina “etenik gabe”, ondoren hazi eta “2025ean” estatuko beste erkidego batzuetara “esportatu” ahal izateko.
Berriro nagusiekin eta zaintzaren inguruan negozioa? Eta erakunde publikoak laguntzen? Ez da behar dugun bidea