“Adi, Repsolen butano bonbona normalak ezin du 12’74 € baino garestiagoa izan”

0
596
butanoa

Arrasatear talde batek salatu duenez, banatzaile batzuek Repsolen bonbona mota hori “15 eurotan” saldu dute. Kalteturiko talde honek Udaltzaingoari ustezko iruzurraren berri eman dio.

Repsol Butanoren bonbona normalaren gehienezko prezioa momentuz (2020ko urtarrilaren 10ean) 12’74 eurokoa da, Arrasaten, Hego Euskal Herrian eta estatu espainiar osoan.

Salneurri hori gobernu espainiarrak markatzen du, eta oraingoz ez da garestitu edo merketu. Hala ere, arrasatear talde batek salatu duenez “butano bonbona banatzaile batzuek 15 € kobratu dizkigute”.

“Jakin badakigu beste bonbona batzuk garestiagoak direla (Cepsarena adibidez, Repsolen bonbona arina esaterako, eta gasolindegietan ere garestiago saldu daitekeela). Baina guri banatzaileek Repsolen bonbona normala 12’74 eurotan baino gehiagotan kobratu digute”.

Kalteturiko arrasatear batek azaldu digunez “orain direla bi urte ere gehiegizko prezioan saldu zidaten, baina enpresara deitu nuen, Repsol Butanora, eta ordutik aurrera zegokion prezioa kobratu zidaten, baina azkenaldian berriro gehiegi kobratzen hasi dira”.

Kalteturiko arrasatear taldeak gaitzetsi du ustezko iruzur hau “Arrasateko leku ezberdinetan egin dela, Ferreriasen eta Makatzenan esaterako. Baliteke, Arrasate inguruko herrietan ere gauza bera egin izana”, iradoki du.

“Banatzaileek kontsumitzaile askori legeak markatutakoa baino gehiago kobratu badiete, diru ugari poltsikoratua izango dute”. Kalteturiko talde honek ustezko iruzurraren berri eman dio gaur Udaltzaingoari.

Era berean, Arrasateko butano kontsumitzaile guztiak ohartarazi nahi dituzte: “Repsol Butanoren ohiko bonbonaren gehienezko prezioa 12’74 eurokoa da momentuz”.

“Gobernuak erabakitzen badu bonbona horren prezioa garestitu edo merketu, telebista bidez jakitera emango du”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen