Abian dira Arrasate Hiria eta Gipuzkoako Akordeoi Txapelketa

0
268

Hauspozek (Euskal Herriko Akordeoi Elkarteak) antolatuta, lehiaketa nagusietako kanporaketak jokatu dira gaur. Bihar, zapatua, Gipuzkoako Jaialdia izango da, besteak beste, JAMEn lehen aldiz. Kontzertuak ere ez dira faltako.

Argazkia: Hauspoz.

Aipatzekoa da Hauspoz datorren urtean bere 50. urteurrena ospatuko duela. Baina momentuz gatozen egungo ekitaldietara:

Gaur abiatu dira ‘Arrasate Hiria’ Nazioarteko XXX. Lehiaketako eta XLIII. Gipuzkoa Akordeoi-Lehiaketako Senior kategoriako kanporaketa faseak.

Lehenengoa, Amaia Udal Antzokian goizeko 09:00etatik, eta bigarrena Kulturaten arratsaldeko 15:00etatik.

Gipuzkoa Lehiaketako Senior kategoriara “urte askotan ikusi ez den partaide kopurua etorri da – baloratu du Hauspozek – , gazteek akordeoiarekiko duten zaletasuna une onean dagoelaren seinale”.

Bertan 9 soinujolek parte hartu dute, estatukoak edota estatuz kanpokoak izanda estatuan goi-mailako ikasketak egiten dituztenak.
Hain zuzen, Euskal Herriko, espainiar estatuko, Serbiako eta Portugalgo gazteak aritu dira.

Fase honetan “akordeoirako originala den haien aukerako obra bat eta Rautavaara konpositore finlandiarraren Pelimannit-Fiddlers derrigorrezko piezaren hiru mugimendu interpretatu behar izan dituzte”.

Epaimahaia “pedagogian edota interpretazioan ibilbide oparoa duten hiru profesionalek osatu dute, Lore Amenabarrek, David Gordok eta Mateja Zenzerovic-ek, hain zuzen, igandean azken fasean errepikatuko dutenak”.

Arrasate Hiriari dagokionez, kanporaketa-fasean 12 partaidek jardun dute, Serbia, Ukraina, Portugal, Txina, Errusia, frantziar estatu, espainiar estatu eta Euskal Herrikoak.

“Oraingoan akordeoirako originala den haien aukerako obra bat eta Louis Aguirre konpositore kubatarraren Les Masques de Neige piezaren 2 mugimendu interpretatu dituzte”.

Epaimahaikideak “nazioarteko antzoki eta jaialdirik garrantzitsuenetan aritu diren eta ospe handiko kontserbatorio eta unibertsitateetan klaseak ematen dituzten 6 akordeoilari izan dira”:

Finlandiako Heidi Luosujärvi, Txinako Na Song, Alemaniako Stefan Hussong, frantziar estatuko Pascal Contet eta Euskal Herriko Iñaki Alberdi eta Ander Telleria. Txapelketa honek domekan jarraituko du.

Bestalde, lehiaketatik kanpo, kalejira izan da gaur eguerdian, Eibarko Musika-Eskolako akordeoi-ikasleen eskutik, Marisol Arrillaga irakaslearekin batera.

Kale ugari “euskal musikaren doinu eta erritmoz jantzi dituzte”, eta ondoren Udalak ongietorria eman die hainbat parte-hartzaile eta epaimahaikideri udaletxean.

Horrez gain, gaur ere Kulturateko aretoan Kressimir Lulic 2022ko ‘Arrasate Hiria’ren irabazlearen kontzertua izan da, “entzuleen artean adin ezberdinetako akordeoilari eta zaleak egon direlarik”.

Lulic kroaziarrak Scarlattiren klabezinerako hiru sonata eta akordeoirako originalak diren hainbat obra interpretatu ditu, Virtaperko, Gubaidulina eta Dora Pejačević konpositore kroaziarraren piezak, baita Álvaro Leoncio-ren To be erased izeneko obra estreinatuz.

Lulic-ek estatu osoan zehar lehiaketako sariaren parte den kontzertu-bira bat eman du, igandean 12:30ean Aretxabaletako Arkupe Kultura-Etxean bukatuko duena.

Bira abenduaren 2an hasi zuen La Seu d’Urgell-en (Katalunia) eta ordutik Alcañiz-eko Lizeoan (Aragoi), Bilboko Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioan, Musikene Euskal Herriko Go Mailako Musika Ikastegian eta Arrasateko Kulturaten aritu da “arrakasta handiz”.

Bihar, abenduak 9, zapatua, XXXV. Gipuzkoa Akordeoi-Jaialdia izango da egun osoz, “izaera ez lehiakorreko bakarkako 7 mailaz eta 5 talde-kategoriaz osatua”.

Euskal Herriko eta estatu osoko 246 ume eta gaztek haien irakasleekin prestatutako lana Amaia Udal Antzokian, Kulturaten eta (aurten jaialdiko gune bezala estreinatuko den) Juan Arzamendi Musika Etxean erakutsiko dute.

Sari-banaketa ekitaldia 19:45ean izango da Amaia Antzokian. Lehenago, baina, Kulturaten 2022ko Gipuzkoa Lehiaketako Haur, Gazte eta Senior mailetako irabazleen kontzertua izango da:

Itsaso Lahera, Naroa Otamendi eta Julen Murgak emanaldia eskainiko kultura etxeko aretoan arratsaldeko 18:00etan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen