Abian da ‘Familian Jolasean’ gune bero eta jostaria, ‘Txatxili’ lagun

0
711

Hainbat haur eta euren senide helduak hasi dira egitasmo honetan parte hartzen, Okendoko ludotekan, domekero, bertako bi hezitzaile lagun.

Elkarte arrasatearrak azpimarratu du “egitasmo hau hainbat guraso eta seme-alaben beharretik sortu zela. Izan ere, neguko asteburuetan (euria eta hotz egitean) ez zeukaten jolasteko espazio egokirik. Behar horretatik sortu zenez, egitasmoak arrakasta izaten du”.

Era berean, Familia Jolasean “ludoteketako taldetik sortutako ekimena da eta bertako langileek sustatzen dute”.

Ildo honetan, Txatxilipurdi elkarteak eta Udaleko Gazteria Sailak aurreko domekan abiatu zuten aurtengo edizioa eta “pertsona dezente animatu ziren” Okendoko ludotekan jostatzera.

Hartara, Txatxilipurdik “ludotekako materiala eskura jartzen diegu erabiltzaileei, eta domekero asanblada bat egiten dugu, erabiltzaileek zehaztu dezaten hurrengo domekan zertan jolastu nahiko duten”.

Horrela, “Txatxilipurditik saiatzen gara ahal dugun neurrian eurek zehaztutako, euren beharra betetzen”.

Udalak azaldu izan duenez, ekimen honen helburuetako bat da “familiei aukera eta guneak eskaintzea guraso eta seme-alaben arteko harremanez era ludikoan gozatzeko”.

Gainera, aukera izaten da “0-8 urte arteko haurren familia ezberdinek elkar ezagutzeko eta euskaraz elkarrekin jolasteko aukera bat da, aniztasuna kontuan hartuta eta euskararen transmisioaren garrantzia azpimarratuta”.

Asmoa da neguko igandeetan “espazioa, denbora eta hitzordua eskaintzea familiei elkarrekin partekatzeko jolasa eta kalitatezko aisialdi hezitzailea. Bi hezitzaileren laguntza izango da, familiek behar duten informazioa eta aholkuak emateko”.

Igandero izango da hitzordua, urtarrilaren 16an hasi eta martxoaren 27ra bitartean. “Denera 11 saio izango dira (urtarrilak 16, 23, 30, otsailak 6, 13, 20, 27, eta martxoak 6, 13, 20, 27)”.

Ordutegia arratsaldeko 17:30etik 19:30era da, Okendoko ludotekan. “Izena eman daiteke bai Ludoteketan eta baita aktibitatean bertan”, aintzat hartuz plaza kopurua mugatua dela.

Nabarmentzekoa da egitasmo honek “hiru ludotekek egunerokotasunean eskaintzen dituzten dinamikei gehitzen zaizkiela, eta hiru ludoteken eskaintza indartzen duela”, Txatxilipurdik azaldu bezala.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen