Arrasateko Udalak dagoeneko publikatu ditu 2025eko San Juan Jaiak iragartzeko kartel lehiaketarako oinarriak. Horiei jarraikiz, lehiaketa irekia izango da Debagoieneko edozein udalerritan edo Aramaion erroldatuta dauden biztanleentzat.
Lanak, jakina, originala izan beharko du eta kartela osatzeko teknika librea izango da. Parte hartzaile bakoitzak, beraz, nahi eran egin ahal izango du kartela.
Badira, ostera, errespetatu beharreko oinarri batzuk. Esate baterako, kartelak nahitaez bertikala izan behar du eta testu hau ere jaso beharko du: ‘2025 SAN JUAN JAIAK ARRASATE’.
Neurriari dagokionez, eskuz egindako kartelen neurriek 50 x 70 zentimetrokoak izan behar dute, eta euskarri informatikoan (Pen Drive edo CDan) aurkezten dutenek gutxienez Din A3 tamainako paperean ere inprimatuta aurkeztu beharko dute. Egilearen nortasuna azaldu gabe eta atzealdean lema bat duela aurkeztu behar dira kartelak guztiak. Horrekin batera, sobre itxi batean lema bera eta egilearen datuak adieraziko dira. Lanak maiatzaren 5era arte, 15:00ak baino lehen, aurkeztu ahal izango dira BAZen. Irabazlea epaimahai bitartez aukeratuko da eta 750 euroko saria jasoko du
Kartel lehiaketarako arauak:
- Lehiaketa honetan edozein pertsonak parte hartu dezake, baldin eta erroldatuta badago Debagoieneko eskualdeko udalerrietako batean edo Aramaioko udalerrian, deialdi hau udalaren web orrian argitaratu baino lehen.
- Eskuz egindako kartelen neurriak 50 x 70 zentimetrotakoak izango dira. Euskarri informatikoan (Pendrive edo Cdan) aurkezten dutenek gutxienez Din A3 tamainako paperean ere inprimatuta ekarri beharko dute.
- Formatoak, nahitaez bertikala izan behar du.
- Teknika librea izango da.
- Obrak argitaragabeak eta originalak izango dira.
- Erabilitako irudiek oreka bilatuko dute, rol eta estereotipo tradizionalak azpimarratu gabe, eta sexu, arraza, adin, kultura edo sexu-aukeraren arloan diferentzien tratamendu gutxiesgarria ekidinez
- Kartelek derrigorrez testu hau izan beharko dute: 2025 SAN JUAN JAIAK ARRASATE. Gainera aurrerago oraindik erabaki gabeko esaldi labur edo jaietako leloa gehitu dakioke kartelari edo irudiari.
- Jaietako materialen euskarri ezberdinetan (zapi, pegatina,…) erabili daiteke aipatutako esaldi laburra; bakarrik, aukeratuko den kartel irudiarekin lotuta edo kartela osatzen duen elementuetako batekin batera, jaietako antolatzaileek erabakiko dutenaren arabera. Lehiaketa honetako irabazleari eska dakioke elementu hauetako baten diseinua egin eta argitara emateko prestatu beharreko lana. Zeregin hau jasotako sariaren barruan ordaindua egongo da.
- Irabazleak 750 €ko saria jasoko du, (kopuru honi PFEZen atxikipena aplikatuko zaio). (Partida: 1 0200.227.334.00.07). Egoki ikusten bada, aurkeztutako kartel guztiekin erakusketa bat egin ahal izango da.
- Egilearen nortasuna azaldu gabe eta atzealdean lema bat duela aurkeztu behar dira lanak. Horrekin batera, sobre itxi batean lema bera eta egilearen datuak adieraziko dira.
- Kartelak behar bezala jasoak eta euskarri zurrun baten bitartez babestuak aurkeztuko dira hondatu ez daitezen.
- Kartelak 2025ko maiatzaren 5a, 15:00ak baino lehen, BAZera (Biztanleen Arreta Zerbitzua) eraman behar dira.
- Epaimahaiaren eraketa erabakia ematen den egun berean emango da ezagutzera.
- Epaimahaiaren erabakia aldaezina izango da eta hauek saririk ez emateko aukera izango dute, mailarik ez balego.
- Epaimahaiaren ahalmenak: epaimahaiak lehiaketatik kanpo utz ditzake lanak: 1) Autorea nor den zalantzan dagoenean. 2) Pertsonen duintasunaren edota giza eskubideen aurka doazenean. 3) Irudi sexistak, arrazistak edo LGTBI fobikoak daudenean. 4) Beste obra batzuen plagiotzat hartzen dituenak eta plagiotzat jo ez arren beste obra batzuetan inspiratutakoak izanik eta haiekin dituzten berdintasunez epaimahaia jabeturik, originaltasunik ez dutela erabakitzen duenean.
- Saritzen den lana Udalaren esku gelditzen da. Kaleratzeko eskubidea izango du. Udalak jendaurreko komunikaziorako, kopiatzeko eta banatzeko eskubideak ere eskuratuko ditu; eskubide horiek Udalarenak baino ez dira izango.
- Kartelak teknika aldetik tonalitate-aldaketaren bat edo beste beharko balu hobeto inprimatzeko, epaimahaiak aldaketok agindu ahal izango ditu, egileari aldez aurretik galdetuta eta berarekin lankidetzan. Ordenagailuz eginez gero, irabazleak kartela euskarri informatikoan aurkeztu beharko du inprimatuko den tamainan (70 cm x 50 cm).
- Saritu gabe gertatu diren lanak erakusketaren azkeneko egunetik hasi eta HOGEITA HAMAR EGUNeko epean jaso ahal izango dira Kultura saileko bulegoetan. Epea amaitu ondoren egileek jaso ez badituzte, aintzakotzat hartzen ez dituztela pentsatuko da eta Udalak horietaz libreki baliatu ahal izango du, erreklamazio edo indemnizazio eskubiderik onartuko ez delarik. Udalak ez du bere gain hartuko aurkeztutako materialek garraiatzean, manipulatzean, ikusgai jartzean, biltegian gordetzean edota antzekoetan izan ditzaketen kalteen erantzukizunik.
- Oinarri hauek, Udaletxeko iragartokian ikusgai egongo dira, baita Udaleko Web orrian ere (www.arrasate.eus).
- Lehiaketa honetan parte hartzeak oinarri hauek onartzea suposatzen du




