Goiko irudia: Udala (2024ko egutegia) / Kartela eta testua: Arrasateko Udala.
Lehiaketa herritar guztiei irekita dago, eta argazkiak bidaltzeko epea 2024ko urriaren 1etik 15era izango da.
Datorren urteko egutegia egiteko argazki lehiaketa deitu du Arrasateko Udalak, Artgazki elkartearekin elkarlanean. Honako hau bigarren lehiaketa izango da, aurten, berrikuntza bezala, herritar guztiei irekita egongo delarik.
16 urtetik gorako pertsona orok parte hartu ahal izango du, oinarrietan aipatzen diren baldintzak bete eta onartuta. Argazkiak bidaltzeko epeari dagokionez, urriaren 1etik 15era izango da, eta, gehienez, bakoitzak 6 argazki aurkeztu ahal izango ditu.
Ezagutu hemen 2025eko Arrasateko egutegia egiteko II. argazki lehiaketaren oinarriak:
ARRASATEKO 2025eko EGUTEGIA EGITEKO II. ARGAZKI LEHIAKETAREN OINARRIAK
ANTOLATZAILEAK:
ARRASATEKO UDALA eta ARTGAZKI argazkilari elkartearen arteko lankidetza.
HELBURUA:
2025eko egutegia osatuko duten Arrasateko argazkiak hautatzeko lehiaketa deitzea.
PARTE-HARTZAILEAK:
Arrasaten jaio, bizi, ikasi edo lan egiten dutenek, herrikoek zein kanpokoek, izango dute lehiaketan parte hartzeko aukera. Parte hartzeko gutxieneko adina 16 urtekoa izango da.
GAIA:
Gaia honakoa izango da: “Arrasate, herri bizia”. Argazkiak Arrasaten egindakoak izan beharko dira, 2023ko urritik 2024ko urriaren 15era bitartean. Halaber, positiboki baloratuko dira auzoetako argazkiak, edota Arrasateko aniztasuna islatzen duten argazkiak.
ARGAZKIAK:
Argazkiak horizontalak izan beharko dira, eta irudien erresoluzioa 250 ppp-koa izan beharko da. Argazkiak JPG formatuan aurkeztu beharko dira eta A4 neurri minimoa izan beharko du. Gailu mugikorrez ateratako argazkiak ere onartuko dira.
Argazkiak Arrasaten kokatuak izan behar dute, eta argazki bakoitzaren kokapen zehatza adierazi beharko da.
Lanek originalak eta argitaratu gabeak izan behar dute. Lehiakideak izango dira aurkeztu dituzten obren erantzule, baita lanaren gain hirugarrengoek aurkez lezaketen edozein erreklamazioren aurrean ere, hala nola, egiletzari, irudi eskubideei, originaltasunari, antzekotasunari, kopiari, etc., dagozkienak.
Lehiaketatik kanpo geratuko dira bereizkeria, arrazakeria, homofobia, indarkeria edo sexismoa iradokitzen duen argazki oro. Epaimahaiak baztertu egingo ditu manipulazioa jasan duten argazkiak, hala nola, irudiaren elementu bisualak gehitzea, kentzea edo lekualdatzea. Halaber, epaimahaiak eskubidea du beharrezkotzat jotzen duen argazkiren
bat kentzeko, betiere behar bezala justifikatuta.
LAN KOPURUA:
Partaide bakoitzak, gehienez ere, 6 argazki aurkeztu ahal izango ditu. Sei argazki aurkezteko aukera egon arren, gehienez ere, pertsona bakoitzeko 3 argazki sarituko dira. Guztiak batera bidali beharko dira, ondoren aipatuko diren epeetan.
LANEN AURKEZPENA:
Lanak emailez aurkeztuko dira, gutxieneko A4 tamainarekin eta 250 ppp-ko erresoluzioarekin. Argazki bakoitza herriko zein lekutan eta noiz egindakoa den zehaztu beharko da. Argazkietan, lehenengo edo erdiko planoan, norbait azaltzen bada, pertsona horren baimen esplizitua aurkeztu beharko da, eta egileak izango du erantzukizuna erreklamazioren baten aurrean.
LANAK AURKEZTEKO EPEA ETA LEKUA:
Argazkiak 2024ko urriaren 1etik 15era aurkeztu beharko dira, biak barne. Mezu elektroniko bidez bidali beharko dira egutegia@arrasate.eus helbidera, gaian “Egutegirako argazki lehiaketa” adieraziz. Mezuan ondorengo datuak agertu beharko dira: egilearen datuak (izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia, eta argazkiaren lekua eta data).
SARIAK:
Epaimahaiak hamahiru argazki aukeratuko ditu, hilabete bakoitzeko bat eta portadako argazkia izango dira. Irabazleek herriko komertzioetan gastatzeko 150 euroko bonoa jasoko dute. Argazkiaren kalitateaz gain, egutegiari koherentzia eta gorputza emateko irizpideak ere hartuko dira kontuan.
SARITUTAKO ARGAZKIEN ERABILERA:
Saritutako argazkiek 2025eko Arrasateko Egutegia osatuko dute. Arrasateko Udalak argazki sarituak nahi dituen helburu guztietarako erabili ahal izango ditu, eta, hala, argazkiok nahi bezala egokitu ahal izango ditu beharrezkotzat jotzen dituen formatu eta euskarri guztietan erabili ahal izateko, horretarako egileari inolako baimenik eskatzeko beharrik izan gabe.
EPAIMAHAIA:
Epaimahaia 6 kidek osatuko dute: Arrasateko Udaleko 2 ordezkarik, Artgazki elkarteko 2 ordezkarik, Ibai Arteko ordezkari bat eta Arrasateko ostalarien taldeko ordezkari batek osatuko dute. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da.
Lehiaketara aurkezten diren argazkiek egutegirako eskatzen den adinako kalitaterik ez badute, antolatzaileek 2025eko egutegirako udal artxiboan dauden argazkiak argitaratzeko eskubidea izango dute.
SARI BANAKETA:
Sariak egutegia aurkezten den egun berean banatuko dira. Ezinbestekoa izango da saritua edo ordezkoren bat sari banaketa ekitaldira bertaratzea.
IRABAZLEEN BERRI EMATEA:
Arrasateko Udalaren webgunean eta hedabideetan irabazleen berri emango da.
OINARRIAK ONARTZEA:
Lehiaketa honetan parte hartzeko, oinarri hauek guztiak onartu beharko dira.





