Aurtengoa inoizko Aberri Egunik ezohikoena izango da. Izan ere, ezin izango du inork nahi lituzkeen aldarrikapenak behar bezala plazaratu, eta inork ezin izango du ospatu nahi lukeen bezala, ez Hego ez Ipar Euskal Herrian. Baina gure esku dago, ahal dugun heinean, Euskal Herriaren borroka etengabea eta biziraupenerako grina gorestea ere. Aberri Egunean gure herriak oraindik bizirik dirauela gogoratu eta erronka berrietarako indar nahikoa badaukagula jakin behar dugu. Eta hori ospatzeko moduko zebait da.
Zentzu horretan, Jaikik, ohar labur honen bitartez, puntu batzuk azpimarratu gurako lituzke:
- Gure herria borroka ziklo berri batean sar liteke laster, Espainiar Estatuak bizi duen eta biziko duen egiturazko krisialdiaren ondorioz. Estatua ekonomikoki jota geratu daiteke laster, zor erraldoiak ordaindu ezinik eta hileroko pentsio eta langile publikoen soldatetarako funtsik gabe. Egoera larri honek Estatuaren berregituraketa ekarriko du, eta horrek kolokan jar dezake autonomien biziraupena ere.
- Kapitalistek erasoaldi masiboa jarriko dute martxan, shock egoera aprobetxatuta, ekonomia ahalik eta gehien liberalizatzeko eta lan eskubideak murrizteko; eta hornen aurrean martxan jarriko diren borrokak zapaltzeko. 2008ko krisialdian antzera egin zuten, baina seguruenik oraingoan bortitzago jokatuko dute, ordutik mendebaldeko burgesiaren hegemonia nabarmen pitzatu baita mundu mailako botere korrelazio kapitalistetan.
- Espainiar indar politiko nagusiek euren jarrera zentralistak muturrera eramango dituzte, eta jarrera erreakzionarioenak indartuko ditu burgesia kontserbadoreak, krisi guztietan egin ohi duen bezala.
- Europar Batasuna polarizatzen ari da, herrialde pobreenek eta aberatsenek bakoitzak bere interes burges nazionalak defendatzen dituzte, eta Brexitaren aurrekariarekin, oso litekeena da Europar Batasunaren gainbehera zikloa atzeraezina bihurtzea.
- Euskal Herrian bertan, azken hamarkadetan etengabea izan den prekarizazio eta proletarizazio prozesua bizkortuko da, krisialdi guztietan bezala; baina kontuan hartuta Kapitalismoaren kolapsoak krisialdiak gero eta azkarrago dakartzala bata bestearen ostean.
Panorama horren aurrean, gure ustez, gauza bakarra du Euskal Herri Langileak eskura, klase eta nazio gisa guztiz zanpatua ez izateko: erradikalizazio politikoan sakonduko duen prozesua abiaraztea. Erradikala, zuztarretara jo behar dugulako gure irakurketa eta estrategietan, eta erradikala, Estatuen erantzuna ere erradikala eta bortitza izango delako. Edo independentzia sozialista, edo espainiar eta frantziar estatuen oldarraldi zentralistan itotzea eta kapitalismoaren gurpil zoroan Euskal Herriaren eta munduaren geroa bera ere desegitea,
Ez digute ezer oparituko, Euskal Herri Langileak borrokaz eta soilik borrokaz lortuko du nazio eta klase zapalketaren aurrean sozialismorako urratsak ematea, beti gertatu den bezala. Guri dagokigunez, hasteko, konfinamenduko aste hauetan, formazioa, hausnarketa eta prestaketa bultzatuko ditugu. Eta domekan, ikurrinak leiho eta balkoietara aterako ditugu guk ere!
Gora Euskal Herri aske eta sozialista!