A. Blázquez Ikerlaneko ikertzaileak Arizmendiko ikasleei teknologia hurbildu die

0
456

Etorkizuneko profesionalei esparru zientifiko eta teknologikoan duten esperientzia akademiko eta laborala hurbiletik eta modu naturalean hurbiltzeko asmoz, Ane Blázquez Ikerlaneko ikertzaileak hitzaldi bat eman du gaur goizean Arizmendi Ikastolako Batxilergoko ikasleei. Ekimena igande honetan, otsailak 11, ospatuko den Emakumea eta Neskatoa Zientzian Nazioarteko Egunaren barruan kokatzen da.

Efemeride hori dela eta, Ikerlanek horrelako ekimenak egiten ditu urtero, STEAM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arteak eta Matematika) bokazioak sustatzeko, eta esparru horretan emakumeen presentzia % 30ekoa da. Zenbait azterlanek egiaztatzen dute gaur egun profil teknologikoak direla enpresen premia nagusia, bai goi-mailako graduetan, bai prestakuntza-graduetan, eta, beraz, emakumeen talentua erakartzea bereziki beharrezkoa da. Ikerlanen datuak aztertzen ari den ikertzaile honen hitzaldiak, besteak beste, zientziaren eta teknologiaren arloan lanean ari diren emakumeak ikusaraztea du helburu, etorkizuneko profesionalek benetako eta hurbileko erreferentziak izan ditzaten.

Ane Blázquez (Oñati, 1995) Informatika Ingeniaritzan doktorea da eta Ikerlaneko Adimen Artifizialeko lantaldean ikerlari gisa dihardu. Arlo horretan doktoretza zentro teknologiko berean egin ondoren hasi zen lanean. Matematikan graduatu zen UPV/EHUn eta ondoren masterra egin zuen Modelizazio eta Ikerketa Matematikoan, Estatistikan eta Konputazioan. Bere interesek denborazko serieen analisia, balio atipikoen detekzioa eta ikasketa automatikoa barne hartzen dituzte, eta gai horiei buruzko artikulu batzuk argitaratu ditu lehen mailako aldizkarietan.

Bere hitzaldian, ikasleak animatu ditu STEAM lanbideen esparruan probatzera, erakarrita sentitzen badira: «Ez izan beldurrik. Eman aukera hori. Ezinbestekoa da emakumeek zientzian, teknologian, informatikan, matematikan, elektronikan…parte hartzea!”

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen