Itaiak antolatuta, indarkeria matxistaren kontrako hitzaldia egin da. Biolentzia honen nondik norakoak gaitzetsi ditu.
Emakumeon Antolakunde Sozialistak, Itaiak, hitzaldia egin du gaur goizean Kulturaten, A-25aren bezperatan.
Ekitaldiak azaldu ditu “Itaiatik nola ulertzen dugun genero problematika hau, emakumeak zapaltzeko erabiltzen diren oinarriak eta gure egunerokotasunean zein jazarpen jasaten ditugun”.
Maddi Aldazabal Itaiako kideak hizlari jardun du, eta indarkeria matxistaren inguruko datu kezkagarriak ere hizpide izan ditu:
“Kasuak ugaritu egin dira azken urteetan, eta indar feminista ere indartu egin den arren, ez da lortzen indarkeria matxistari buelta ematea, datuek diotenez”.
Egoera iraultzeko bidean, Itaiak mobilizazioa antolatu du Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunerako:
Gipuzkoa mailako mobilizazioa Donostian egingo da, arratsaldeko 18:00etan Boulevarretik abiatuta. “Eskualde honetatik autobusa antolatu dugu, eta izen-ematea zabalik dago gure Twitterrean edo Instagramean”.
Itaiak deialdi zabala egin du: “Ahalik eta jende gehien anima dadila, gaur egun jasaten dugun zapalkuntzari buelta emateko”.