Gaur bete dira 90 urte 1936ko gerran tropa faxistak Arrasaten sartu zirenetik eta, urteroko moduan, Intxorta 1937 Kultur Elkarteak antolatuta, omenaldia egin zaie frankismoaren errepresaliatuei, haien izenak jasotzen dituen monolitoan. Debagoienan erail zituzten 140 pertsonen senideek hartu dute parte lore eskaintzan eta ekitaldian dantzariek, txistulariek eta abesbatza batek hartu dute parte. Urteurren borobil honetan, «oraindik ere egia osoa ezagutu gabe» jarraitzen dutela salatu dute eta Maider Morras, Arrasateko alkateak, behean irakur daitekeen adierazpen instituzionala irakurri du, Debagoieneko udal guztien izenean.

Juan Ramon Garai, Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kideak azaldu duenez, aurten 18 izen gehiago gehitu dizkiete Arizmendiarrieta plazan dagoen monolitoari, 140 dira gaur egun eta, izenez harago, monolitoan agertzen diren guzti horiek guztiak erailtzearen motiboak ere irakurgai daude dagoeneko. «Euskal Herriaren, giza eskubideen, askatasunaren, euskararen… alde borrokatzeagatik hil zituzten».

Ekitaldian errepresaliatutako bi kideen ondorengoek euren bizipenak kontatu dituzte eta jarraian, ezustekoen txanda heldu da. Izan ere, kolpe faxistaren 90. urteurrenaz harago, aurten 40 urte bete dira Intxorta 1937 elkarteak bere jarduna hasi zuenetik –hasiera hartan Octubre izenarekin– eta urte horietan guztietan lanean egon den Juan Ramon Garai berari «egitarau ofizialean» agertzen ez zen omenaldi bat egin nahi izan nahi diote. Horretarako, Juan Ramonek hamaika borroketan lagun izan duen Joxe Iriarte “Bikila”-k hartu du hitza eta bertso bat ere abestu dio. Erabat hunkituta, Juan Ramon Garai arrasatearrak, «ondoan izan zaituztedan lagun hauek guztiak gabe ni ez nintzateke ezer» bota die plaza bete duten guztiei.

Memoria, bizirik
Egia eta justiziaz harago, memoria da elkarte honen aldarri nagusienetako bat eta, momentuz, transmisio lan horrek jarraipena izango duela dirudi. Izan ere, Oihan ‘Fane’ eta Anixe Uribarren Bengoak duela gutxi bideoklip bat argitaratu dute “Bilobak” izeneko kantuarekin eta kantu hau bera abestu dute ekitaldian, gaur egungo kale erritmo dantzagarriak plazara ateraz.
Ekitaldia, ordea, egitarau klasiko eta solemneagoarekin itxi da, lehenengo, txalapartaren doinuez lagunduta, krabelinak utzi baitituzte monolitoaren oinetan eta amaitzeko, Txikitxu Arrostaitz taldeko bi dantzariek aurreskua dantzatu baitute txistularien laguntzaz.
Bide batez, gogoratu nahi izan dute zabalik jarraitzen duela Kulturaten ’40 urte Egiaren eta Justiziaren alde’ erakusketak eta beste bi ekitaldiren berri ere eman dute. Irailaren 29an, ‘Winnipeg el barco de la esperanza’ ikus-entzunezkoaren emanaldia Amaia antzokian 19:00etan.
Eta irailaren 30an Jaime Uriarte Cestonaren inguruko liburuaren aurkezpena. Arrasatear honek Intxortan miliziano jardun zuen, eta Winnipeg-eko erbesteratua izan zen. Liburu hau bere loba Sady Arenas Uriartek idatzi du, eta Jokin Zaitegi aretoan aurkeztuko da 18:30ean.
ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
90 urte betetzen direnean frankistek Debagoienean armaz sartu zirenetik (Elgetan izan ezik), Udal honek gogora ekarri nahi du errepresio frankistak ez zituela soilik ehunka hildako eta fusilamenduak eragin, baizik eta giza eskubideen urraketa sistematikoa ere ekarri zuela.
Besteak beste, emakumeen aurkako indarkeria, bortxaketak, umiliazio publikoak (ilea moztea eta errizino olioa hartzera behartzea), torturak, kartzela zigorrak, erbestea, behartutako lanak, langileen kaleratzeak, irakasleen depurazioa, ondasunen konfiskazioa eta isunak izan ziren. Hori guztia eskubide eta askatasun gabeziaren testuinguruan gertatu zen: euskara debekatua izan zen, Eusko Jaurlaritza erbesteratua, eta herritarrak etengabeko mehatxu eta irainen menpe egon ziren.
Gerraostea bereziki gogorra izan zen gizarte osoarentzat, eta are gehiago alargun eta umezurtz askorentzat. Errepublikan hasitako aurrerapenak, hala nola emakumeen eskubideetan eta hezkuntzan egindakoak, bertan behera geratu ziren diktadura luze eta errepresibo baten ondorioz.
Debagoienean milaka pertsona izan ziren errepresaliatuak. Gertaera hauek gure historiaren parte dira, nahiz eta diktadura frankistak eta ondorengo urteek isilarazi edo ukatu egin duten.
Gaur, 90 urte geroago, honako hau adierazi nahi dugu:
- Frankismoa zuritzen edo aldarrikatzen duten diskurtsoek eta egiturek oraindik presentzia dute, eta horrek zalantzan jartzen ditu ez errepikatzeko bermeak. Horregatik guztiagatik, Udal honek berresten du memoria, duintasuna eta giza eskubideekiko konpromisoa, eta honako hau aldarrikatzen du: Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak. Askatasuna posible delako.
- Askatasunaren hazia erein zenutenak gure oroimenean zaudetelako.
- Oraindik ere oztopoak daude egia osoa ezagutzeko; artxibo polizial eta Guardia Zibilarenak itxita jarraitzen dute.
- Hildako edo erresistentzian galdu ziren pertsona asko desagertuta daude oraindik, identifikatu gabeko hobietan.
- Giza eskubideen urraketa larri horien erantzule politiko, militar eta zibilak ez dira inoiz epaituak izan.
- Frankismoaren biktimek ez dute justiziarako eskubidea eraginkortasunez baliatu ahal izan, eta Debagoieneko erakunde eta herritarren ekimenak ez dira aintzat hartu.









