9 milioi euroko kostua du AHTko obrek Lugartegin eragindako lur-jausien konponketak

0
585

2016an luiziak izan ziren Aramaio-Arrasate zati honetan, besteak beste, bertako baserria kaltetuz. Ortiz Construcciones-ek ADIF auzitegietara eraman zuen, prezioetan ados jarri ez zirelako. Espainiar estatuko Entzutegi Nazionalak ebatzi berri du Lugartegiko konponketa obrak 9.221.796,09 kostatzen direla guztira, eta enpresa publikoak 2’4 milioi € ordaintzeke dizkiola konstruktora pribatuari.

Untzilla errekaren bailaran, AHTarentzako obrek mendiaren zati bat kendu zuten, eta ondorioz “lur-irristatze batzuk” izan ziren 2016ko otsailean.

Ezbehar horrek Lugartegi baserriko zelaian arrakalak ireki zituen, etxea bera kolokan jarri zuen, eta bertako bizilagun Antonia Bergaretxe kaltetu zuen.

Bestalde, ADIF enpresa estatalak, hau da, AHTarentzako obrak kontratatu zituen enpresa publikoak, beharrezko ikusi zuen “ezponda sostengatzeko larrialdi-obrak egitea”.

Testuinguru horretan “21.227.043,63 euroko gutxi gorabeherako aurrekontua adostu zen”, espainiar estatuko Entzutegi Nazionalaren epai berri batek jasotzen duenez.

Horrela, 2016ko martxoan “ADIFeko presidenteak obrak egitea agindu zuen, larrialdia izendatuz, eta Contrucciones Ortiz-i enkargatu zizkion”.

2018ko otsailean, baina, enpresak bere desadostasuna azaldu zuen “ez zelako zertifikatu egindako obra guztia, ezta lanen etenaldiaren ondoriozko gastuak eta makinariaren erabilgarritasuna ere”.

Konstruktorak argudiatu zuen “lanen zenbatekoa 8.638.969,64 eurokoa dela, gehi BEZa, eta etenaldiaren gastuak eta makinaren erabilgarritasuna 1.664.878,62 eurokoa”.

Ondorioz, konstruktorak adierazi zuen ADIFek “3.022.804,02 € zor zizkiola, gehi berandutze-interesak”.

Afera auzitegietara iritsi zen, eta 2022ko urrian espainiar estatuko Administrazioarekiko auzi-prozesuetako Epategi Zentralak ebazpena jakinarazi zuen.

Erabakiak zehazten zuenez, “egindako obrek 7.621.319,09 euroko kostua dute, gehi BEZa, eta ondorioz ordaintzeke dagoena 2.005.426,16 € dira, gehi BEZa”.

Ildo horretan, epaitegiak agindu zuen “ADIFek helegitea aurkeztu duenari [Ortiz Construccionesi] 2.426.566,02 euroko zenbatekoa ordaintzea, BEZ barne”.

Era berean, enpresa publikoak konstruktorari “atzerapenaren ondoriozko interesak ere ordaintzera” zigortu zuen.

Sententzia horri helegitea aurkeztu zioten bai ADIFek baita Ortiz Construccionesek ere, espainiar estatuko Entzutegi Nazionalean.

Perituek egindako azterketak ondorioztatu du enpresa estatalak 2.426.566,02 € (BEZ barne) zor zizkiola konstruktora pribatuari.

Entzutegiak bere epaia ezagutzera eman du aurtengo martxoan, adieraziz emergentziaz “egindako obrek 7.621.319,09 euroko kostua dutela, gehi BEZa”.

Ondorioz, “ordaintzeke dagoena 2.426.566,02 € direla, BEZ barne”, eta enpresa estatalak konstruktorari ordaindu behar dizkiola, “baita berandutze-interesak ere”.

Azken sententzia honi kasazio-helegitea aurkeztu ahal izan zaio.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen