9.855.000 euroko aurrekontuak onartu ditu Mankomunitateak

0
1034
Debagoieneko
cof

Gehiengo absolutuz onartu dituzte Debagoieneko Mankomunitateko aurrekontuak: alde bozkatu dute EH Bilduko 8 ordezkariek eta Leintz Gatzagakoak. EAJ-PNVkoak abstenitu dira.

Argazkia: Debagoieneko Mankomunitatea

Besteak beste, turismoko plan estrategikoa garatzeko partida jaso dute aurrekontuetan, 15.000 € aurreikusi dituzte horretarako:

“Aurreko legealdian etengabe aldarrikatu genuen horretarako beharra, baina ez genuen erantzun baikorrik jaso. Alegia, duela bi legealdi gaiari loturik egindako lanketa sakona geldiarazi zen azken legealdian”, argitu du Antonek.

Bestetik, hondakin bilketari loturiko zenbait gai lantzeko partidak ere adostu dituzte. Tartean, 20.000 € bideratuko dituzte hondakinen karakterizaziora. Hori baliagarri litzateke edukiontzietan zer jasotzen den eta zertan hobetu daitekeen ikusteko.

Gainera, Mankomunitateak “arreta berezia” jarriko du hondakinen murriztearen eta bereiztearen inguruko kontzientziazioan. Horretarako, 20.000 euroko partida zehaztu du.

Oro har, aurreko urtekoekin alderatuta, 2020ko aurrekontuetan diru gehiago dago inbertsioetarako.

Mankomunitateko lehendakariaren esanetan, “2019ko aurrekontuetan diru gutxi bideratu zen inbertsioetara; beharrezko ziren hainbat erosketa egiteko orduan oztopo izan da hori”.

Aurrekontuen aurre lanketan, hainbat proposamen aurkeztu zituzten EAJko ordezkariek. Horren harira, Maite Antonek azaldu du jeltzaleek aurkeztutako hiru proposamenetatik bi jasota zeudela euren zirriborroan: turismoko plan estrategikoa eta murriztearen zein bereiztearen inguruko kontzientziaziorako partida.

Aurrekontuez gain, bestelako egitasmoak ere badituzte aurreikusita mankomunitateko arduradunek:

  • Gizarte Zerbitzuen Mapa eratzea
  • Deba ibaia garbi mantentzeko plangintza diseinatzea (Debagoieneko Euskadi Lagunkoiarekin batera)

Bestetik, aurrera begira eragina izango duten beste zenbait gairekin ere badabil mankomunitatea. “Horien artean dira Epeleko isurtegirako planteamendua eta hondakinen bilketa enpresarekin martxan dagoen kontratua”.

Goian aipatu bezala, aurrekontuak 9.855.000 eurokoak dira, eta emaitzarekin “pozik” azaldu da Maite Anton Debagoieneko Mankomunitateko lehendakaria:

“Gustura gaude datorren urterako landutako aurrekontuekin. Hilabeteak eman ditugu horretan
lanean. Eta egindakoak eman ditu bere fruituak. Finean, garrantzizko zenbait gai lantzen hasteko mugarri ditugu aurrekontuok eta aurreko legealdian blokeatu ziren hainbat ekimenei ere berrelduko diegu”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen