8 lagun gehiagok gainditu dute Covid-19a Iturbide egoitzan

0
926

Hirugarren egunez jarraian, ez da Covid-19 kasu positiborik atzeman Gipuzkoako egoitzetan, bederatzi sendatu dira eta bat hil da.

Testua: Gipuzkoako Foru Aldundia.

Eider Mendoza foru bozeramaileak Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetako azken orduko egoeraren berri eman du, eta jakinarazi du, hirugarren egunez jarraian, ez dela Covid-19 kasu positibo berririk atzeman. Beste alde batetik, bederatzi lagun sendatu dira Arrasateko Iturbiden (8) eta Zumaiako Otezurin (1), eta pertsona bat zendu da Tolosako Iurreamendin.

Guztira, 5.425 pertsona artatzen diren Gipuzkoako 65 zentrotan, gaur arte, 202 lagunek gainditu dute gaixotasuna, 157 zendu dira eta 185ek diagnostiko positiboarekin jarraitzen dute. 15 dira kasu positiboak dituzten zentroak lurraldean, 29 lagun daude ingresatuta Donostiako Gurutze Gorriaren zentro soziosanitarioan eta 30 ospitalean.

Telezaintza

Eider Mendozak jakinarazi du, Gizarte Politikako Departamentua deiak egiten ari dela konfinamendu garaian bere senideak egoitzetan galdu dituzten familiei: “Hilabete baino gehiago da segurtasun arrazoiengatik bisitak etenda daudela, egia da egoitzetan telefono deiak eta bideodeiak areagotu egin direla, eta testuinguru horretan, agurrak ohi baino askoz gogorragoak dira; hala ere, ezarritako protokoloek jasotzen dute hurbileko senitartekoak egoitzetara sartzearen aukera, kontaktu fisikorik gabe, segurtasun neurrietan arreta handia jarriz eta beharrezkoak diren norbere babeserako ekipoak erabiliz”. Hala ere, jarraitu du bozeramaileak, “familiartekoentzat momentu oso gogorrak dira eta, horregatik, telefono deiak egiten dira zendutako pertsonen erreferentziazko senitartekoei, eta haien eskura jartzen dugun laguntza psikosozialeko zerbitzua eskainiz”.

Telezaintza zerbitzua, 900 43 43 43 doaneko telefonoan, duela hilabete baino gehiago jarri zen martxan, eta telefono arreta zerbitzu honen bitartez, Covid-19a dela eta dauden zerbitzuen inguruko harrera eta orientazio zerbitzua eskaintzen da. Eskaintzen diren zerbitzuen artean azpimarratzekoak dira familiei eta egoitzetako langileei eskaintzen zaien laguntza psikosoziala, baita mendekotasun prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten pertsonei, zaintzaileei eta egunero zentroetako erabiltzaileei, egoiliarrak aldi baterako beraien etxeetara bueltatu nahi duten kasuetan egiten den kudeaketa, egoitza zentroetako langileen kasuan ostatu alternatiboaren eskarien kudeaketa, eta mendekotasun laguntza ekonomikoen inguruan orientazioa eta informazioa ere eskaintzen dira.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen