75 entitatek jada Euskaraldian izena eman dute; herritarrek asteazkenetik

0
252

Beheko testua: Arrasateko Euskaraldiaren lan-taldea / Argazkia: MB artxiboa.

Bi hilabete falta dira Euskaraldiaren 3. edizioa hasteko eta datorren astera begira hainbat berri ditu Arrasateko Euskaraldiaren lan-taldeak.

Norbanakoen izen-ematearen irekiera

Irailaren 28an emango zaio irekiera norbanakoen izen-emateari eta https://izenematea.euskaraldia.eus/ izango da honetarako erabiliko den ataria.

Parte hartzen den lehenengo aldia izanez gero, galdetegi motz batean eskatzen diren datuak bete eta ahobizi edo belarriprest rola aukeratuko da.

Aurreko edizioren batean parte hartu duenak aldiz, atarian sartu eta bere parte-hartzea baieztatu beharko du soilik. Nahi izanez gero, aurretik eduki zuen rola aldatzeko aukera izango du.

Hala ere, aurrekoetan parte hartu duten guztiek, mezua jasoko dute beraien posta elektronikoan, aurtengoa baieztatzeko aukerarekin.

Euskaraldia hasi artean, hainbat izen-emate mahai ezarriko dira herrian, informazioa eman, zalantzak argitu eta izen-ematean laguntzeko asmoz. Horretaz gain, arrasate@euskaraldia.eus helbidera idazteko aukera ere badago.

Norbanakoen izen-ematearen irekiera dela eta, ekitaldi orokorra egingo da Bilboko Kafe Antzokian irailaren 28an, 19:00etan. Arrasaten ere, Ahobizi eta Belarriprest kalera irtengo dira, herritarrei, Euskaraldian izena emateko aukera zabalik egongo dela adierazteko.

Gazteak Euskaraldira

Arrasateko Euskaraldiaren edizio honetako berrikuntza izan da Gazte Batzordea sortzea. Talde honen erronka, herriko gazteak Euskaraldira erakartzea da eta horretarako hainbat lan-ildo jorratzen dabiltza.

Horietako bat, Gazteak Euskaraldira ekitaldia izango da, irailaren 29an, 19:00etan Arotz plazan egingo dena (Irati tabernako plazan). Bertan, Euskaraldian parte hartzeko aukera eta gakoen berri emango da, Etxepe eta Tabu taldeen musikaz gozatu bitartean. Gainera, izen-emate mahaia eta Euskaraldiko materiala eskuratzeko aukera ere egongo da bertan.

Ekitaldia baliatuz, “Gazte kuadrilla sarea” egitasmoa aurkeztuko dute, Euskaraldian parte hartzea, gazte talde gehiagotara zabaltzeko sortu dena.

Entitateen izen-ematea

Gogoratu bestalde, entitateen izen-ematea zabalik egongo dela urriaren erdialderaino www.euskaraldia.eus-en, entitateak atalean. Arrasaten 75 entitatek eman dute izena jada.

Arrasaten arigune gehiago lortuko ditugulakoan, herriko denda, taberna, kirol zein kultura talde, enpresa… eman izena Euskaraldian!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen