730 zuhaitz eta zuhaixka landatu ditu Arrasateko Udalak urtarril-otsailean

0
310

Argazkia eta beheko testua: Arrasateko Udala.

Zuhaitz landaketekin batera, basotxoak eta txorko arteko berdegune berriak sortu dituzte hirigunean, “natura Arrasateko hirigintzan txertatu eta berdeztatzeko”. Aldaketa klimatikoaren arazo globalari tokian tokitik aurre egiteko eta hirigintza ekologiko eta atseginago baten aldeko politiken artean kokatu ditu udal korporazioak.

2024ko neguan 730 zuhaitz eta zuhaixkatik gora landatu dituela iragarri du Arrasateko Udalak. “Arrasate berdeago bat, jasangarri, ekologiko eta atseginago bat egiteko apustuarekin sartu ginen gobernura, eta horretan ari gara”.

Mota askotako zuhaitzak landatu dituzte, gehienak hirigunean, baina baita landa auzo edota industriaguneetan. “Erguin, Santa Marina, Musakola, Uribarri, Altamira, Garagartza, San Andres, Markulete… auzo guztietan landatu dira zuhaitzak”.

Lan hauek neguan egin ohi dira, udaberriaren atarian. Horregatik lanak urtarrila eta otsaila bitartean egin dira.

Basotxoak eta berdeguneak

Zuhaitz landaketa handiaz gain, bestelako interbentzio txikiak ere egin dira, berdeguneak sortuz eta hauetan esku-hartze berriak eginez.

Txorkoetan berdegune txiki bi sortu dira azken hilabeteetan, “hirigintza atseginago eta jasangarriago bat eraikitzen laguntzen dutenak” adierazi dute udal ordezkariek. Interbentzio hauek Arrasate Pasealekuan eta San Frantzisko Eliza atzean egin dira. “Emaitza positiboa izan da, bai hirigintza ikuspegi jasangarri batetik, eta baita zuhaitzen garapen esparrua zaintzeko. Gure asmoa honelako interbentzio berriak egiten jarraitzea da”.

Dagoeneko sortuak zeuden berdeguneetan “basotxoak” deituriko zuhaitz guneak sortu dira, besteak bete Uribarrin, Musakolan edota Zerrajeran. “Honelako basotxoak hiri-biodibertsitatea handitzen laguntzen dute. Berdegune handietan zuhaitz eta zuhaixka multzoak egiten dira, zuhaitzetako batzuk fruitu jangarriekin, eta modu honetan, animalia ezberdinak erakartzen dituzte, batez ere txoriak”.

Onura positiboak herrian

Zuhaitz eta zuhaixken landatzeak hiri eta herrientzat onurak besterik ez ditu ekartzen. Nazio Batuen Erakundeak praktika hau sustatzen du, besteak beste, “bizitoki jasangarriak eraikitzeko”.

Onuren artean, aurrez aipatutakoez gain, aipatzekoak dira airearen kalitatea hobetzea, zuhaitzek sortutako itzalek 2 eta 8 gradu artean hozten dutela tenperatura beroaldietan, edota osasun fisiko eta mentala hobetzeko baliagarriak direla.

Gaixo daudenak ordezkatu eta lapurretak ekidin

Zuhaitz berriak jartzeaz gain, Arrasate Udalak hilik edo gaixorik zeuden zuhaitz batzuk kendu behar izan ditu, baita berrurbanizazio bat edo beste egiteko gutxi batzuk kendu. “Hiriko berdegune eta zuhaitzen zaintza etengabekoa da, eta horren eguneroko jarraipena egitea ezinbestekoa da Udalaren aldetik. Horretarako, zuhaitzen egoerak ezagutzeko txosten teknikoak eskatzen dira, eta txosten horiek identifikatzen dituzte gaixorik edo hilik dauden zuhaitzak, hauek kendu eta ordezkatuak izateko aholkuekin” adierazi dute udal ordezkariek.

Horrez gain, urtarrila eta otsailean landatu dituzten 730 zuhaitz eta zuhaixketatik batzuk lapurtu dituztela salatu du Udal Gobernuak. “Zuhaitz batzuk lapurtu egin dituzte gune ezberdinetan, eta, beste batzuk, apurtuta agertu dira. Azken kasu honen adibide da Santa Barbara, landatu ziren zuhaitzetatik gutxi batzuk besterik ez dira zutik geratzen”. Udal ordezkariek “guztion jabetzakoak diren berdeguneak” errespetatu eta zaintzeko ardura eskatu du.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen