Arrasateko Zaintza Sare Herritarrak laguntza eskaintzen jarraitzen du

3
1204

Jakitera eman du “auzolanean ari garela gure arteko beharrak asetzen”, zeren eta “gure bizitzak eta ondokoenak balioan jarrita, elkar zaintzeko garaia baita”.

Testua eta bideoa: Arrasateko Zaintza Sare Herritarra.

Gaur hilabete hasi ginen Zaintza Sare Herritarra josten, eta dagoeneko hamaika zerbitzu eskaini ditugu Arrasateko etxeetan.

Konfinamenduarekin, sistemak aurretik zituen hutsune eta gabeziak larriagotu egin direla jabetu gara, eta agintarien ekintza eta elkarlana faltan sumatzen ditugu.

Hala ere, orain arteko ibilbideak komunitateak duen garrantzian berresteko balio izan digu. Ez gaude bakarrik, elkarren beharra dugu eta elkar zaintzeko prest gaude.

Auzoz auzo, herritarren arteko harremanak landuz, auzolanean ari gara gure arteko beharrak asetzen: erosketak egin, telefono bidezko arreta psikologikoa eman, eskolako lanekin lagundu, maskarilak josi, herriko komertzio eta nekazarien errealitatea bistaratu…

Baina badakigu oraindik asko eta asko direla herrian dauden premiak: bakartutako bizilagunak, diru sarrera gabe gelditutakoak, bortizkeria giroan daudenak, eskolako lanekin ezinean dabiltzanak, herrikideen salaketak jasaten dabiltzanak, oinarrizko beharrak asetzeko baliabiderik ez dutenak…

Gure bizitzak eta ondokoenak balioan jarrita, elkar zaintzeko garaia da.

ANIMO GUZTIOI!

3 IRUZKIN

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen