Arrasateko Loredana Vieriu, tratu txarren biktima, bi astean behin bakarrik egon daiteke bere bi haurrekin, bi epaiketa irabazi dituen arren. Sinadurak biltzen dabil herrian “lapurtutako haurrak itzul diezazkiguten”, eta dei egiten du kausa honen alde, Madrilen egingo den mobilizaziora.
Argazkiak: Loredana Vieriu
Loredana Vieriu arrasatearra haurdun zela bere orduko senarrarengandik tratu txarrak jasan zituen, baita ondoren mehatxuak jaso ere.
Horrek guztiak “ondorio psikologikoak eragin dizkit, eta hori argudiatuta administrazioak nire seme-alabak kentzea erabaki zuen. Ordea, Arrasaten egindako azterketa psikiatrikoak ondorioztatu du ondo nagoela”.
Administrazioaren erabakia epaitegietara eraman zuen Loredanak, “eta lehen epaiketa irabazi nion. Hala ere, administrazioak ez zuen sententzia bete, eta ondorioz beste salaketa bat aurkeztu behar izan nuen”.
Bigarren epaiketa ere irabazi zion Aldundiari “baina hala ere Bizkaiko Aldundiak ez du nahi nire seme-alabak nirekin itzultzea. Argudiatzen dute nire familiarekin oso ondo daudela, baina euren ama ni naiz”.
“7 urte, hilabete 1 eta 17 egun daramatzat borrokan nire seme-alaben tutela lortzeko. Borrokan eta itxaroten jarraituko dut, oso gogorra den arren”.
“Nire seme-alaben haurtzaroa galdu dut, eta sentitzen dudan mina ezin da azaldu, sentitu beharra dago, ama gisa”.
“Nire familiarekin daude Bilbon, ondo daude, baina bi astean behin soilik egon naiteke nire haurrekin. Bisita hori 4 ordukoa da”.
“Arrasaten halako kasu gehiago izan dira, baina amak azkenean herritik joan ziren, euren seme-alabak ken ez ziezaieten”.
Kausa horren aldeko sinadura bilketa hasi du Arrasaten, estatu mailan Asociación Nacional del Menor Gitano elkarteak antolatutakoa, eta Loredana, kaltetu bezala, horretaz arduratzen da Arrasaten.
Kanpainak eskatzen ditu “gure seme-alabak guri itzultzea eta haur gehiago ez kentzea”. Gaur egun legez administrazioko teknikari batek erabaki dezake ama bati tutela kentzea. “Guk eskatzen dugu erabaki hori hartzekotan, epaile batek har dezala”.

Gainera, tutela edo tutoretza kentzeko erabakia “hartzekotan, egietan oinarritu dadila, eta ez gezurretan, hainbatetan asistenta sozial batzuk gezurretan aritu dira”.
Arrasateko ama honek azaldu digu “seme-alabak kendu zizkidatenean, erabakia administraziotik hartu zuten arren, Gipuzkoako bi enpresa izan ziren haurrak kendu zizkidatenak. Izan ere, badira kinka larri honetatik negozioa egiten duten enpresak”.
Kanpaina honen alde ere Plataforma Salvemos a los Niños delakoak dihardu. “Bidegabeki” euren familietatik atera dituzten haurren alde dihardu.

Kontuan hartzekoa da egun 50.000 haur administrazioko gizarte-zerbitzuek euren familietatik aldendu dituztela. Horietatik %40 inguru ijitoak dira.
Sinadura bilketak helburu du “5 milioi babes jasotzea estatu espainiar osoan, 8/2015 legea indargabetzeko eta epaileak edo fiskalak izan daitezela erabakiak hartzen dituztenak”.
Kanpaina honekin bat egin dute hainbat profesional, tartean hilketetako biktimak, psikologoak, epaileak, …
Kausa honen aldeko bideoak ikusgai daude hemen klikatuta. Gainera, Loredanak herrikideei eskatzen die ondorengo irudia inprima dezatela eta kausaren alde sina dezatela. Ondoren, orriak berari emateko, ondoko telefonora deitu: 688 74 89 96.
Hortaz gain, apirilaren 17an manifestazio-kontzentrazioa egingo da Madrilen, Berdintasun eta Gizarte Zerbitzuen Ministerioaren egoitza parean, goizeko 10:00etatik 15:00etara, haurren eskubideen alde.
“Lanean ari naiz, Arrasaten egindako azterketa psikiatrikoak ondorioztatu du osasuntsu nagoela (nahiz eta nire senar ohiaren aldetik tratu txarrak jasan nituen), etxebizitza duin bat dut, nire seme-alabak izugarri maite ditut,… Zer gehiago behar dute nire haurrak itzultzeko?”.
“Ez dugu merezi administrazioak gure haurrak kentzea tratu txarrak sufritutako emakumeak izateagatik, etorkinak izateagatik, baliabide ekonomiko gutxi izateagatik,… Herritarren laguntza behar dugu”.
Q la devuelvan a sus hijos a la madre
Goiko iruzkinaren tradukzioa: Itzul diezazkiotela bere haurrak amari.