“65ean herritarren %6 arabarra zen jatorriz, %3 Badajoztik zetorren”

0
594

Arrasate Zientzia Elkarteak antolatuta, Jon Delgado soziologo eta ikerlariak hitzaldia eman du asteon. Batez ere 50. eta 60. hamarkadetako Arrasateko eraldaketa demografiko eta soziala aztertu ditu.

Aurrera jarraitzen du X. Arrasateko Iragana Astintzen hitzaldi zikloak, eta aste honetan Jon Delgado Aldabaldetreku soziologo eta ikerlariak hitzaldia eman du.

Ekitaldiak aztertu egin du Arrasateko eraldaketa demografiko eta soziala XX. mendearen bigarren zatian, 50. eta 60. hamarkaden bitartekoak gehienbat.

Hartara, lehenengo Europa eta mundu mailetan orduan ematen ari ziren prozesuen analisi orokor bat egin du.
Horren adibide dira hiri modernoaren paradigmaren sorrera edota nekazal exodoaren prozesua.

Han eta hemen, industrializazioarekin batera, hiri eta inguru urbano handiak sortu ziren XIX.ean eta XX. mendearen hasieran.

Espainiar estatuari dagokionez, hitzaldiak arlo horretako frankismoaren berezitasunak aipatu ditu: “lehenengo autarkia eta protekzionismo garai bat ezarri zen 50. urtera arte, non ekonomiak ez zuen inolako garapenik izan”.

Ondoren, 50. hamarkadan garapen industrial bat izan zen, “polo ezberdinetan eta Euskal Herria polo horietako bat izan zen. Bizkaian garapena Bilbo inguruan kontzentratu zen gehienbat, eta Gipuzkoan lurralde osoan finkatu zen”.

Gune garrantzitsuenetako bat “Arrasate eta Debagoiena izan ziren, eta horrek aldaketa demografikoak eragin zituen, garrantzitsuenetako bat 65eko arrasatearren jatorria izanik”.

Izan ere, “Arrasaten urte horretan herritarren %6 arabarra zen jatorriz, %3 Badajoztik zetorren, eta beste %3 Gaztela Leongo probientzietatik, Zamoratik esaterako”.

Bestalde, hitzaldiak aztertu du 60. hamarkadako alfabetizazio tasa 40. hamarkadakoarekin alderatuta. Baita zein ogibide zituzten arrasatearrek 65ean ere, “emakumeen eta gizonen arteko diferentzia” aztertuz.

Gai horrek debate interesgarri bat sortu zuen hitzaldiko entzuleen artean ekitaldiaren amaiera aldean.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen