60 gazteri alokairurako diru laguntza eman die Udalak iaz, 66.610 €

8
1165

Guztira 68 eskaera izan ziren iaz: 24 eskatzailek aurrez ere laguntza hau jasotzen zuten, 36 eskatzailek lehen aldiz egin zuten eskaera, eta 8 eskera ukatu zituen Udalak, onuradun izateko baldintzak ez betetzeagatik. Udalak denera 66.610 € banatu zituen iaz.

Beheko testua: Udala / Goiko argazkia: Andoni Alzelai.

Arrasateko Udalak 66.610,06 euroko inbertsioa egin du 2020an 18 eta 35 urte bitarteko gazteei alokairua ordaintzen laguntzeko. 68 eskaera egon dira guztira, horietatik 8 ukatuak izan dira baldintzak ez betetzeagatik. Diru-laguntza hauen helburua da udalerriko gazteei emantzipazioa erraztea eta bide horretan laguntzea, eta etxebizitza alokairua sustatzea.

2017an hasi zen Arrasateko Udala laguntza hauek herritarren eskura jartzen. Urtero 45-55 eskaera artean egon dira, baina 2020an zifra horrek nabarmen egin du gora.

Eskatzaileen artean, 24 pertsonek aurreko urteetan ere laguntza hau jasotzen zuten, eta 36 eskaera berri egon dira. Horiez gain, 8 eskaera ukatu dira baldintzak ez betetzeagatik. Emakumezkoak 40 dira eta gizonezkoak 28.

Eskaera motaren arabera, norbanakoak dira %75a, hau da, 51; bizikidetza unitateak, berriz, %25a, 17. Adinari erreparatuz, 26-30 urtekoak dira gehienak, %60,29; 18-25 urte bitartekoak %20,59 eta 31-35 artekoak %19,12.

Maitane Muñoz Goikoetxea zinegotziak nabarmendu du 2021ean jarraipena emango diola diru laguntza lerro honi Udalak: “Udal Gobernuak horrelako laguntzen alde egiten duen apustua irmoa da. Gazteek etxebizitza bat eskuratu ahal izatea ezinbesteko urratsa da beren bizi-proiektua garatzeko. Erraztasunak ematen jarraitzea dugu helburu, bereziki herri honen etorkizuna direnei, herrian bertan bizi daitezen”.

2021ean eskatzaileek bete beharreko baldintzak

Diru-laguntza eskatzaileek 18 eta 35 urte bitarteko adina izateaz gain, Arrasaten erroldatuta egon behar dute azken 3 urteetan etenik gabe, edo etenekin gutxienez 10 urtetan. Ezin dute etxebizitzaren jabetzarik izan (ez eskatzaileak ezta bizikidetza unitateko kideetako inork).

Alokatutako etxebizitzan bizi diren pertsona guztiak bertan erroldatu behar dira, eta honakoak izan daitezke eskatzailearen diru sarrerak gehienez: 29.000 euro gordin urtean eskatzailea norbanakoa bada, eta 40.000 euro gordin urtean eskatzailea bizikidetza unitate bat bada. Etxebizitza partekatzen duten gazte guztiak izan daitezke onuradun, denek sinatzen badute alokairu kontratua eta baldintzak betetzen badituzte. Onuradun guztiek egunera izan behar dute Arrasateko Udaleko zerga, tasa eta zehapenen ordainketa. Diru sarrerei dagokienez, ezin izango da urtean 600 eurotik gorakoa izan kapital errentetatik eratorritako errendimendu gordinen zenbatekoa. Azkenik, ezin izango da familia loturarik izan onuradunen eta errentatzailearen artean.

12 hilabeteko kontratua gutxienez eta hileko 650 euroko prezioa gehienez

Kontratuari dagokionez, alokairu kontratuak gutxienez 12 hilabeteko iraupena izan beharko du eta etxebizitza alokairuaren prezioa gehienez hileko 650 eurokoa izango da, eranskinak barne. Alokairutik edo diruz lagundu daitekeen kontzeptutik kanpo geldituko dira garaje, komunitate eta administrazioko gastuei dagozkienak, eta alokairuko hileko kuotatik 30 euroko zenbateko finko bat kenduko da gastu horiengatik, alokairu kontratuan sartuta badaude eta ez bada aurkezten horietako bakoitzaren hileko kostuaren berariazko justifikaziorik.

8 IRUZKIN

  1. Bikain. Ados. Eta horren truke zer egiten dute? Ez dakit ze demontre gertatzen ari den gaur egun. Batzuk ez dute kolpe zorririk jotzen eta leku guztietatik laguntza lortzen dituzte. Horren truke al zuten herritako gauzak egin, adibidez ibaiaren garbiketa egin, beste hainbeste gauzen artean. Hau desastrea dugun gizartea.

    • Baina zer tontokeri da hori? Laguntza eskatzen duten pertsona hauek lan egiten ez dutela uste al duzu? Eskatzen duenak, benetan behar duelako eskatuko duela uste dut, eta gainera hainbat puntu bete behar dira dirulaguntza lortzeko.

      Zuk sekula behar baduzu, zure eskura izango izan eta eskertuko duzu. Dirudienez, errenta elegantea daukazu eta ez dezu laguntzarik behar alokairua ordaintzeko, zein hile bukaerara heltzeko. Horrelako iritzi tristea izatea, gaur egun dagoen prekarietate, lan faltarekin…

      • Uste dut ez duzula ulertu. Laguntzen alde nago baina langabezian baldin badaude, laguntzak jasotzen dituzten bitartean ez legoke gaizki herriaren alde zerbait egitea. Proposamen bat da.

    • Diru publikoa modu batera edo bestera eskuratu (soldata, diru-laguntza, eskupekoa…) eta kolpe zorririk jotzen ez duen jende guztia errekak garbitzen jarriz gero, itsasoa ere plastikorik gabe geldituko litzateke! Eta etxearen alokairurako laguntza jaso duten hauek, horrela izan beharko balitz, gehienez 15 egunean egin beharko lukete lana baina beste batzuek bizitza osoan ere ezingo lukete zorra kitatu. Eta ez naiz funtzionario guztiez ezta laguntzak jasotzen dituzten guztiez ari, diru hori modu abusiboan eskuratzen dutenez edo jasotzen dutena eta egindakoaren arteko proportzioa ez datorrenean bat baizik (enpresari handiak, politikari asko, administrazioko langile batzuek, errentatik bapo bizi direnak, patrimonio handia dutenak…)

  2. Samindiutak esan nahi duena, edo nik behintzat horrela ulertzen dut, une honetan badagoela dirulaguntzak jasotzen duen hainbat pertsona, euren eguneroko bizitzan inolako betebeharrik ez daukatenak.. Eta administraziotik laguntzak jasoz gero, trukean zeozer emateko prest egon beharko liratekela.. Eta ni bat nator. Hamaika lan daude egiteke, ez bakarrik erreka bazterrak txukundu, eta modu horretan gizarteak zu laguntzen bazaitu, zuk gizarteari zure ekarpena egiten diozu.

    • Ba horretarako pertsonak kontratatu egiten dira ez diruz lagundu. Eta kontratatu ezin direnekin zer? adibidez: lanean daudenak baina soldata minimoa kobratzen edo kontraturik gabe…, 2 seme-alaba txiki eta hauen aitajauna zaintzen dituen pertsona, epe luzerako baja batekin dagoena depresioa duelako… 100.000 adibide jarri daitezke eta ez genuke bukatuko, baina horiei diru laguntza txiki batengatik lana egin dezatela eskatuko diogu (eta ezin badute justifika dezatela ondo) edo ez al da logikoagoa horien guztien kontu poltsikoa bero-bero duenari kontuak eskatzea?

      • 60 gazteei eman diete. Jakin nahi dut zer egiten duten bitartean. Hau da, demagun langabezian daudela, ba ez legoke gaizki zerbait bilatu arte herrirako lanak egitea. Demagun, soldata minimoa dutela, ikusi beharko da zer jornada duten etabar. Ikusten dudana da laguntzak ematen direla eta listo. Flipantea da dugun gizartea. Dena dohain ematen da, inongo esfortzurik gabe. Guztatuko litzaidake jakitea nortzuk diren dirua jaso duten horiek. Ez dut gaizki pentsatu nahi baina RGI kobratzen duten batzuk esagutzen ditut eta nik baino askoz gehiago bidaiatzen dute, bere Iphoba eta Audi bat. Benetan esaten dut. B-n lan egiten dute eta “oso pobreak dira”. Lotsagarria da.

        • Lotsagarria da benetan esaten hari zarena. Benetan zure ingurura begiratu al duzu? Langabezia tasa ikusi al duzu? Prekarietateari buruz ba al dakizu zerbait.

          Etxetik alde egin nahi duen gazte bikote batek, zergatik ezin ditu herriko laguntzak jaso? Zuk berdin berdin jaso ditzazkezu hainbat ezaugarri edo puntu betetzen badituzu. Zuk diruarekin arazorik ez badaukazu, zertarako sartu behar duzu muturra besteen bizitzetan? Norberak egin dezala bere bidea ahal duen bitartean, eta laguntza behar badu, zergatik ez lagundu? Erreketako zaborra jaso behar al det, paroan nagoelako ? Lotsa gutxi

Utzi erantzuna Suminduta(r)i Erantzuna bertan behera

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen