45’8 milioiko Aurrekontua proposatu du Gobernuak, %15eko igoera

3
1062

“Datozen urteetako politiken oinarri eta abiapuntu” izango da, EH Bildu eta Elkarrekin Arrasatek azaldu dutenez. 3 ardatz nagusi azpimarratu ditu Maider Morras Azpiazu alkateak: “ehundura komunitarioa indartu eta zaintzea; herri hobe, eroso eta jasangarriago bat; eta elkarlan kooperatiboan eraikitako gobernantza eredua”. Iazkoekin alderatuta, aurrekontuek ziurrenik 6 milioi euroko igoera izango dute.

Beheko testua eta argazkia: Udala.

Gaur aurkeztu dute Arrasateko Udal Gobernua osatzen duten EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek 2024 aurrekontu proposamena. Guztira ia 46 milioiko inbertsio eta gastuak aurreikusi ditu gobernuak «datozen urtetan gauzatuko diren proiektuen abiapuntu bezala», adierazi du Maider Morras, Arrasateko alkateak.

Aurrekontu proposamenak hiru ildo nagusi eta estrategikoei erantzuten die: ehundura komunitarioa indartu eta zaintzea; herri hobe, eroso eta jasangarriagoa sortzea eta gobernantza eredu kooperatibo bat eraikitzea, hurrenez-hurren. «2024ko aurrekontuek hiru zutabe horietan Arrasate zein arrasatearrek dituzten beharrei eman nahi die erantzuna» gehitu du alkateak.

Ongizatea, garapen komunitarioaren berme

Arrasatear guztien ongizatea bermatzeko bi proiektu nagusi azpimarratu ditu Morrasek, osasun mentalaren inguruko diagnostikoa egitea eta aniztasun politiketan esku-hartzea. Lehen proiektuaren harira, alkateak adierazi du behin diagnosia osatuta, asmoa dela datozen urteetan bertan atzemandako beharrei erantzuteko politikak martxan jartzea. «Herritarren osasun mentala zaintzeko apustu argia egiten dugu, horrek zuzeneko eragina duelako norbanakoen ongizatean, baita, aldi berean, herriko bizikidetzan ere. Gainera, proposamen hau aurrera eramateko herriko eragile desberdinen inplikazioa sustatzea da gure asmoa».

Aniztasun politikei dagokionez, egun Udalak duen Aniztasun Plana gauzatzeko giza-baliabideak kontratatzeko partida sortu dutela iragarri du. «Hiru urteko exekuzio programa bat egingo da Aniztasun Mahaiarekin lankidetzan, eta horretarako jardun osora egongo den teknikari bat kontratatuko da epealdi horretarako eta bere helburua izango da hiru urte horietan Arrasateko jatorri eta identitate ezberdinen arteko bizikidetza eta integrazioa bultzatzea. Inplikazio politiko berezia egin nahi dugu esparru honetan, eta zehar-lerrotasunean sakontzeko abiapuntu izatea nahi dugu».

Hirigintza, herritarren eta jasangarritasun irizpideekin

Arrasate hobe, eroso eta jasangarriaren bidean auzoen berrurbanizazioak izango dira presentzia nabarmen hartuko dutenak. Alkateak azaldu duenez «Santa Teresa eta Dosnestebe Portuko kaleen urbanizazioei jarraipena emango zaie 3 milioi eurorekin, Altamirako Jose Luis Iñarra kalearen berrurbanizazioaren lehen faseari ekingo zaio 2 milioi eurorekin, eta beste bi guneren proiektuak egingo dira: Gudarien Plazakoa urte hasieratik hasita, eta urte amaierarako Grupo San Juaneko proiektua idazteko deialdia egitea espero da».

Herri ikuspegian pedagogia ere txertatzea aurreikusten du Udalak, garbitasunaren inguruan herritarren hausnarketa bultzatzeko kanpaina bat abian jarriz eta cohounsing ereduaren definizioa bilatuko duen lanketa aurrera eramanez.

Azkenik, urte luzez alde batera utzitako azoka berpizteko lanei ekingo diola ere gehitu du udal gobernuak. «Horretarako azoka eraberritzeko lehen zatia exekutatuko da, eta horrez gain, azokaren erabilera indartzeko ereduaren inguruko lanketa egingo dugu eragileekin» azaldu du Morrasek.

«Gure helburua da kontsumo eredu jasangarri bat bultzatzea, eta hori lortze aldera ekimen eta hitzarmen ezberdinak sustatuko ditugu», gehitu du.

Amaitzeko, ingurumenari lotuta «Arrasateko hiru natur parkeei garrantzia ematea da gure helburua. 2024rako Etxezarretako Eremuko lorategi eta ibilbideen berreskuratze plan proposamena gauzatzeari helduko diogu eta datozen urteetan Monterron eta Santa Barbara parkeak birpentsatzeko txanda izatea nahi dugu» dio alkateak. Horrez gain, landa lurrak erosteko partida ere handitu dutela gehitu du, «bestelako basogintza eredu bat bultzatu eta kudeatzeko».

Kirola eta kultura, lehen urratsak

Kirol azpiegitura berrien obrak ez dira 2024an hasiko, baina bai hauek egiteko proiektuen erredakzioa. Zentzu honetan, lehena, Iturripeko proiektua izango da. «Proiektua egon bazegoela uste bagenuen ere, gobernura heldu ginenean proiekturik ez zegoela konturatu ginen». Horrez gain, alkatearen esanetan «kirol azpiegitura handiak eginda egoteko urteak beharko direnez, mantenu eta konponketa inbertsio berriak ere egingo dira». Batzuk aipatzearren: 841.000€ atletismo pista berritzeko eta 520.000€ko inbertsioa Mojategiko argiteria aldatzeko. «Azken honen kasuan, LED sistemadun argiak ezarriko direnez, energia kontsumoa gutxituko da, jasangarritasunean eta gastuen gutxitzean lagunduz». Gainera, «azken urteetan ez bezala» , kirol klubei dirulaguntzak handituko
zaizkiela nabarmendu nahi izan dute udal gobernuko kideek.

Kulturari dagokionez «urrats berriak eman» eta sormen beka bat abiarazteko asmoa agertu dute. «Disziplina artistikoa eta bekaren oinarriak 2024an zehar zehaztuko dira», adierazi dute. Horrez gain, «Amaia Antzokiari lotutako ustezko eraberritzearen proiektua idazteko partida jaso dugu.

Abenduan zehar jasoko dugu txosten teknikoa, eta orduan jakingo dugu interbentzioaren beharra eta honen nondik norakoak», gehitu du udal gobernuak. Azkenik, jai ekintzen partidak handitu dira.

Berdintasuna eta gazteria, zeharlerroan

Emakume Txokoak bere kokaleku berria definitzeko proiektua abiaraztea aurreikusten du udal gobernuak 20.000€ko partidarekin. Aurrekontuetan hala jaso dutela adierazi du Eva Abuin Feminismoa eta LGTB+ saileko zinegotziak. Horrez gain, partida berri baten berri eman du,

«Arimazubiko lokala egokitu eta, bertan, emakume txokoan sortu diren emakume taldeek haien jarduerak gauzatzeko». Gainera, 2024an Emakume Txokoak berak egiten dituen jarduerek 120.000€ko partida izango dute eta sorkuntza feminista lantzeko beka bat eta emakumeen memoria lantzeko 10.000€ko partida bana jaso dira.

Berrikuntzen artean LGTB+ politikak daude. «Lehen aldiz, LGTB+ politiketan urrats esanguratsuak emango dira Arrasateko Udalean. Lehenengo pausua, diagnosia egitea eta formazio tekniko eta politikoa eskaintzea izango dira. Kolektibo honek herrian bizi duen egoera aztertu eta datozen urteetarako ekintza plana osatzen hasiko gara», adierazi du Abuinek. Horrekin batera, gaineratu du, Arrasateko LGTB+ kolektiboaren memoria historikoa jasotzeko beka bat ere irekiko dela. «Modu honetan kolektiboarekin genuen zor historikoa kitatzeko abiapuntua izango dugu».

Gazteria arloan ere izango dira berrikuntzak. «Aurre-nerabeen aisialdi zerbitzu berria martxan jartzeko 50.000€ ko partida jarri dugu. Gaur gaurkoz 9-12 urte bitarteko haurren beharrak identifikatzeko diagnosi txostena egiten ari da Udala, eta behin beharrak identifikatuak daudenean jarriko da martxan zerbitzu hau. Gaur egun 12 urtetatik aurrerakoentzat Gaztetxokoa den bezala, zerbitzu hau 9-12 urte bitartekoentzat izatea da gure nahi eta asmoa». Norabide horretan, Musakolako Gaztetxokoa berriz martxan jartzeko diru partida bat egongo dela ere iragarri du udal gobernuak eta amaitzeko, Gaztetxearen konponketa, mantentze eta saneamendu obrak egiteko 50.000 € izango direla iragarri du.

Aurrekontuen negoziazioak

Joseba Ezpeleta Ogasun batzordeko buruak 2024ko aurrekontu proposamenaren aldeko posizioa agertu du, “Udalak gaitasun finantzario nahikoa duelako datozen erronkei aurre egiteko”.

Negoziaziaketei dagokionez, “talde guztiei ireki diegu aukera ekarpenak egiteko, baina soilik EAJk aurkeztu ditu proposamenak. Hauek egindako ekarpenak aurrekontuan islatuak daudela uste dugu”.

Zentzu honetan, hemendik eta aurrekontuen onarpenerako plenoa bitarte, akordio batera heltzeko esperantza adierazi du Ezpeletak.

Legegintzaldi planarekin bat

Legegintzaldi plana urtarrilerako amaituta izatea espero du Udal Gobernuak. Zentzu honetan, aurrekontuko proiektu guztiak «legegintzaldi planaren oinarri izatea nahi da, etorriko diren proiektuen lehen urratsa, alegia». «Aurreikusita genuen legegintzaldi plana moldatu behar izan dugu. Izan ere, Udalean aurkitu dugun egoera ez da izan espero genuena; proiektu batzuk garatuak zeudela uste genuen, eta ez da hala izan. Kirolean, esaterako, ez zegoen Iturripeko proiektua egina”, amaitu du udal gobernuak.

Albistea osatzen gabiltza

3 IRUZKIN

  1. Kiroldegi berria eta Iturripe berria egin behar zutela saldu… eta sikiera proiektua idatzi gabe zeukan gure Ander Garaik? ezin sinetsirik!

    Eta Amaia Antzokiarekin utzi duten pastela ere… dirutza gastatu Musika Eskolan eta Amaia usteltzen utzi.

    Maria ere postu on baten Diputazioan, gauzak ondo ala gaizki egin, batzuk beti ondo kolokatuta, azpiegituretan aditua omen da orain. Amaia Antzokia ez al da herriarentzako azpiegitura garrantzitsua?

  2. Udal gobernu hau ez al zegoen aurreko Udal gobernuan oposizo bezela? ez al zineten Iturripeko proiektu ezaren jakitun? konplize zarete!! Eman aurpegia eta ez bota errua besteei, kontuak aurretik eskatu!

    Has zaitezte Arrasateko herritarrok merezi ditugun kirol instalakuntza duin batzuk sortzen. 3 legealdi berarekin.

    1:04 https://goiena.eus/arrasate/1684164017302-arrasateko-alkategaien-debatea “EH Bilduren hitza dauka herriak guk gobernua hartzen badugu, Musakolako kiroldegitik hasiko garela lanean eta Iturriperaino…” BETE ZUEN HITZA!

    Kokoteraino naukazue gaiarekin. Sinesgarritasun guztia galduta daukazue politikariek.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen