“6.000 pertsona baino gehiago hil zituen Espainiak Nafarroa inbaditzean”

0
415

500 urte betetzen dira Noaingo batailatik, eta horren harira, Artearen Historian doktore Joseba Asironek hitzaldia eman du Kulturaten, nafar erresistentziaren kontraerasoak azalduz, besteak beste.

Zuztarrak Errotuz taldeak antolaturik, Udaberriko hitzaldi zikloko azken emanaldia izan zen asteazkenean Kulturaten.

Joseba Asiron Saez-ek, Artearen Historian doktore, ‘Nafarroaren konkista 1512-1522. Ezkutatu dizkiguten gertakariak argitzen’ hitzaldia eman zuen. Aipatzekoa da ere Iruñeko alkate jardun zuela 2015etik 2019ra.

1507rako Nafarroan ez zegon barne-gerrarik, “baina historialari espainolistek diote 1512ko konkista Nafarroan bakea jartzeko egin zela”.

Gerra zibilik ez zegoen eta “horregatik Gaztelako Fernando ‘katolikoak’ agindu zuen Nafarroako mugan liskarrak eragitea, Beamoundarrak finantzatzea eta Nafarroaren kanpo-politikako neutraltasuna aprobetxatzea”.

Horiek “nahikoak izan ez zirenez, Fernando ‘katoliko’ak Nafarroa militarki inbaditzea agindu zuen 1512an. Lekukoek zioten armada gaztelarrak bidean 12 kilometroko luzera zuen. Nafarroak, ordea, ez zuen armada profesionalik”.

Iruñea uztailean konkistatu zuten, eta urrirako lehen kontraerasoak egin zituzten bertakoek. Horretan, Pedro Mariskala burua izan zen, “seguruenik horretarako militarki prestatuta zegoen nafar bakarra”.

Luis de Correa soldadua izan zen, liburu bat idatzi zuen eta berak aipatzen du “gureek [gure soldaduek] ‘Espainia’ eta ‘Gaztela’ren alde oihu egiten zuten. Aurkariek ‘Nafarroa’, ‘Frantzia’ eta ‘Alemania’ren alde. Espainiaren eta Nafarroaren arteko gerra egon zen, nahiz eta hori esatea politikoki zuzena ez den”.

Nafarroaren Erresistentziaren armadaren kontraeraso handienak 1512an, 1516an eta 1521ean. “Behe Nafarroatik edota Erronkaritik sartu izan ziren, eta aldi berean herri ugari altxatu ziren espainiarren aurka”.

Baina ez zuten fruiturik lortu, eta horietako batean espainiarrek Pedro Mariskala atxilotu zuten: “Nik beti esaten dudanez, orduan Nafarroak bere independentzia berreskuratzeko aukera guztiak galdu zituen”.

Buruzagi nafarra kartzelan zegoela hilda agertu zen. “Ofizialki bere buruaz beste egin zuen, baina argi eta garbi dago estatu erailketa bat izan zela”.

Garai haietan, “herriak altxa ez zitezen hiribilduetako eta gazteluetako hormak bota zituen, besteak beste, Nafarroako erreginarekin fidelenak izan zirenak, Tuterakoak esaterako”.

Babesleku horiek eraisteak “herritarrei segurtasun falta eragin zien, eta konkistatzaileek hori jakin arren, eraitsi zituzten”.

Nafarroako herritarrak okupazioaren “aurka zeuden eta herri guztiak altxatu egin ziren 1521ean, nafar erregearen armadak hirugarren saiakera handia egin zuenean. Iruñeko herritarrak altxatu ziren eta espainiar erregeordeak bertatik astoan ihes egin behar izan zuen”.

Alabaina, ekainaren 30an, bataila bat izan zen Noainen: Espainiako Inperioaren aldeko armadak 30.000 gizon baino gehiago zituen, eta Nafarroako erresistentziaren armadak (frantziarrak barne) 10.000 inguru.

“Lekukoek adierazi zuten egun hartan 6.000 pertsona (nafar eta frantziar) baino gehiago erail zituela Espainiak Noaingo guduan. Indusketak bertan egitea oso zaila da, bertan aireportua baitago”.

Urtero Noainen bataila gogora ekartzen da, eta omenaldia egiten zaie Nafarroaren Erreinuaren subirautzaren alde hil zituztenei. Aurten 500 urte betetzen dira, eta omenaldi irekia egingo da Noainen ekainaren 30ean.

Bosgarren mendeurrenaren harira, “hitzaldi mordo bat antolatzen eta egiten ari gara Euskal Herrian zehar, eta hauxe da nik gaur hitzaldi hau ematearen arrazoietako bat”.

XVI. mendera itzuliz, erresistentzia Amaiurren eta Hondarribian gotortu zen. “Hasieran konkistaren alde agertu ziren nafarrak (beaumondarrak) Espainiaren jokabidea ikusita agramondarren alde jarri ziren”.

Izan ere, “beaumondarrak poliki-poliki ohartu ziren espainiarrek ez zutela nahi Nafarroako boterea berreskuratzen laguntzea, baizik eta Nafarroa euren esku geratzea”.

Hitzaldiaren azken zatian Joseba Asironek bi ohar nabarmendu zituen: “alde batetik, hitzaldian azaldutako historia batez ere jauntxoen historia da, izan ere, gauza gutxi dakizkigu orduko herri xumeari buruz, batez ere emakumeetaz”.

Alde honetatik, “orduan fideltasun handitzat hartzen zena, gaur egun serbilismotzat har daiteke. XVI. mendeko pertsonen mentalitatea ulertu beharra dago”.

Bigarren oharra da “emakumeei buruzko datu gutxi daudela, baina eurek ez al zituzten pairatu konkistaren ondorioak? Ziurrenik lehen kaltetuak izan ziren: mendekotasuna, bortxaketak,…”.

Gai honen inguruko hitzaldia eman zuen ziklo honetan Amaia Nausia Pimoulierrek duela 3 aste Kulturaten, Zuztarrak Errotuzek antolaturik.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen