5G gora eta behera [Testua: Piter Encinas]

1
1563

Covid-aren gaiak dena estaltzen duen garai hauetan, beste arazo batzuek ere gure inguruan jarraitzen dute, zoritxarrez. Adibidez 5G, mugikorren teknologi berriak. Baina, harira sartu baino lehenago, gomendio bat egin nahi dizuet, irakurketa bat, Antonio Aretxabala eta 5G. Luze samarra da, baina oso, oso aberasgarri da, ahal baduzue bilatu.

Oso nabarmena da Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek (IKTek) eta, batez ere, 5G zabaltzeak ekologikoki eta batik bat osasunarentzat arazo larriak sortzen dituztela. Era berean, gizarteak eta politikariek batzuon kexak eta zalantzak onartu beharko lituzkete eta, halaber, arduraz aztertu zabaldu aurretik.

Gaur egun esaten digute 5G zabaltzea “ezinbestekoa” dela. Propaganda hori neurri batean eta orokorrean onartzen dugu, zalantzan jarri gabe, eta nik uste dut iritzi guztiak kritikatu beharko liratekeela. Gizarteak pentsatzen du gailu, konexio, potentzia eta estaldura gehiago badauzka bere onerako dela. Hori guztia, baina, ez da aurrerapena eta, are gutxiago, aurrerapen soziala. Uste dut gizarte batek ulertu beharko lukeela erabaki tekniko, politiko edota ekonomiko baten atzean zerbait dagoela, erabaki horiek ez direlako inpartzialak, neutralak, erabaki hauen atzean interesak baitaude.

5G ezartzea ez da beharrezkoa, ez da arrazionala, horrexegatik gure kritikak kaleratu behar ditugu. Gutxienez jakinarazi behar dugu ez gaudela ados erabaki horrekin. Zergatik erabaki batzuk hartu baino lehen ez dago aukerarik eztabaidatzeko?

Nolabait, pentsatzen dut interes ekonomikoengatik gu kui huts bihurtzen gaituztela eta ziur nago hamarkada batzuk barru jakingo dugula zer kalte eragin digun EMAk. Gaur egun, Espainiako INSSk, fibromialgia arloan ikerketak egiten dituztenek esaten digute milioi eta bostehun pertsona gaixo daudela, hauetatik %90 emakumeak dira, eta sintoma gehienak hauek dira: elektrosentikortasuna, asma eta neke kronikoa.

Uste dut pertsona “elektrosentikorrek” jasaten dutena onartu behar dugula. Gainera, gaur egun haiei gertatzen zaiena auskalo etorkizunean zenbat biztanleri gerta lekiokeen.

Azalpen apal batean, zer da 5G? Espazioan dauden sateliteen bidez, milaka milioi “objektu” konektatzen dira, halaber, kutsadura elektromagnetikoa igortzeko iturriak martxan jarrita. Eta, hori guztia zertarako? Gure lanpostutik etxeko pertsianak jaitsiarazteko edo garbigailua martxan jartzeko, edo hozkailuak yogurren iraungitze dataz ohartarazteko… Jakina, gure mugikorrak erabiltzean whats appak azkarrago ere bidal ditzakegu. Halere, nire buruari galdera bat egiten diot: tontokeria horiek egiteko merezi du Ama Lurra kutsatzeak? Merezi du gu gaixotzeak? Zertarako balio dezake ustezko liberazio horrek?

Bestalde, ez dugu ahaztu behar guk sortzen dugun informazio guztia Amazon, Microsoft, Apple, Foxcom edota Googlek, enpresa oligopolio hoiek kontrolatzen dutela eta, hori gutxi ez eta, auskalo nola erabiltzen duten edo nola erabil dezaketen.

Bukatzeko, 5G ezartzearen aurka gaudenok zer da eskatzen duguna? Bata, MORATORIA BAT eta, bi, teknologi berri hori neutraltasunez ondo aztertzeko jakin arte zer den sor dezakeena. Alegia, onurak eta kalteak balantza batean jarri eta gero erabakiak hartzeko. Izan ere, herritarrok ezin ditugu onartu politikarien erabakiak atzerabiderik ez daukaten egintzak balira bezala.

Piter Encinas – Ekologistak Martxango kidea

Iruzkin 1

  1. Epa Piter!
    5G famosuek erabiltzen dauen seinalie,azkenengo urte askotan tdt telebistatan erabili dana da,ta inor ez da kejau.Horregaitik aldatu die tdt-ko kataiak lekuz…
    Beraz,oin 5G honekin kriston kaltie in biher dauela esatiek,uste dot ez daukola zentzu handirik.
    Ondo izen!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen