5’7 milioiko soberakinetik 3’3ren banaketa zehaztu du Udal-gobernuak

0
483

Beste 2’4 milioiak Udalak gordetzea aurreikusten du “ziurgabetasunezko testutinguruan”, “badaezpada ezustekoei aurre egiteko”.

Prentsaurrekoa Maria Ubarretxena alkateak (EAJ-PNV), Ander Garay Ogasun zinegotziak (EAJ-PNV) eta Victoriano Fuentes Obrak, Zerbitzuak, Mantentze eta Auzoetako zinegotziak (PSE) eman dute.

“Urtero bezala, maiatzean tokatzen da aurreko urteko likidazioa egin eta azaltzea zein den aurreko urtearen ondoren Udalak duen soberakina”.

Dirutza horren banaketa gaur arratsaldeko Plenora eramango du Udal-gobernuak, eta alkateak gaur goizean jakinarazi du “soberakina 5.700.000 milioi eurokoa dela”.

Udal-gobernuak planteatzen du diru horretatik “bakarrik 3.300.000 euro banatzea, eta poltsa batean gordetzea gainerako 2.400.000 euroak”.

Ezohiko erabaki horren arrazoia da “denok egun bizi dugula ziurgabetasunezko testuinguru bat, non etengabeko aldagaiak dauzkagun mahai gainean. Gobernu honek zuhurtziaz jokatu nahi du”.

“Ez dakigu nolakoa izango den hemendik urte amaiera bitarteko bilakaera, eta beraz badaezpada ezustekoei aurre egiteko, pentsatu dugu 2.400.000 euroko poltsa gordetzea”.

Udal-gobernuak jakitera eman duenez “gasak eta argindarrak Udalari azken hilabetean eragin dio 500.000 euro gehiago bideratu behar izatea bi gastu horietara”.

“Jakin badakizue Europan gerra bat daukagula eta guk ere zuzenki pairatzen ari gara, eta zuhurtziaz jokatzea tokatzen da”. “Guk beti izan gara oso ziurrak”. Udal-gobernuak adierazi duenez “zorra 0 daukagu”. Soberakineko 3’3 milioitik (3.328.000 eurotik), Udal-gobernuak aurreikusten du bideratzea:

Etxe Txikien berrurbanizaziora: 500.000 €. Egitasmo horren “lizitazioa laster abiatuko dugu, eta aurreikusten dugu obrak udaren ostean hastea”.

Hondakinen bilketaren kostuetara, “izugarri garestitu direlako”, Debagoieneko Mankomunitatera 419.000 € bideratuz. Diru kopuru horretatik “Hondakinen bilketara 144.000 € gehiago bideratuko ditugu, hondakinen tratamendura 93.000 € gehiago, hondakinen inguruko inbertsioetara 130.000 € gehiago,…”.

Argindarraren prezioaren “desbideraketagatik”: Ia 400.000 € gehiago, Udaleko gastuei dagokienez. “Udalak zenbateko hori gehiago ordaindu beharko du”. Gasaren prezioagatik beste 50.000 €.

Prozesu parte-hartzaileetara: 261.000 €. “Aurrez 500.000 bideratuak genituen”.

Ur-kontagailuak modernizatzera: 215.000 €. “Araudiaren arabera, gutxi gorabehera 12 urtean behin aldatu behar dira. Kontuan hartzekoa da etxebizitzetako ur-kontagailuak Udalarenak direla”.

“Horietatik guztietatik, 7.500 ur-kontagailurekin prozesu bat abiatu behar dugu, urte batzuen epean horiek aldatzeko. Enpresa bat kontratatu dugu, dauden kontadoreak eta euren kokapena zehaztu ditzan”.

“Horrela, erregistro hobea izango dugu, eta hasiko gara kontagailu zaharrenak aldatzen”. “Orain eskuz jasotzen dira, baina kontagailu guztiak legez aldatu behar direla aprobetxatuz, eta Smart City kontzeptuari jarraiki, aurrepen bat egin nahi dugu”.

“Partida hau datozen bost urteetan gauzatzeko da, eta sistema digitalizatuko dugu, irakurketak ere hala egiteko. Gainera, horrela ur-ihesaldiak unean atzemango ditugu, eta hala lortuko genuke ihesaldiak moztea”.

Kirol-sailetako inbertsioetara: 150.000 €. “Batez ere, errugbiko zelaia berritzeko. Udan egingo dira lanak, eta horretarako lehendik 220.000 euroko partida bat onartua genuen. Belarra berrituko da eta obra zibil txiki batzuk egingo dira (drenatzea esaterako)”. Atletismoko pistak “datorren urtean” konponduko dira.

Obrak, Zerbitzuak, Mantentzea eta Auzoak Sailean, amiantodun hodiak Garagartzan kontsumo saretik kentzera: 140.000 €. “Aurrez partida bat zegoen, eta denera 490.000 bideratuko dira. Obra horiek egiteko, obra zuzendaritza laster esleituko dugu”.

Zalduspeko berrurbanizazio prozesura: 120.000 €.

“Pandemia amaitu denik ezin esan, baina aforoak, musukoak,… kendu dizkigute. Horrek dakar orain arte geldi zeuden jaiak, ekitaldiak eta egitasmoak martxan jartzea“: “Maiatzaren bukaerako Jubilatuen urteroko bazkaria, Kirola Kalera Eguna, Arrasate Blues edota Arrasate Rugby Taldearen 50. Urteurrena. Kultur ekintza horietara guztietara 103.000 € bideratuko ditugu”.

Diru horretatik “kultur ekintzetara 40.000 bideratuko dira, Arrasate Bluesera 12.000, Jubilatuen Omenaldira 25.000, Kirolak Kalera eta Kirol Sarietara 20.000,…”.

Garraio publikoko markesinak jartzera: 60.000 €. “Aurrez 10.000 onartuak zeuden, beraz 70.000 bideratuko dira”.

Jose Luis Iñarrako egitasmoaren idazketa teknikora: 50.000 €. “Prozesua egin da bizilagunekin, eta martxan daukagu proiektua egitea, auzotarrek erabakitako elementuekin eta kontuekin.

Horretarako aurrez bagenuen 40.000 euroko partida bat, eta 50.000 gehiago batuko dizkiogu. Diru hori bideratuko da proiektuaren idazketa teknikora”.

Eguneko Zentroko ekipamendura: 20.000 €.

Etxezarretako lorategia atontzera: 6.000 €. “Gobernu taldeak EH Bildurekin akordio bat lortu zuen Aurrekontuen onapenerako. Hainbat proiektu beraiekin hitzartu genituen. Aurrez 15.000 € onartuak genituen, eta beraz orain denera 21.000 izango dira lorategia atontzeko”.

Soberakinaren beste diru kopuru txikiago batzuk bideratuko dira: “Lan-taldeko ekipamenduko inbertsioetara 35.000 €, garraio publikoaren defizitera eta martxan dauden kontratuak egungo egoerara egokitzera (lorezaintzakoa esaterako)”.

Beraz, orain arteko 37.737.291,17 euroko Udal-aurrekontua, 41.064.997,49 eurokoa izatera igaro da.

EAJ-PNV taldeko Maria Ubarretxena alkatea eta Ander Garay zinegotzia soberakinaren 2’2 milioi oraindik ez erabiltzearen alde agertu dira. Baita Udal-gobernuko PSEko Victoriano Fuentes ere.

Udalak ez balitu beste 2’2 milioi € horiek erabiliko, Udal-gobernuak adierazi du “erabiliko lirakete kirol-azpiegituren maparako. Prozesu parte-hartzailea amaitu da, eta ekainean aurkezpen bat egingo dugu”.

“Aurkezpenean ondorioak, emaitzak eta plana aurkeztuko ditugu, ekainaren lehen astean-edo. Prozesu parte-hartzailea erabiltzaileekin, klubekin, bazkideekin,… egin da”.

Iaztik soberakina izatearen arrazoiak “3 izan dira nagusiki, Ander Garay Ogasun zinegotziak azaldu duenez. Horietako bat izan da “2021eko bilakaera ekonomikoa aurreikusitakoa baino askoz hobea izan zela”.

Udalaren finantzaketa-iturri nagusia “Foru Funtsa da, eta orain arteko azken errebisioan, otsailean, ikusi zen 2’5 milioi € gehiago jasoko zituela Arrasateko Udalak”.

Soberakina izatearen beste arrazoi bat da “obren zergatik aurreikusitakoa baino askoz gehiago jaso dugula. Bilakaera ekonomiko honen ondorioetako bat obra gehiago egitea da”. Diru-iturri honetatik “aurreikusitakoaren ia bikoitza jaso du Udalak”.

Hirugarren zergatia da “gure kudeaketak finantzaketa bilatu du, ez soilik herritarrek aportatzen dutena, ez soilik Foru Funtsa. Nik uste, horretan indarra jarri dugu, eta hortik iritsi dira bereziki Kulturola eta JAMErako dirulaguntza ezberdinak”.

Albistea osatzen gabiltza

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen