51 familiari Zerrajeran alokatzeko 51 etxeren giltzak banatu dizkie Jaurlaritzak

0
888

Argazkia: Eusko Jaurlaritza.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, Alokabide sozietate publikoaren bidez, aste honetan eman ditu Jaurlaritzak Arrasaten eraiki dituen alokatzeko 51 etxebizitza publikoren giltzak.

Etxebizitzak birgaitze-lanetan murgilduta egondako Zerrajerako eremuan kokatuta daude.  Visesa sozietate publikoak eraikitako etxebizitza berrietako 33k bina logela dituzte –hiru mugikortasun urriko pertsonentzat egokituak– eta gainerako 18 etxebizitzak hiruna logelakoak dira. Etxebizitzak eraikitzen 7,5 milioi euroko inbertsioa egin da.   

Aste honetan etxe berrien giltzak jaso dituzte berrogeita hamar bizikidetza-unitatek, eta esleipendun izan dira baldintza batzuk betetzen dituztelako, horien artean:

  • Etxebiden herrian bertan edo inguruko batean (Debagoieneko eremu funtzionalean) alokairuko etxebizitza-eskatzaileak izatea.
  • Arrasaten erroldatuta egotea (eskatzaileetako bat gutxienez).
  • Aurreko bi urteetan jabetzan etxebizitzarik ez izatea.
  • Urteko diru-sarrera haztatuak 9.000 eurotik 39.000 eurora bitartekoak izatea (mugikortasun urria edo ezintasun psikikoa duten pertsonen, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen edo etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortuta duten pertsonen kasuan izan ezik).
  • Bizikidetza-unitateak sei pertsona baino gehiago ez izatea.

19 etxebizitza 36 urtetik beherako gazteen kupoari erantzuteko utzi dira. Sustapen horrez gainera, Etxebizitza Sailak alokatzeko beste 70 BOE banatuak ditu eremu berean.  

Bestalde, Garibai etorbidean, alokatzeko hamabi zuzkidura-bizitoki eraikitzen ari dira, lehentasunez gazteentzat, Sindikatuen Etxea izenekoan, eta eraikuntza lanak “aurreratuta” daude, Etxebizitza Sailaren arabera.

Eusko Jaurlaritzak alokatzeko 356 etxebizitzako parke publikoa du Arrasaten, “eta horiei batu behar zaizkie partikularrek, hileko kanon baten truke, eta alokairu eskuragarrian etxebizitza behar duten pertsonen eskura jartzeko, Bizigune programaren bidez lagatako beste 125”.

Etxebide etxebizitza-zerbitzuak etxebizitza publiko bat eskatzen duten 635 eskatzaile ditu bere erregistroan, horien % 87 alokairu-erregimenean.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen