525 sinadura lortu ditu oraingoz TAO honen aurkako Eragin Arrasatek

0
1388

Plataformak ere azaldu du “hainbat komertzio eta tabernak 145 lortu dituztela momentuz”. Adierazi dutenez “Udalak TAO jartzeko asmoa iragarria zuen, baina ez zer-nolako TAO jarriko zuen”.

Sinadura bilketa “jendearen ezinegona eta haserrea bideratzen ari da – adierazi du Placi Garciak, Eragin Arrasateko ordezkariak – TAO honen aurka egoteaz gain, TAOa egiteko formarekin ere ez gatoz bat”.

“TAO konplexuegia da, kolore askokoa da”, eta galdetu du ea Udalak “herritarrak gogoan izan al dituen berau diseinatzean?”.

Placi Garciak herenegungo Osoko Bilkuran parte hartu zuen, eta ekimenaren ikuspuntua azaldu zuen. Alkateak “biharamunean deitu zidan bilera bat egin dezagun, gai honetaz eta Erguingo mugikortasun arazoaz hitz egiteko”.

“Nik Mariarengan konfiantza daukat, jarrera egokia ikusten diot, eta bilera egin ezean, aurrera jarraituko dut”.

Sinadura kanpainak guztira 525 atxikimendu lortu ditu. Horretarako, sinatzeko mahai bat jarri dute hiru egunetan: lehen egunean, azaroaren 1ean, 150 herritarrek babestu zuten eskaera, bigarren egunean Herriko Plazan 120k, eta atzo San Andresen 110ek.

Gainera, “herriko komertzio eta taberna asko jarri dira gurekin kontaktuak sinadura orria eskatzeko, eta pare egun hauetan 145 firma entregatu dizkigute. Denda eta taberna gehiagotan banatuko ditugu orriak”.

“Jendea haserre dago, Udalak ez duelako alternatibarik eman. Nik elbarritasun-txartela daukat, non aparkatuko dut? Udalak erantzun dit erantzungo didala…”.

Gainera, bertako-txartela “garestiegia da, 35 € gehiegi dira. Ni Erguinen bizi naiz, eta TAO Unibertsitate inguruan jarri zutenetik, ikasleek gehiagotan aparkatu dute Erguinen, eta ondorioz ezin dut nire kalean aparkatu”.

Bihar (ostirala) sinadura-bilketako mahaia Arimazubin izango da arratsaldeko 17:00etan. “Beste egun batzuetan auzoz auzo joango gara, sinatu gura duen inor sinatu barik gera ez dadin”.

Ekimen honen helburuetako bat da “behintzat erakustea jendea ez dagoela OTA honekin ados. Espero dugu aparkatzeko sistema bestelakoa izatea”.

“Udalekoen zeregina soluzioak bilatzea da, eta ez arazoak sortzea. Ibilgailuen tasa ordaintzeaz gain, orain diru gehiago ordainarazi nahi digute. Nahikoa da, langileak gara”.

Hainbat herritarrek argudiatu dutenez, Udalak TAO jartzeko asmoa adierazia zuen, duela urte batzuk iragarri zuela, “baina Udalak ez zuen eta ez du iragarri nolako TAO jarriko zuen”.

Iazko azaroko Osoko Bilkuran “bi udal-taldek TAOaren aurka bozkatu zuten”. Sinadura-bilketak “moratorioa bat eta erreferendum bat eskatzen ditugu”. Ekimenak argi utzi nahi izan du “gu kutsaduraren aurka gaudela”.

Ekimenak azaldu du email bat eskura jarri duela, “eraginarrasate@gmail.com , Arrasate Eraginekin boluntario aritu nahi duten pertsonek gurekin kontakta dezaten”, ondorengo datuak emanez:

Izen-abizenak, telefono zenbakia, auzoa eta boluntario aritzeko nahi duen ordutegia. “Auzoetako boluntario taldeak osatzeko epea astelehenean bukatuko da, taldeak antolatu ahal izateko eta hurrengo egunetan mahaien egutegia eta ordutegia zabalduko dira”.

Komertzio eta tabernei ere boluntario aritzera dei egiten diete, goian aipatutako emailera ondorengo datuak bidaliz: “Komertzioaren izena eta komertzioak nahi duen sinadura-orri kopurua”.

Hortaz gainera, “sare sozialetan perfilak sortu ditugu, plataforma handitzeko asmoz. Izan ere, auzoetatik eskaera asko jasotzen ditugu, baina oraingo boluntariook ezin diegu eskaera guztiei erantzun”. Eragin Arrasate Facebooken, Twitterren eta Instagramen ere dago.

Ildo honetan “gaur bertan eskatu digute Musakolara, Erdigunera,… ere bilketa eramatea. Komertzio ugarik eskatu digute, eta sinadura kanpaina luzatuko dugu”.

Herritar batek bere kexa azaldu digu: “Guk etxean 3 auto dauzkagu, zer egingo dugu 3. autoarekin? Udalak arazo honi konponbide bat eman behar dio. Bi bertako-txartela ez dira nahikoak etxe askotan. Udalera deitu dut eta erantzun didate hori ordenantzan dagoela”.

Beste herritar batek, automo bezala lan egiten duena, salatu duenez “soilik bertakoentzat da Abaroa ondoan hasita, Arrasate Pasealekutik igaroz, Gazteluondotik igaroz, Bolintxoko biribilera”.

Beste herritar batek, autonomoa, galdetu du: “Autonomook non demontre aparkatuko dugu lan puntual batzuk egiteko?“. Horrelako arazoa gehiago daude beste TAO gune batzuetan”.

“TAO hau diseinatu dute autonomo txikiak kontuan hartu barik. Nik eskailera eta erremintak nirekin eraman behar izaten ditut, nola eramango ditut? Patinete elektriko batean? Euripean?”.

“Hori lortzen badut Go Talent telebista saiora joango naiz” adierazi du autonomo honek umore puntu batekin. “Etxe batean 15 eguneko obra bat egin behar duen enpresa batek bide publikoaren okupazioa eskatzen du, baina etxe batean ordubeteko obra egin behar dugunok, zer?”.

“Azkenean arazo hauek Herriak ordainduko ditu. Isunak herritarrek ordainduko dituzte, aparkatzeko denbora luzeegia ematea herritarrek ordainduko dute,…?”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen