(Publizitatea) Arrasatearrek azaroaren 28a bitarte aurkeztu ahal dituzte ekarpenak. Ondoren, Udalak aukeratutako proposamenak bozkatu egingo dituzte herritarrek. Estreinakoz sormen tailerrak antolatu dira, proposamenak lantzen laguntzeko: azaroak 15, 16, 23 eta 24.
Testua eta irudiak: Udala.
2021 eta 2022ko aurrekontu parte hartzaileak abian jarri berri ditu Arrasateko Udalak ‘Zeuk erabaki, tú decides’ lelopean udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien babesarekin.
500.000 euro bideratuko ditu Udalak bi urtetan. Kanpaina honek bi urteko epea hartuko du, aurrekontu bikoitzarekin. Aurreko urteetan ere abian jarri izan da aurrekontu parte-hartzaileen prozesua, eta balorazioa positiboa izan bada ere, aurten diagnosi- eta hausnarketa-aldi bat egin ondoren, deialdi honetarako partaidetza-aurrekontuen dinamika berritzaile bat ezarriko da.
Helburua administrazio publikoan partaidetza naturaltasunez eta zeharkakotasunez integratzea da.
2021-22 aurrekontu parte hartzaileen prozesua bi fasetan burutuko da: proposatu eta erabaki.
Lehen fasean, proposatzailean, azaroaren 28a bitarte egin ahal izango dituzte herritarrek ekarpenak. Arrasate hobetzeko ideiaren bat daukan pertsona orok har dezake parte, hiru bideren bitartez:
- Eskuorria betez eta udal egoitzetako kutxetan sartuz (Kulturate, BAZ, Gazte Bulegoa, Emakume Txokoa, Kiroldegia, Etxaluze eta Toki Argi).
- Online, www.arrasate.eus/partaidetza estekan.
- Edota ideiak lantzeko egingo diren sormen tailer irekien bidez.
Hain zuzen, hori da bigarren berrikuntza nabarmenena: 4 sormen tailer antolatu ditu Udalak herritarrei proiektu proposamenak lantzen laguntzeko:
- Azaroak 15, Kulturate (Jokin Zaitegi aretoan).
- Azaroak 16, San Andresen (Etxaluze).
- Azaroak 23, Musakolan (Jubilatuen etxea).
- Azaroak 24, Kulturaten (Loramendi).
Tailer guztiak 18:30ean izango dira eta aurrez izena eman behar da: partaidetza@arrasate.eus helbidera idatziz edota 943 252 000 telefonora deituz.
Proposamenek honako baldintzak bete behar dituzte: udal eskumenekoa izatea, 2 urteko epean gauzatu ahal izatea, bideragarritasun teknikoa gainditzea, gehienez ere 125.000 euroko aurrekontua izatea, aurreko prozesu baten emaitza ez ezabatzea, onartua dagoen udal plan baten kontra ez egitea eta interes orokorrekoa izatea.
Bigarren fasea erabakitzailea izango da. Aurretiaz herritarrekin osatutako lantalde batek antzekoak diren proiektuak bateratu eta, ondoren, bozketa fasera pasako diren proposamenak lehenetsiko ditu: 30 inguru.
Fase hau 2022ko martxoa eta apirila artean garatuko da eta online eta aurrez-aurreko aukeraketa bidez egingo da. Udal ordezkariek nabarmendu du parte-hartze sistema erakargarri bat ari direla lantzen fase honetarako, bereziki haur eta gazteen parte-hartzea sustatzeko.
Arrasateko Udalak herritarrei dei egiten die prozesuan parte har dezaten. “Arrasatear guztion onerako izango da! Zurea da hitza”.