Gizonetako batek 50 urte ditu eta besteak 38. Ertzaintzak etxebizitza baten miaketan “heroina, kokaina eta marihuana kopuru esanguratsuak eta dirua (30.000 eurotik gora)” atzeman ditu.
Argazkia: Ertzaintza.
Ertzainek 50 eta 38 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten asteazken (herenegun) arratsaldean Arrasaten, ustez drogarekin trafikatzeagatik.
“Arrastatuetako bat txikizkako salmentan aritzen zen bere etxetik, eta helduenak lehenengoak hornitzen zion droga –heroina, kokaina eta marihuana– saltzen zuen tarteka”.
Etxebizitzan egindako miaketan “substantzia horien kopuru esanguratsuak eta dirua” antzeman dituzte, “dirudienez drogaren salmentako” dirua.
Ikerketa joan den abenduan hasi zuten, Arrasateko bizilagun batzuek egindako “salaketen ondoren, jakitera eman baitzuten Altamira auzoan drogarekin trafikatzen ari zitezkeela”.
“Susmagarriaren etxebizitzaren inguruan jarritako polizia-dispositiboan agenteek egiaztatu ahal izan zuten egun batzuetan zehar hainbat pertsona hurbiltzen zirela bere portalera, eta, dirudienez, saltzailearekin telefonoz hitz egin ondoren, honek lehenengo solairuko leihotik soka batetik zintzilik godalet bat jaisten zuela”.
“Kalean zain zegoen erosleak dirua sartzen zuen ontzian, eta saltzaileak jasotzen zuenean, droga jartzen zuen metodo bera erabiliz saltzaileari helarazteko. Modu horretara, etxebizitzaren jabeak txikizka saltzen zuen droga –kokaina, heroina eta marihuana–. Gainera, ikerketaren arabera, drogaren salmentan bigarren pertsona batek ere laguntzen zuen”.
“Ebidentzia horien aurrean, ertzainek joan den asteazkenean atxilotu zituzten bi gizonak droga-trafikoaren delitua leporatuta, eta epailearen agindua hartuta etxebizitza miatu zutenean 30.000 eurotik gora, 377 gramo kokaina, 397 gramo heroina eta marihuana kukuluen 142 gramo konfiskatu zituzten”.
Substantzia guztiak, “atxilotuak eta polizia-eginbideak gaur (ostirala) goizean jarri dituzte agintari judizialaren eskuetan. Epaileak arrastatuetako bat espetxean sartzeko agindua eman du”.