4X4 eko-skate bat diseinatu dute Goi Eskola Politeknikoko hainbat ikaslek

0
567

Erronka hau Industria Ekoteknologietako Ingeniaritzako Graduko lan baten parte da. ‘ekoMountainboard’ ibilgailua “arina eta korroigaitza da, eta ingurumena errespetatzen du, kortxoz eta kartoiz egina”.

Beheko testua eta argazkia: Mondragon Unibertsitatea.

Mondragon Unibertsitateko Industria Ekoteknologietako Ingeniaritzako Graduko hirugarren mailako ikasleek Gros auzoan —Sagues aldean, zehazki— probatu dute gurpil-ohola, «ekoMountainboard» proiektuaren barruan azken seihilekoan diseinatu eta fabrikatu dutena.

Lur orotako gurpil-ohola, Mountainboard izenez ere ezaguna, arina eta korroigaitza da, eta ingurumena errespetatzen du, kortxoz eta kartoiz egina dago.

Seihilekoaren bukaerako proiektuaren bidez, ikasgelan eskuratutako ezagutzak eta gaitasunak praktikan jarri ahal izan dituzte ikasleek Esperientzia horrek manufaktura-industriako erronka errealei aurre egiteko aukera eman die, etorkizuneko lanetan ere antzeko erronkak izango baitituzte aurrez aurre.

Industria Ekoteknologietako Ingeniaritzako (Green Manufacturing) Graduko hainbat ikasle gogor aritu dira lanean azken seihilekoan. Izan ere, erronka hau izan dute: lur orotako gurpil-ohol bat egitea, ohikoa baino arinagoa, korroigaitzagoa eta ingurumenarekiko jasangarriagoa. Kortxoa eta kartoia izan dira horretarako erabilitako materialak.

Material horiekin prototipo bat egin dute, eta, amaitu ondoren, Gros auzoan probatu dute —Sagues aldean, zehazki—, nola funtzionatzen duen ikusteko. Lanean emandako zortzi asteetan, ikasgelan eskuratutako ezagutzak eta gaitasunak praktikan jarri ahal izan dituzte ikasleek. Esperientzia horrek manufaktura-industriako erronka errealei aurre egiteko aukera eman die, etorkizuneko lanetan ere antzeko erronkak izango baitituzte aurrez aurre.

Lur orotako gurpil-ohola, Mountainboard izenez ere ezaguna, arina eta korroigaitza da, eta ingurumena errespetatzen du, kortxoz eta kartoiz egina dago eta. Ekimena «ekoMountainboard» proiektuari dagokio, eta lau ikaslerainoko taldetan garatu dute Mondragon Unibertsitateko Industria Ekoteknologietako Ingeniaritzako hirugarren mailako ikasleek, Galarretako «ekocampusean».

Lan-prozesua

Lehenik eta behin, hiri-ingurunera egokitutako diseinu kontzeptualak egin zituzten, eta, ondoren, oholetarako materialik egokienak aukeratu zituzten. Lehen gurpil-oholak egiteko, astigar-, urki-, zedro- eta lizar-zura erabili zuten, zur malguak direlako. Hala ere, horrelako oholak zailak dira fabrikatzen, ez dira oso iraunkorrak eta erraz hondatzen dira klima-baldintzen ondorioz. Gauzak horrela, oholak hobetzeari ekin zioten ikasleek, material konposatu, arin eta korroigaitzak erabiliz. Azkenik, kartoiz eta kortxoz egindako eta zuntzez (liho-, beira- eta/edo karbono-zuntzez, hain zuzen) estalitako ohola aukeratu zuten.

Horrez gain, ingeniarigaiek oholen simulazio-ereduak egin behar izan zituzten ordenagailuz, materialak aukeratzeko, irakasleek ezarritako zehaztapenak betetzeko zenbat geruza jarri beharko zituzten jakiteko eta, azken buruan, mountainboard-ohola ahalik eta modurik jasangarrienean egiteko. «Mountainboard bat diseinatzea eta fabrikatzea egokitu zaidan arte ez nekien zenbateko lana dagoen nire zaletasunik handienetako baten atzean. Asko ikasten da proiektuetan oinarritutako ikaskuntzaren bidez, eta honetaz ohartzeko balio du: kalkuluetan eta diseinuan akatsen bat eginez gero, pikutara joan daiteke zenbait egunetako lana. Kasu honetan, adibidez, guk diseinatu eta fabrikatutako oholak behar baino gehiago pisatzea eragin zuen akatsak. Horrek guztiak lanean arduratsuago bihurtzen zaitu», adierazi du Asier Arostegik, «ekoMountainboard» proiektuan parte hartu duen Mondragon Unibertsitateko Industria Ekoteknologietako Ingeniaritzako ikasleak.

Lehenago beste proiektu batzuk ere gauzatu dituzte Mondragon Unibertsitateko Industria Ekoteknologietako Ingeniaritzako Graduko ikasleek Galarretako «ekocampusean», hala nola kartoizko barrualdea duen surf-ohola egitea, haize-sorgailu eramangarri txiki bat eraikitzea eta industria-prozesuetan sortutako beroa berreskuratzea.

Proiektu horien bidez, etorkizun hobea irudikatzeko eta eraikitzeko prestatzen dira ikasleak. «Mondragon Unibertsitatea aitzindaria izan da ingeniaritzaren alorrean proiektuetan oinarritutako ikaskuntza erabiltzen, eta Galarretako «ekocampusean» ematen ditugun bi graduek ere ingeniaritzako gainerako graduetan erabiltzen dugun eredu arrakastatsu berari jarraitzen diote» azaldu du Nuria Herrerok, Industria Ekoteknologietako Ingeniaritzako (Green Manufacturing) Graduko koordinatzaileak.

Patraseko Unibertsitateko (Grezia) eta Milango Unibertsitateko (Italia) zenbait ikaslek ere hartu dute parte prototipoaren diseinuan, simulazioan eta fabrikazioan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen