EAJ-PNVek azpimarratu du Gizarte Zerbitzuetara 3’8 milioi bideratuko direla. EH Bilduk erantzun du Udalak Hirigintzara 3’6 milioi bideratuko dituela. Ahal Dugu Arrasatek prentsa-ohar bidez adierazi du Aurrekontu hauek “ez dietela Arrasateko gehiengo sozialen beharrei erantzuten”.
Udalbatzaren hastapenetan, EH Bilduk eta EAJ-PNVek euren babesak azaldu dizkiete Maider Morras eta bere familiari, zinegotzi honen senide bat zendu delako, baita Arrasaten txarto pasatzen ari diren familia guztiei ere.
Gaurko Udalbatzan 2021erako Aurrekontuen proposamena aztertu, debatitu eta bozkatu da. Zinegotzien adierazpenak goiko bideoan dituzue ikus-entzungai (-01:47:25 segundotik aurrera). Baita laburturik ondorengo parrafoetan ere.
Anuska Ezkurra (EAJ-PNV):
Esan daiteke puntu garrantzitsu bat dela honakoa. Udal-gobernu bezala, Aurrekontu hauek oposizioari aurkeztu diogu, 36.202.000 eurokoak dira, eta hiru oinarri ditu:
Zuhurrak dira, denok jakin dakigulako 2020 urte oso gogorra izan dela guztiontzat. Azken hilabeteetan kreditu aldaketak egin behar izan dira, Aurrekontuak erreminta biziak baitira. Sarrerak asko jaitsi dira, eta behar gehiago identifikatu ditugulako.
Aurrekontuek ezin dute inor atzean utzi. Gure apostu hori erakusten du Gizarte Zerbitzuek 3.812.000 milioiko aurrekontua izateak. Hau da, Aurrekontu osoaren %14a Garapen Komunitariora bideratuko da. Bertara 370.000 gehiago bideratu dira 2020an.
Aurrerakoiak dira, baina aldi berean ehun ekonomikoak aurrera jarraitu behar du. Ezin da herria geldiarazi. Igoera handia ere Tokiko Merkataritza eta Ostalaritzara izango dute. Baita Euskara eta Kultura ataletan ere.
Badakigu ia 2 milioi gutxiagoko sarrerak izango ditugula. Horrek behartzen gaitu mailegu bat eskatzera, eta hala egingo du Udalak, gastuei aurre egiteko, orain da unea, eta 0 zor dagoelako.
Aurrekontuen negoziaketari dagokionez, Arrasate Elkarrekin erantzun zigun gurekin ez zuela ezer negoziatzeko. EH Bilduk baietz erantzun zigun, eta jarrera positiboa jaso dugu. Astero-astero bildu gara.
Zuek lehen bilerara etorri zineten 9 titularrekin, eta gu bigarren bileran ateak zabaldu genizkien, babes zabala nahi genuelako.
Zintzotasunez diot gure sentsazioa positiboak izan direla, baina atzo gaueko erabakiarekin dezepzionatuta gaude. Izan ere, mahai gainean aukera paregabea izan dugulako. Ekobulebarraren gaian ere puntu bateragarriak genituen.
Kepa Urteaga (EH Bildu):
Pozten gara Gobernuak gurekin negoziatzeko borondatea izatea. Eta espero dugu horrela jarraitzea, Herri honentzat baliagarria izango litzatekeelako.
Gure proposamena ez zenuten ezer jakin nahi izan. Guk ezin ditugu Aurrekontu hauek babestu, hein handi batean zementora doalako. Eurobulebarraren moratoria bat eskatu dizuegu.
Honekin 1’5 milioi zorpetuko gara, ez da hobeto zorpetzea herritarren egoera larria hobetzeko zorpetzea. Beharrezkoa da urtean behin erabiliko den ur-parke batera dirutza zuzentzea?
Gu negoziatzen sartu ginen gure Laubide proiektua, beharrezkoa delako, baina zuek Eurobulebarraren obrak lehenago hasi dituzue. Mugitu zarete herritarrak altxatu direnean.
Herriarentzat onuragarriak izango diren puntu asko aurkeztu ditugu. Ekobulebarretik ez duzue zentimo bat kendu nahi izan, baina onartu duzue autobus geltokia lekualdatzea.
Aurtengo exekuzio maila barregarria izan da: arrastaka dakarkizue Musika Etxea (2 urte inguruko atzerapena du), Kulturola (%25era ez da iristen, baina martxorako bukatuta egon behar zuen), Azokaren berritzea, Amaia Antzokia, Eguneko Zentroa, Emakume Txokoaren segurtasuna eta kokapena,…
Herritarrengandik oso urruti dago zuen Aurrekontu proposamena, eta eraikuntza enpresetatik hurbilegi.
Anuska Ezkurra (EAJ-PNV):
Beti diozue porlanaren diskurtsoa, porlana da Musika Eskola, igogailu publikoak,…? Horiek dira herri honek behar dituen proiektuak. Hirigintzaren aurrekontua Gizarte Zerbitzuena baino baxuagoa da.
Guk negoziaketan edukiak aurkeztu genizkizuen. Martxotik gaur arte obrak ere paralizatu dira, baina denek aurrera jarraituko dute. Kulturola urrirako egongo da, edo urte bukaerarako bestela. Baliteke Arrasateko EH Bildu tamalez ez da gai EAJren Aurrekontuen alde bozkatzeko.
Kepa Urteaga (EH Bildu):
200.000 euroko aldea dago Gizarte Zerbitzuen eta Hirigintzaren artean, hau da, ia-ia diru berbera bideratzen duzue. Kulturolaren harira, Moises Altunak dio enpresak ez dituela baldintzei erantzun nahi.
“Ekobulebarra” ez da eko, hori porlan hutsa da, zuhaitzak aste batean inausiz eta hurrengoan moztuz. Horretan zorpetzen gaituzue.
Bi aldeak saiatu gara, baina gero ez duzue testuetatik koma bat ere aldatu, baina ez gaude ados zuen Aurrekontuekin. Eurobulebarreko dirua beste obrak bukatzeko beharko lirateke, eta hainbat herritarren biziraupenerako.
Eta datorren urtean kiroldegi berriarekin etorriko zarete. Horregatik ezkerreko politika baliatzea enplazatzen dugu Partidu Sozialista Obreroa, ezkerreko alderdi bat izan behar zenukete. Isilik betetzen duzue PNVren erabakiak.
Ordea, ez dituzue guk, ezkerreko alderdi baten neurriak konpartitzen. Ikusi dugu, seguruenik herritarrak altxatu direlako, zuek (PNV) guregana etorri zarete.
Anuska Ezkurra:
Bizirauteko dutenentzat? Udal honetan edozein dagoela (EAJ, EH Bildu,…) baliabide nahikoak egongo dira. %14ko igoera izango dute Gizarte Zerbitzuek. Guk Arrasate atseginago baten alde egiten ari gara.
Proiektu guztiak aurrera egingo dute, jendaren onurarako. Baita kiroldegi garrantzitsu bat eta kirol-guneak ere. Esaten dizuegu oztopatzaileak zaretela, baina negoziaketetan jarrera eraikitzailea izan duzue oro har.
Kepa Urteaga (EH Bildu):
Gu Laubide proiektuan sartu gara, zuek “Ekobulebarrean” ez duzuelako alde batera utzi. Zuek ez duzue gure proposamena onartu, kea saldu diguzue.
Joseba Ezpeleta (EH Bildu):
Negoziaketa prozedurari dagokionez, oso positiboki baloratzen dut, baina zehaztu behar da: zuhurra da 3’2 milioi zorpetzea behar ez denean. Diozue Aurrekontu aurrekoiak direla, baina pleno honetan bertan onartu duzue lanpostu ez-duinak sortzea.
Ahal Dugu Arrasate:
Ahal Dugu Arrasatek informatu du Igor Urizar orain arte Elkarrekin Arrasate udal-taldeko zinegotziak kargua utzi duela, eta zerrendako hurrengo pertsona, Eva Abuin-ek ordezkatuko duela.
“Kudeaketa administratiboak medio, Eva Abuinek otsailean hartuko du kargua eta ondorioz abenduko plenoan Elkarrekin Arrasate koalizioak ez du ordezkaritza instituzionalik izango”. Hala ere, 2021eko Aurrekontuen inguruan ondorengoa adierazi dute prentsa-ohar bide:
“Gure ustez aurrekontu hauek ez diete Arrasateko gehiengo sozialen, klase popular eta langile familien, beharrei erantzuten. Zerbitzu publiko eta laguntza sozialak indartzea inoiz baino beharrezkoago denean, pandemia honek sistemaren zuloak azaleratu dituenean, Arrasateko udal gobernuak krisi sozial eta ekonomiko honek sakondu dituen desberdintasunak egonkortu eta areago egingo ditu aurkeztu dituen aurrekontu hauekin. Aurrekontu hauek EAJ eta PSOE-ren programa neoliberalak burutzen dituzte, klase ezberdintasun, patriarkatu, krisi ekologiko edo arrazakeria estrukturalak sendotuz”.
“Gu bestalde eredu honen aurka gaude eta ondorioz EAJ eta PSOEren proiektu politikoaren aurka eta adibide sinboliko batzuen bitartez azalduko dezakegu:
Obra eta zementuaren eskutiko ondasun publikoaren pribatizazioa justifikatzeko EKO hitza erabiltzen dute herriko berdeguneak murrizten dituzten bitartean.
Obra eta proiektu desberdinak tokian bizi diren bizilagunekin ez dituzte lantzen eta aldi berean parte hartze batzorde fantasma bat eratu publikoki partaidetzaz gobernatzen dutela esanez aurpegia garbitzeko.
Gabonetako argien aurrekontua, urtero hazten dena, justifikatze aldera herriko komertzioak laguntzen dituztela diote baina gure herriko auzoetan ez dute argi triste bat ipintzen, hauen abandonu egoera berriz ere azaleratuz.
EAJ-PSOE gobernuak, egoera honetan egonda eta dauzkagun arauekin (taberna itxiak eta etxeratzeko agindua) gau osoan gabonetak argiak piztuta dauzkan bitartean herritar eta familia ugarik argia ordaintzeko edo eta etxea bero mantentzeko zailtasun larriak dituzte hilabetero.
Berriz ere, udal gobernu honek aurrekontu hauekin bizilagunen beharrei bizkarra ematen gobernatzea erabaki du, bere programa pribatizatzaile eta atzerakoia jarraituz 2020-an ezer ez gertatu ez balitz bezala”.
Debatearen ostean, bozketa egin da, eta ondorengoak izan dira emaitzak:
- Alde: 12 (EAJ-PNV eta PSE)
- Aurka: 7 (EH Bildu)