“360.000 pertsona daude sozialki baztertuta Euskadin, eskualdean 2.376 lagundu genituen iaz”

0
465

Caritasek hitzaldia eman zuen atzo arratsaldean Kultuarten: ‘Gizarte-baztekeriaren eragin desberdina Euskadin’. Ekitaldiak Udaleko Gizarte Zerbitzuen laguntza izan du.

Arrasateko Caritasek atzo azaldu zuen Debagoienean 980 pertsonak iaz Caritasi laguntza eskatu ziotela, eta Caritasen laguntzaren onuradunak eskualdean iaz ere 2.376 pertsona izan zirela.

Hauetatik 1.056 emakumeak dira eta 1.320 gizonak. Era berean, migratzaileak 1.738 izan ziren eta espainiar nazionalitatea zutenak 638.

Caritasen laguntza gure eskualdean iaz jaso zuten pertsona guztietatik (2.376 pertsonetatik) 210 adinez txikikoak ziren, 1.777 pertsona 18 eta 44 urte bitartekoak ziren, 323 pertsona 45 eta 65 urte artekoak, eta 66 pertsona 65 urte eta gehiagokoak.

Pertsonak lan-munduratzeko ahaleginean, Caritasek Bidean zentroa martxan dauka. Halaber, elikagai-bankuko kudeaketan parte hartzen du, lan-poltsetan 120 familiarekin bitartekotza-lanak egin zituen iaz, eta beste gizarte-zerbitzu batzuekin elkarlanean dihardu (Gurutze Gorria, CEAR,…).

Jarduera horiek guztiak antolatzeko eta aurrera eramateko iaz 147.583 € baliatu zituen eskualdeko Caritasek. Atzoko hitzaldian ere Autonomia Erkidegoko errealitatea islatu zen:

360.000 pertsona sozialki bazterturik daude 2022an Euskadin, hau da, herritarren %16, diagnostiko soziologiko batek azaleratu duenez.

“Covida baino lehen 306.000 ziren, eta bi urtetan 56.000 gehiago dira”. Caritasen inkesta soziologikoa etxerik etxe egin dute, eta “beraz etxerik ez duten pertsonak ez dira datu hauetan sartzen”.

Inkesta horrek inkestatu bakoitzari 131 galdera egin zizkion, eta beraz errealitatearen “diagnostiko sakona da”.

Inkesta berri honetan aldagai berriak aintzat hartu dituzte, “Covidarekin harreman zuzena daukatenak, adibidez arrakala digitala, osasun mentala eta beste pertsonekiko harremanak”.

Baztertu sozialak “ez dira soilik kalean bizi diren pertsonak, izan ere, familiak, migratzaileak, adinekoak, umeak, aniztasun funtzionala sufritzen dutenak,… ere badira. Perfil asko daude, eta bazterketa soziala uste baino hurbilago daukagu”.

Caritasek azpimarratu zuen, pertsonaren diru-sarrerak kontuan hartzeaz gain, pertsonaren gastuak ere aintzat hartu behar direla, areago inflazio garai hauetan.

Halaber, Osakidetzak ez du behar bezalako arretarik ematen sozialki bazterturiko pertsona askori, eta “pobrezia larrian bizirauten duten pertsonak gehiago dira orain Euskadin”.

Hitzaldian ere Udaleko Gizarte Zerbitzuek parte hartu zuten, euren eginkizunak zein diren eta zertan eragiten duten azalduz.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen