Ezin hitzekin azaldu une honetan sentitzen dudana. 34 urteren ondoren sakabanaketa amaitzen dela azken bost euskal presoen Euskal Herriratzeakin jakin berri dugu. 1989an mendeku eta gorrotoan oinarritutako espetxe politika hiltzaile, ilegal eta kriminal baten bukaerara iritsi omen gara.
Urte horietan guztietan eskubide urraketak etengabeak izan dira, gure senide presoentzat ez ezik, etxean ginenontzat. Ezin baititugu ahaztu sakabanaketaren ondorioz hil diren 16 senide eta lagunak. Sakabanaketak ahalbidetu zuen osasun-asistentzia txarra, hainbat presoren heriotza ekarriz. Ezin ahaztu ikasteko eskubidearen debekua, kriminalizazioa nola hasi zen eta ondoren ezin hori gauzatu. Ezin dugu ahaztu espetxeetan ehunka kilometrotara izan arren jasotzen zuten elkartasun eta maitasun uholdeak mozte asmoz nola sortu zituzten bisitetarako lagunen hamarreko zerrendak. Ezin dugu ahaztu nola sumario berriak asmatu zituzten beraien kaleratzeak ekiditzeko asmoz eta doktrina madarikatu baten izenean espetxean urteak oparitu zituztela. Ezin dugu ahaztu kalean beharko luketela askok hirugarren graduarekin eta horren ordez, berriz espetxera bidaltzen ari direla. Urteak daramatzagu beraien legea dena bete dezatela eskatzen.
Urte hauetan guztietan zehar itzelezko kostu ekonomikoa suposatu digu sakabanaketak senide eta lagunei, gure bizitza baldintzatzeraino. Izan ere, hilean bi, hiru bisita egin behar izan ditugu unearen arabera beraiek bisitarik gabe geratu ez zitezen. Ate denak ukitu ditugu espetxeetako egoeraren berri emateko asmoz. Ez dira batere errazak izan 34 urte hauek. Baina duintasunez bizi izan ditugu eta nola ez, maitasunez. Horren adibide ditugu egindako harremanak espetxetarako autobusetan, furgonetetan, senideen bileretan… zenbat irrifar konplize, malko, besarkada bero! Harrotasunez eta emozioz betetzen nauten pasarteak, bizipenak… gogoratze hutsak, emozionatzen nautenak. Anekdotak diruditenak orain!
Apirilaren 2an gure herritarra den Unai Parotek 33 urte espetxean beteko ditu, espetxe politika anker honen eredu garbia dugu bera. Unaik kalean beharko luke egon legea, beraien legea, aplikatu ezkero. Baina beste behin bere kaleratzea exijitzea tokatzen zaigu eta bai, eginen dugula.
Zalantzarik gabe berri pozgarria da gaurkoa baina badago oraindik bidea egiteko. Etxean faltan ditugu senide asko oraindik ere, espetxean edo erbestean jarraitzen dutelako eta iada gurekin nahi ditugu. Urte hauetan guztietan bidelagun izan zaituztegun denoi eskerrak eta besarkadarik beroena. Elkartasuna zer den ongi baino hobeto erakutsi dugu eta!