33 neska-mutikok saskibaloian Ointxerekin hobetu dute Campusean

0
449

Ekimen honen “erronka da jokalariek euren maila hobetzea”, eta 8 lagun aritu dira monitore-irakasle lanetan.

Argazkiak: Ointxe.

Campusa azken hiru egunetan eraman da aurrera Musakola kiroldegian, goizetan, Ointxek antolaturik.

Bertan hiru lantalde aritu dira: infantileko talde mistoa, alebin-aurrealebin talde bat eta benjaminen nesken taldea.

Ointxek baloratu du “oso pozik gaudela, dinamika oso positiboak izan dituzte hiru taldeek, eta gauza asko ikasi ditugulako”.

‘Jota’k (Euskal ligako kadetean eta EBAn entrenatzen du) eta Luiskarrek (Euskal ligako juniorrean entrenatzen du) infantilen taldea zuzendu dute.

‘Arri’k (Emakumeen senior taldeko entrenatzailea eta gizonen seniorreko taldeko teknikoko kide) alebin-aurrealebin taldea zuzendu du. Laguntzaile-lanetan Irati eta June aritu dira.

Campusaren erronka izaten da “jokalariek euren maila hobetzea, eta nik uste beste behin lortu dugula. Orain irrinkitan hurrengo Campusa egiteko”.

33 neskatila-mutikok parte hartu dute Aste santuko Campusean, eta hainbat gauza irakatsi dizkiete:

“Infantiletan landu dituzte botearen perfekzioa, amaierak (saskipean eta saskitik urrutiago), jaurtiketa eta jokoaren irakurketa. Horretarako, egoerak prestatzen ditugu eta azaltzen diegu egoerei nola erantzun”.

“Alebinetako irakaspenak didaktikoagoak dira: zirkuituak, 0 urratsa, amaierak eta 1×1 egoerak (bai defentsan baita erasoan ere)”.

“Aurrealebinekin eta alebinekin jolas gidatu asko egin ditugu, baloiarekin, kanastarekin, txapelketa ezberdinak, jaurtiketa txapelketak, jaurtiketaren teknika apur bat, botea,… Jolasen bidez lan ona egin dute, eta oso pozik gaude”.

Zortzi monitore-entrenatzailek jardun dute Campusean, “beraz 4 jokalariko monitore-entrenatzaile 1 jardun dugu, ratio oso ona”.

Kontuan hartzekoa da haur asko “dagoeneko familiarekin oporretan joan direla eta beste asko oraindik eskolak dituztela. Horrek alde on bat eragin dio Campusari: ratio oso ona izan da, eta beraz pertsonalizatuagoa izan da”.

“Jendea izena ematera animatzen dugu, izan ere, oso ondo pasatzen dugu eta adibidez Campuseko txanda bakoitzaren azken egunean oparidun txapelketak ospatzen ditugu”.

Udarako ere Campusa antolatzen hasi da Ointxe, eta ekainaren amaieran hasiko da. Denera “4 aste iraungo du eta goizez egingo da. Gainera, duela bi urte bezala, Getarian saskibaloi eta surf egonaldi bat egingo dugu”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen