32 neska-mutiko ikasten ari dira Arrasate Eskubaloirekin campusean

0
683

Kirol honen oinarriak eta ariketa dibertigarriagoak irakasten ari zaizkie klubeko 7 lagun inguru, hauen artean senior taldeko entrenatzailea.

Gaur goizean martxan jarri da Aste Santuko Campusa Iturripe kiroldegian, Arrasate Eskubaloi klubak antolatuta.

2010etik 2014ra bitartean jaiotako haur eta gaztetxo ugari ari dira bertan, arrasatearrak eta hainbat oñatiar ere.

“Denera 32 neska-mutiko etorri dira eta pozik gaude” baieztatu du Ane Herrero monitore nagusiak, “gainera generoari eta adinari dagokienez, kopuru orekatuak ditugu”.

Ane klubeko senior taldeko entrenatzaile nagusia izateaz gain, egunotan monitore-lanetan dihardu canpusean, klubeko beste 7 partaide ingururekin irakasten.

Lagun hauek haurrei eta gaztetxoei oinarrizko ezagutzak irakasten ari zaizkie “eta hori printzipioz hain dibertigarria ez denez, ariketak ere egiten ditugu, batzuk konplexuagoak eta beste batzuk sinpleagoak”.

Adibidez, “jaurtiketa, pase onak emateko gakoak (gorputzaren postura egokia esaterako), pausoak, bikoitzak, koordinazio egokia,…” ikasten ari dira.

Campusaren helburuak bi dira nagusiki: “neska-mutilek ondo pasatzea eta ea esperientzi on horri esker neska-mutilek eskubaloian jarraitzea”.

Goian aipatu bezala, irakasle lanetan seniorreko, jubenileko eta infantileko zenbait jokalari ere badabiltza. Izan ere, “horretan aritzea eskatzen diegu klubeko jokalariei batzuetan, horrela ere ikasten delako, ondo pasatzen delako eta ikuspegi berri batetik begiratzen diotelako eskubaloiari (eurak normalean ikasleak dira, baina campusean neska-mutil gazteagoei irakasten diete)”.

Izen-ematea dagoeneko itxita dago, martxoaren 31ra arte zabalik egon baitzen. “Eskatzen dugu izen-emateak datozen campusetarako garaiz egitea, izan ere, inor kanpoan uztea aurreikusten ez dugun arren, Antolakuntzatik eskertzen dugu izen-emateak epea barruan egitea”.

Horretarako aukera berri gehiago izango dira datozen hilabeteetan: “Maiatzean 4×4 egingo dugu Musakolako Jaietan eta udarako ere campusa antolatuko dugu”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen