300 lagunek parte hartuko dute Akordeoi jaialdi eta lehiaketetan

0
357

Hauspoz elkarteak antolatuta, abenduaren 8tik 10era izango dira JAMEn, Kulturaten eta Amaian. Gainera, Aita Mennin eta Jubilatuen Etxean kontzertuak izango dia.

Bueltan datoz akordeoiaren hitzorduak, eta gaur goizean aurkezpena egin dute Hauspoz elkarteak eta Udalak.

Aurten, Gipuzkoako Jaialdiaren XXXV. edizioa ospatuko da, Gipuzkoako Lehiaketaren XLIII. edizioa eta Arrasate Hiria Nazioarteko Lehiaketaren XXX. edizioa.

Arrasate Hiria Nazioarteko Lehiaketa, Hauspoz elkarte antolatzaileak azpimarratu duenez, Euskal Herriko eta estatu mailako garrantzitsuena dugu, “eta nazioarteko hiru garrantzitsuenen artean dago, Alemaniakoarekin eta Italiakoarekin batera”.

Hango eta hemengo 17 soinujolek esku hartuko dute aurten, hainbat nazio eta estatutakoak: Eskozia, Txina, Serbia, Italia, Ukraina, Alemania, Portugal, frantziar estatua, espainiar estatua eta Euskal Herrikoak.

Izan ere, Julen Murga sestaoarrak lehiaketan parte hartuko du, baita Musikenen, hau da, Euskal Herriko goi mailako kontserbatorioan, Jessica Reis ikasle portugaldarrak ere.

Gipuzkoako Lehiaketari dagokionez, 26 neska-mutil ariko dira guztira haur, junior eta senior kategorietan. Hauspozek nabarmendu du txapelketa hau “estatuan antolatzen diren akordeoi-lehiaketen artean osoena eta zailena” dela, “pedagogia oinarria goi mailakoa”.

Gipuzkoako Jaialdia, ordea, ez da lehiakorra eta heztea du helburu. 246 lagunek parte hartuko dute aurten, bakarka, taldeka nahiz ensenble gisa.

Hitzordu hauen harira, ongietorria ospatuko da udaletxean hainbat parte-hartzaileri eta nazioarteko epaimahaikideei zuzenduta. Abenduaren 8an izango da (ostirala) eguerdiko 13:00etan.

Aita Menni Zentroan eta Jubilatuen Etxean ere akordeoi emanaldiak izango dira. Julen Murga eta Kressimir Lucic ariko dira, abenduaren 2an 11:00etan, eta abenduaren 6an 18:00retan, hurrenez hurren.

Hortaz gain, Eibarko Musika Eskolako ikasleen eta akordeoi irakaslearen eskutik, abenduaren 8ko goizean kalejira izango da Erdialdeko kaleetan zehar.

Azkenik, Akordeoi Jaialdiaren sari banaketa abenduaren 9an izango da (larunbata), 20:00retan, Amaia Udal Antzokian. Gipuzkoako Lehiaketaren eta Arrasate Hiria Nazioarteko Lehiaketaren sari banaketak abenduaren 10ean egingo dira (igandea) 20:00retan eta Amaian.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen