Argazkia: MB Artxiboa.
20 urtetik gora dira Unai ezagutu nuela espetxean. Valdemoron edo Kordoban izango zen, bixitan. Euskara ikasten ari zen eta bixiten erdia egiten genuen euskaraz, kosta egiten bait zitzaion euskaraz osorik egitea. Bakarturik eta gainontzeko euskal preso politikoekin harremanak urriak izanda ere temati ikasi zuen geure hizkuntza.
Gerora neuk egin ditut kasik 17 urte preso eta Unaik han jarraitzen du, giltzapean, Puerto III espetxean. 30 urte bete berri ditu, apirilaren 2an.
Nelson Mandela aske utzi zuten urte berean atxilotu eta basatiki torturatu zuten, baina, nahikoa ez eta tortura zuria orduantxe hasi zen Unairentzat, etxekoentzat zein lagunentzat. Muturreko egoeran egin ditu azken hiru hamarkadak eta, oraindik ere, gradurik zorrotzenean daukate zigortuta. Salbuespena arau bihurturik.
Ez da astakeria esatea espetxean hiltzea opa diotela “demokrata” zintzoek. Aitortuko ez duten arren opa eta topa egingo lukete horrela balitz. Bakea, giza eskubideak, demokrazia, behin eta berriro darabiltenen zinismoa. 80. hamarkada bortitzean ETAk erabilitako biolentziaz gain Estatu Espainiarrak dozenaka hildako eragin zituen talde polizial eta parapolizialen eskutik, milaka izan ziren atxilotuak eta torturatuak, izua hedatu zuen Euskal Herrian luze zabalean, baina, biolentzia horren guztiaren ondorioz, nortzuk jarraitzen dute preso eta ihesean? Zein aldetakoek? Zergatik? Legeak bihurritu dituzte espetxe onurak ukatzeko, zigor berriak ezarri dizkiote ETAn sartu-irten nahieran ibiliko balitz bezala, 11 urteko zigor gehigarria ezarrita. Bai, badakite lege arrunta erabili izan balute kalean aspaldi beharko lukeela baina, uneoro “justizia” ahotan darabiltenek ezin gorroto eta mendeku gosea asetu. Ezin Unai, Jon, Txistor eta Jakes aske ikusi.
Eta, 30 urteotan zer Unai? Askatasun goseari etsi gabe eutsi diozu, hiru alaba (motxiladun umeak izendatzen ditugunak) izan dituzu baldintza gogorrenetan, luzaroan ikusi gabeko ama joan zitzaizuen, aitona ere egin zaituzte eta ez diozu ASKE izan eta amets egiteari uko egin. Neurri berean geuk ere ez diogu sekula uko egin zuek gure artean izateari.
Ez dugu sekula etsiko zuek gurera ekarri arte. Koronabirusak konfinamendu egoeran jarri gaituen honetan, espetxeak are gehiago inkomunikatu dituzten garaian, egun gutxitan psikologoak elkarrizketatu dituzte itxialdi egoerak zein ondorio dituen ezagutu nahian. Psikologo taldeak osatu dituzte beharra duen jendea artatzeko. Eta, orduan, espainiar erregimenaren birusak ezarritako zuen 30 urtetako muturreko bakartzea, bortxazko konfinamendua, setio egoera datozkit burura.
Birus mozorroa duen etorkizun distopikoa marrazten diguten honetan bizitzea merezi duten bizitzak amestu eta eraiki gura ditugu. Kolektiboki pentsatuak. Non eskubide guztiak guztiontzat izango diren. Eta, Euskal Herrian, zuen kaleratzea ezinbestekoa zaigu elkarrekin askatasuna, konponbidea, bakea eraikitzeko.
Berandu baino lehen Euskal Herrian eta aske izango zaitugulakoan. Besarkada estu-estua Unai.