31 eragilek martxan “Unai legez kalean behar lukeela” aldarrikatuko dute

0
737

Beheko testua eta argazkia: Sare Arrasate.

Unai Parotek estatu Espainolean bete daitekeen zigorrik handiena bete du dagoeneko: 30 urte. Zigorra beteta duenez, kalean egon beharko luke, baina espetxean zegoela berriz epaitu zuten ETAko kidea izateagatik. Inoiz ez dute egin horrelakorik euskal presoen kasuan. Legeak dio gauza berarengatik ezin dela inor epaitu berriz, baina Unairi beste 11 urteko espetxe zigorra jarri zioten, Estrasburgon Parot doktrina deiturikoa atzera bota zutenean.

31 kilometroko Elkartasun martxa antolatuko dugu irailaren 18an. 31 kilometro, 31 urte daramatzalako Unaik espetxean. Bizi arteko zigorra behingoz amaitzea eskatzen dugulako. 31 kilometro horiek Arrasateko eragileek egingo dituzte; gaur hemen elkartu garen Arrasateko euskaltzale, pentsionista, kirolari, auzo-elkarte, ostalari, dendari, feminista, zinegotzi eta alkate ohi, sindikatukide, musikari, dantzari, dispertsioa zuzenean ezagututako presoen senide eta beste hamaika lagun eta erakundek.

Ez dugu ukatuko azken hilabeteotan urratsak egin direla preso guztiak Madrildik goragoko espetxeetara gerturatzean, senideei bidaietako zama pixka bat arindu diela neurriak, baina hori ez da nahikoa. Legea betetzea besterik ez dugu eskatzen.

● Euskal preso guztiak Euskal Herriko espetxeetan egon behar dute.

● Gaixo dauden presoak eta 70 urtetik gorakoak etxean egon behar dira.

● Gradu progresioa aplikatuz, baimenekin ateratzeko aukera izan beharko lukete.

● Hiru laurdenak beteta dituztenak etxean egon behar dira baldintzapeko askatasuna aplikatuz.

● Salbuespenezko legeekin epaitutakoei legedi arrunta aplikatu behar zaie.

Eta Unairen kasuan bere etxeratzea esan nahi du horrek. Legea bete ezkero Unaik etxean behar luke. Hori da martxa honetan eskatuko duguna.

Irailaren 18ko martxa eguerdiko 12:00etan hasiko da Biteri plazan. Animazioarekin egingo ditugu 31 kilometroak herrian zehar eta lekukoa eramango dugun pertsonok gainontzeko herritarrak ere animatu nahi ditugu martxan parte hartzera. Eragileokin batera nahi duenak nahi adina kilometro egin ditzake.

Guk deialdi berezia burutu nahiko genuke: lehenengo Km-a eta azken hirurak denok batera egiteko deialdia egiten dugu.

● 12etan hasiko da martxa Biterin. Lehen lekukoa urteetan zehar dispertsioa jasan duten presoen senide eta lagunek eramango dute.

● 18etan azken 3 erreleboak denok batera, manifestazioan, egiteko deialdia egiten dugu. Azken lekukoa Oihana Parotek, Unaien alabak, eramango du.

Aldarrikapen hauek lortzeko gizartearen aktibazioa eta mobilizazioa ezinbestekoak izango dira. Elkarbizitza, konponbidea zein bakea erdiesteko ezinbestekoa da herritarrok antolatuko diren ekintzetan parte hartzea.

Beraz, hartu parte irailaren 18an egingo den martxan, egin zuk nahi adina kilometro, presoen eskubideak aldarrikatzeko, Unairen etxeratzea eskatzeko.

Unai etxeratzeko BIDEA GARA!

  • Beheko zerrendan, martxan parte hartuko duten eragileak:
  • Presoen senideak eta Mirentxin gidariak
  • Sindikatuak
  • Motorzaleak
  • Eskualdeko Sare
  • Elkarte Gastronomikoak SUDC
  • Artistak
  • Dantzariak
  • Mugimendu Feminista
  • AGAKO
  • Txistulariak
  • Zigarrolako auzo elkartea
  • kirolariak
  • Konpartsa (kilikiak, gaiteruak)
  • Pentsionistak
  • Preso eta iheslari ohiak
  • Mendizaleak
  • Aktoreak
  • Hezkuntzako langileak
  • Tabernariak (SOStalaritza)
  • TTAK eta EHE
  • Trikitilariak
  • Nekazariak (Erein da jan, kontsumo taldeak…)
  • Jai batzordeak
  • Morbor
  • Txalapartariak
  • Euskalgintza
  • Alderdi politikoak
  • Txatxilipurdi
  • 31 urte dituztenak
  • Musikariak
  • Oihana Parot

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen