“3. lineatik 7:35eko zerbitzua soilik mantendu da, astelehenetik ostiralera”

0
303

Udalak adierazi du “probaldian ikusi dugula zerbitzu gehienak erdi hutsik ibiltzen zirela”. Ondorioz, “erabiltzaile kopuru onargarria zuen zerbitzua soilik mantendu dugu”.

Argazkia: MB artxiboa.

“3. linea proba gisa jarri zen – adierazi du Udalak – 12 eta 18 hilabete arteko probaldian. TAOaren harira abiatu zen, jende batek 3. linea eskatua zuelako, Arruenatik lanzadera gisa erabiltzeko”.

Hala ere, azken 13 hilabeteetan “ikusi dugu jendeak ez duela linea horren beharrik, eta linearen onuradun nagusiak ikasleak izan direla”.

Ikasleek gehien erabili duten zerbitzuak “07:35ekoa izan da, goizeko lehenbizikoa, Zalduspetik Unibertsitatera, lanegun guztietan”.

Horregatik “zerbitzu hori bere horretan mantendu da”, “erabiltzaile kopuru onargarria duelako, eguneko beste zerbitzuek ez bezala, erdi hutsik ibili baitira”.

Hirugarren lineako orain arteko autobusa hibridoa denez, “modu elektrikoan egin ditu joan-etorriak probaldian, gasolina oso gutxi kontsumituz”.

Mantendu den zerbitzua “bi autobus txikirekin beteko dugu, 1. eta 2. lineetako autobus batzuekin. Izan ere, goizetako zerbitzu derrigorrez bete behar da, ezin dira ikasleak kalean utzi”.

“Autobus horiek gaur hasi dira zerbitzu hori eskaintzen, eta orain arte 3. lineako autobus hibridoa, enpresaren jabetza dena, erreserban egongo da, enpresak autobus hori beste toki batean erabili behar arte”.

Linea hau “iazko uztailaren 19an jarri zen martxan, eta aurtengo irailaren 30ean amaitu da”. “Avanza enpresak bazekien 12 eta 18 hilabete arteko probaldi bat izango zela. Emaitzak ikusita, erabakitzekoak ginen lineak jarraitzea edo etetea”.

Udalak adierazi duenez, mantendu den zerbitzua “astelehenetik ostiralera artekoa da, ikasketa garai osoan. Hau da, ikasketa garaia ekainaren 30an amaituko bada, egun horretara arte egongo da zerbitzua martxan. Uztailaren 31ra arte bada, ba egun horretara arte,…”. Zerbitzuak orain arteko “geldialdi berberak egingo ditu, Eroski eta Garaia artean”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen